Saskibaloia

Euroliga jokatzekotan, uztaila baino lehen izan beharko duela iragarri du Jordi Bertomeu zuzendariak

Azaldu du aurtengo lehiaketa bukatzeko aukera litzatekeela Zortziko Finala jokatzea, betiere osasun neurri guztiak bermatzeko moduan baldin badira. 

Baskoniak Alba Berlinen aurka jokatu zuen oraingoz sasoi honetako Euroligako azkeneko partida. FOKU
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 16a
14:25
Entzun

Euroligak badu plangintza bat aurtengo denboraldiari amaiera emateko. Hala iragarri du Jordi Bertomeu zuzendariak komunikabideei eman dien sareko prentsaurrekoan. Data baten berri eman du, eta hortik aurrera ezingo litzateke jokatu: "Uztaila baino lehen eman beharko genioke amaiera lehiaketari; hortik aurrerago ezin da".

Jokatzeko formatua Zortziko Finala litzateke, pabiloi batean, ahal dela, ohiko kanporaketak kenduz lehen zortzi taldeen artean. Hortaz, betiko Lauko Finalaren ordez zortzikoa izango litzateke, sailkapenak egun erakusten duen hurrenkeran. Hortaz, zortzi aurrenekoek jokatuko lukete. Lehia eten zenean, Baskonia 13. zegoen.  

Gerta daiteke arazoak izatea jokalariekin, horietako batzuk haien herrialdeetara itzulita baitaude, taldearen baimenarekin. Bertomeuk azaldu duenez, lehiaketa jokatzen hasiko balitz berriz, nahikoa jokalari ez dituzten taldeek ezingo lukete jokatu, eta haren lekua sailkapenean zortzigarren postutik atzera dagoen lehen taldeak beteko luke. Azaldu duenez, taldeei jakinarazi zieten ez uzteko jokalariei beren herrialdeetara itzultzen, baina iritziz aldatu zuela Euroligak jokalarien elkartearekin hitz eginda gero. Kluben ardurapean utzi du jokalari horiek berriz taldera itzultzea. Bestalde, taldeek ezingo lukete jokalari berririk fitxatu balizko Zortziko Final horretarako, eta denboraldi honetako talde berarekin jokatu beharko lukete. 

Aukera horiek guztiak gauzatzeko, Bertomeuk garbi esan du zein den baldintza: "Eragile guztien osasunak bermatuta egon beharko du. Hala ez bada, ez dugu amaituko aurtengo denboraldia". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.