Zinema

Brian Dennehy aktorea hil da, 81 urte zituela

Senideek eman dute heriotzaren berri, eta argitu dute ez dela COVID-19aren ondorioz zendu. Aktoreak Rambo: First Blood (1982) eta Cocoon (1985) filmetan egin zuen lan, besteak beste.

Brian Denney aktore estatubatuarra, 2009ko irudi batean. BERRIA
itziar ugarte irizar
2020ko apirilaren 16a
21:14
Entzun

Brian Dennehyk filmografia benetan zabala utzi du atzean. 1970eko hamarkadan hasi zuen zinemagintzako ibilbidea, eta garai hartarako proposamen nahiko ausartak ziren lan batzuetan hartu zuen parte; besteak beste, Richard Brooken Looking for Mr. Goodbar (1977) filmean. Garai hartan egin zituen, halaber, F/X - Murder by Illusion (1986) eta Legal Eagles (1986), azken hori Robert Redfordekin eta Debra Wingerrekin batera. Zinema komertzialago batera ere egin zuen jauzi, eta hor dira bereziki nabarmentzekoak Rambo: First Blood eta zientzia-fikziozko Cocoon. Azpimarraz ageri dira, baita ere, 1990eko Presumed Innocent, Harrison Fordekin batera egina, Romeo + Juliet (1996) eta Knight of Cups (2015).

Denney asko aritu zen akziozko eta thriller istorioetako pelikuletan, ez akaso protagonista bezala, baina bai pertsonaia esanguratsuak interpretatuz. Baina batez ere antzerkian garatu zuen ofizioa, eta bi Tony sari irabazi zituen esparru horretako lanari esker, Long Day's Journey into Night eta Death of a Salesman obrekin. Hain zuzen, Arthur Millerrek idatzitako Death of Salesman lana telebistarako egokitu zuten gero, eta hark ere beste sari bat ekarri zion aktoreari, 2001ean: Urrezko Globo bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.