Zer lan jarduera daude lanean?

Funtsezkoak ez diren jarduera batzuetan ere lanean hasiko dira gaur Hego Euskal Herrian. Amaitu da Espainiako Gobernuak duela bi aste horiek geratzeko atera zuen dekretua.

Sidenorren bihar itzuliko dira lanera. LUIS TEJIDO, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko apirilaren 13a
10:25
Entzun

Apirilaren 9an amaitu zen Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerei geratzeko duela bi aste eman zuen agindua, eta Aste Santuko oporraldiaren ostean, gaur berriro milaka langile lantokira itzuliko dira. Egoera martxoaren 14tik aurrera izan zena izango da berriro bihartik. Dekretu horretan, konfinamendua ezarri eta mugitzeko askatasuna murriztu zuen gobernuak, eta zer lan jarduera baimentzen diren zehaztu zuen: tartean, industria eta obra berrien eraikuntza. Hauek ziren xehetasunak:

-Osasun, segurtasun, telekomunikazio eta aduana jarduerak daude baimenduta, baita beharrezkoak diren elikagaien ekoizpena, horniketa eta banaketa eta argindarraren, petrolioaren eratorrien eta gas naturalaren horniketa ere.

-Enpresen eta horiek funtzionatzeko osagarri diren beste enpresek funtzionatzeko ezinbestekoak diren jarduerak ere baimenduta daude —osagaiak, garbitasuna, segurtasuna, mantentze lana, konponketa eta pertsonen eta markantzien garraioa—  . Zabor bilketa eta ur hornikuntza ere bai.

-Garraio publikoa babesten da, baina eskaintza murriztuta. Bihartik aurrera, maskarak banatuko dira distantzia mantentzea zaila duten langileen artean.

-Justizia administrazioak lanean jarraitzen du, eta horrekin batera horri lotutako zerbitzuak, hala nola notariotzak eta gestoriak, ezarritako zerbitzuen arabera.

-Taberna eta jatetxeek ezin dituzte ateak ireki —soilik etxeetara eman dezakete zerbitzua—, eta diskotekak, kultur, aisialdi eta kirol azpiegiturak, jolas parkeak eta auditoriumak itxita egongo dira. Dantzaldiak, desfileak, festak eta folklore ikuskizunak debekatuta daude.

-Merkataritzan, soilik elikagaik saltzen dituzten saltokiak, farmaziak, osasun zentroak, optikak, ortopediak, prentsa eta paperak saltzen dituztenak, tabako saltokiak, gasolindegiak, etxeko animalientzako jana saltzen dutenak, teknologia saltzen dutenak, garbigailu zerbitzua eskaintzen dutenak eta Internet bidezko salmenta daude baimenduta.

-Ile apaindegiek soilik zaurgarri direnei eman diezaiekete zerbitzua, haien garbitasuna bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.