Koronabirusa

Beste 34 lagun hil dira birusagatik Hegoaldean

Guztira 1.374 pertsona hil dira Euskal Herrian COVID-19k jota, eta 16.934 gaixo daude.

Edurne Begiristain.
2020ko apirilaren 18a
13:49
Entzun

Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako iturri ofizialek gaur jakinarazi dutenez, 34 pertsona gehiago hil dira COVID-19ak jota Hego Euskal Herrian, eta 412  kutsatu gehiago daude. Guztira 1.374 pertsona zendu dira, eta 16.934 gaixotu ditu gaitzak. Bi gobernuek emandako datuen arabera, behera egin du ospitaleratuen kopuruak. Egun, 1.513 pertsona daude ospitaleratuta Hegoaldean, bezperan baino 90 gutxiago.

Hain justu ere, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak azpimarratu du Osakidetza pixkanaka «normaltasunera» itzultzeko plan bat prestatzen hasiko dela. Orain arte koronabirusa artatzeko prestatutako guneak berriz ere paziente arruntak hartzeko egokitu direla nabarmendu du. Aurretiaz programatutako proba eta ebakuntza larrienak egiten hasiko dira lehenik, eta pixkanaka joango dira bertzelako kontsulta arruntak ere egiten.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osakidetzako profesional guztiei egingo dizkie test azkarrak, Murgak iragarri duenez. Antigorputzak zenbat profesionalek sortu dituzten identifikatu eta, horrela, haien eta pazienteen segurtasuna indartu nahi dutela azaldu du Murgak. Test azkarrak lehenbizi arrisku berezia duten kolektiboei egingo zaizkie, hau da, ZIUetako eta larrialdietako pertsonalari edo gaitza duten pazienteak artatzen aritu direnei. Kirurgietako taldeei eta paziente onkohematologikoak artatzen dituzten unitateetako langileei ere egingo zaizkie testak. Ondoren joango dira Osakidetzako gainerako profesionalei testa egiten; orora, 35.000 pertsonari egin nahi dizkiete testak.

Atzo ere probak egiten jarraitu zutela azaldu du: 2.999 orotara, eta horietatik %9k eman zuten positibo. Orain arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan den positibo kopururik txikiena da. Datuen azken eguneraketaren berri ere eman du Murgak: atzo beste 28 hildako erregistratu ziren, eta 266 kasu berri baieztatu. Lurraldeka,  Bizkaian erregistratu da kasu berri gehien: 201. Araban, 38 izan dira positibo eman dutenak, eta Gipuzkoan, 27. Denera, 6.566 pertsonak gainditu dute koronabirusa.

Nafarroan, berriz, 46 kasu berri baieztatu dira atzotik, eta beste sei lagun hil dira. Guztira, 354 hildako erregistratu dira: horietatik 271 ospitaleetan eta zahar etxeetan zendu dira.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.