Berrogeialditik irteteko plana aurkeztu du AEBetako presidenteak

Hiru fase izango ditu Amerika berriro irekitzen egitasmoak, eta, besteak beste, taberna, jatetxe eta gimnasioak zabaltzea aurreikusten du.

Donald Trump AEetako estatuburua. CHRIS KLEPONIS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 17a
11:45
Entzun

AEBetako presidente Donald Trumpek hiru faseko plan bat aurkeztu du, COVID-19ari aurre egiteko neurri murriztaileak indargabetuz joateko. Trumpek adierazi du «azken datuak» dituela oinarri Amerika berriro irekitzen plana abian jartzeko.

Taberna, jatetxe eta gimnasioak irekitzea aurreikusten du planak, baita beharrezkoak ez diren bidaien itzulera ere. Halere, segurtasun tartea mantentzeko eta tenperatura neurtzeko deia egin die langileei. Hainbat estatuko gobernadoreen kexak entzun behar izan ditu Trumpek, eta erabakiak hartzeko baimena emango die azkenean. Esaterako, plana martxan noiz jarri erabaki ahal izango dute, koronabirusak eremu bakoitzean duen zabalkundearen arabera.

«Gure adituen datuak oinarri hartuta erabaki dugu gerra honetako hurrengo fasea abian jartzea, hau da, Amerika berriz irekitzea. Ez dugu dena aldi berean zabalduko, kontu handiz baizik», esan du estatuburuak. Planak «hautatze oinarriak» ere zehazten ditu, besteak beste, sintomak dituztenen mugimenduak murriztea bi astez eta osasun langileei proba gehiago egitea.

Banako eta enpresarientzako aholkuak ere biltzen ditu egitasmoak. Banakoei eskatzen diete etxean geratzeko sintomarik nabaritzen badute, eta enpresariei galdegiten diete langileei probak egiteko, eta horietan positiborik agertuz gero langile horren jarraipena egiteko.

Trumpen arabera, kasu gutxien duten estatuek gaur bertan zabaldu ahal izango lituzkete denda eta negozio txikiak, betiere planaren aholkuei jarraituz gero. «Ipar Dakota, Montana eta Wyomingen egoerak ez du zerikusirik New York eta New Jerseykoarekin. Bihar [gaur] bertan irekitzen has daitezke, baldintzak betetzen dituztelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.