Baionan hiru lagun atxilotu dituzte erizainen aurkako mezuak zabaltzeagatik

Baionako Arrouset auzoko hiru lagun atxilotu ditu Frantziako Poliziak. Auzoko hainbat erizain eta osasun langilek salatu dute mehatxuzko mezu anonimoak jaso dituztela.

Baionako ospitaleko argazki bat, artxibokoa. GUILAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko apirilaren 17a
20:11
Entzun

Frantziako Poliziak bi gizon eta emakume bat atxilotu ditu Baionan, osasun langileen aurkako mezu anonimoak idatzi izana egotzita. Hirurak Baionako Auzitegira eraman dituzte, epaituak izateko. Osasun langileen aurkako indarkeria delitua leporatzen die auzitegiak. France Bleu irratiak jakinarazi duenez, hiru lagunetarik bik aitortu egin dute delitua. Izan ere, Frantziako Poliziak bien hatz markak aurkitu ditu gutun anonimoetan.

Martxo bukaeran jaso zituzten gutun anonimoak Baionako auzo bereko bi erizainek, beren autoko eta etxeko ateetan zintzilik. Bi erizainek gutun bera aurkitu zuten, bizilagunen bizitza «arriskuan» jartzen zutela leporatuta. Koronabirusaz kutsatuak ez izateko, autoa etxebizitzatik «urrunago» aparkatzeko eskatu zieten, baita etxeko leku komunak ez gehiago ukitzeko ere eskuak desinfektatu gabe edo eskularrurik ezarri gabe. Gutunak etxetik ahal bezain «fite» eta «urrun» joatea agintzen zien erizainei. Erizainek sare sozialetan eman zuten gertaeraren berri, eta salaketa jarri zuten. Eta ez zen hura izan osasun langileen aurkako eraso bakarra: Baionan anbulantziak gidatzen dituen emakume batek ere modu berean eginiko idazki bat jaso duela adierazi zuen. Jean Rene Etxegarai auzapezak deitoratu egin zituen eraso horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.