Koronabirusa

Mitxel Lakuntza: «Ezin da kudeaketa txar bat estali datuak ezkutatuz. Oso larria da hori»

ELAko idazkari nagusiak osasun eta anbulantzia zerbitzuen, garbiketa azpikontrata publikoen eta zahar etxeen publifikazioa eskatu du, «lan baldintza duinak eta zerbitzu ona» bermatzeko modu bakarra delako.

Mitxek Lakuntza, agerpen publiko batean.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko apirilaren 17a
12:02
Entzun

«Esker on txaloetatik eta aitortza sozialetik benetako aitortza politiko eta profesional batera pasatzeko garaia da. Aitortza hori garbira pasatu behar dute gobernuek». Horrela laburbildu ditu Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak «bizitzarako funtsezkoak diren lan eta zerbitzuetako» lan baldintzak hobetzeko aurkeztu dituen proposamenak.

Oraingoz bost sektoretarako proposamen zehatzak aurkeztu dituzte, eta aurrerago gehiago gehituko zaizkie. Bost sektoreak hauek dira: zaintza lanak, osasungintza publiko eta pribatua, garbiketa, anbulantziak eta elikagaien komertzioa. Lehen lauretan bat errepikatzen da: «Erabateko publifikazioa». Sindikatuaren ustez «desmerkantilizazioa» baita «lan baldintza duinak eta zerbitzu ona bermatzeko modu bakarra».

Lakuntzak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari egin die eskaera: «Horretarako, baina, sektore horiekin arduratuago egon beharko lukete obrak eta fabrikak martxan jartzearekin baino». Alde horretatik, «hipokrisia» leporatu die, orain funtsezko zerbitzutzat jo eta goratzen dituzten arren aurretik besteak beste «zahar etxeak negozio bihurtu dituztelako» eta «Osakidetzan behin-behinekotasuna %40koa delako».

ELAko idazkari nagusiak zahar etxeen kudeaketan sakondu du, eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiari mintzatu zaio: «Jakinda ze egoeratan gauden, benetan pentsatu daiteke alarma ez dagoela justifikatuta? Nola esan daiteke horrelako astakeria? Ezin da kudeaketa txar bat estali datuak ezkutatuz. Oso larria da hori».

«Protokolo guztiek huts egin dute»

ELAk zortzi zahar etxetako baldintzak salatu ditu epaitegietan, eta lautan arrazoia eman diete, baita behin-behineko neurriak agindu ere. Sindikatuak salaketa gehiago egingo dituela aurreratu du. «Protokolo guztiek huts egin dutelako. Aldundiek badakite zahar etxeetan ez direla bermatzen segurtasun neurriak».

Sindikatuak gogoratu du ezen martxoaren 18an, «kutsatu bakar bat ere ez zegoenean”, proposamen zerrenda bat bidali ziela aldundiei, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso. «Badakite gauzak ez direla ondo egiten ari. Arreta ez da nahikoa, eta langileak falta dira. Gaizki eta berandu doaz». Lakuntzak Gipuzkoako zahar etxeetako langileen jarrera goratu du, 250 eguneko greba bertan behar utzi baitzuten lan egiteko, eta arreta hobetzeko neurriak hartzea delako haien oinarrizko eskakizunetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.