Bizkaian dira maskarak ekoizteko hiru makinak

Bexen Medical kooperatibak 60 milioi maskara egingo ditu sei hilabetean, Espainiako Gobernuaren enkarguz.

Makinak iritsi diren unea, gaur goizean. LUIS TEJIDO/ EFE
aitor biain
2020ko apirilaren 20a
12:18
Entzun

Etxebarrin (Bizkaia) dituzte jada maskarak ekoizteko hiru makinak. Makina horiek Mondragon Assemblyk Txinan egindakoak dira, eta gaur goizean iritsi dira. Mondragon korporazioko Bexen Medical enpresak 60 milioi maskara ekoitziko ditu sei hilabetean, Espainiako Gobernuaren enkarguz. 

Cikautxo kooperatibaren gela zuri batean jarriko dute makineria, medikuntzarako produktuak ekoizteko baldintza jakin batzuk dituen areto batean. Datorren asterako ekoizpenari ekitea espero du enpresak. Egunean 350.000 maskara inguru ekoitziko dituzte, eta, horretarako, 25 langile etengabe ariko dira, lau txandatan, Carlos Arsuaga Bexen Medicaleko zuzendariak BERRIAri esan zionez. 

Enpresak 1,2 milioi euroko inbertsioa egin du, eta, Espainiako Gobernuaren eskaerari erantzun ostean, maskaren ekoizpenari eustea da asmoa. Osasun arloko babes materiala ekoizten duen enpresa bat da Bexen, eta, makina horiei esker, Europako maskara ekoizlerik handienetako bat bihurtuko da Hernaniko kooperatiba (Gipuzkoa). Bexen Medicalek ekoitziko dituen maskarak babes maila handienekoak dira, erabilera bakarrekoak. Ospitaleetako ebakuntza geletan erabiltzen dituzte, batez ere. 

Maskaren eskaera handia dela eta, Assambleyk makina gehiago ekoizten jarraituko du. Hala iragarri du Luis Mari Imaz Mondragon Assambley kooperatibako zuzendari nagusiak: «Maskaren eskaera oso handia dela eta, luze gabe makina gehiago egitea da enpresaren asmoa, ekoizpen ahalmena hobetu ahal izateko». Imazek erantsi du datozen egunak lan handikoak izango direla; bada, egoera horri aurre egiteko, lau langile lekualdatu ditu Txinatik Euskal Herrira. «Ekoizpen gaitasuna hobetzen saiatuko gara».

Martxoaren hasieran jaso zuen Mondragon taldeak Espainiako Gobernuaren enkargua: ahalik eta maskara gehien ekoizteko proiektu bat martxan jartzea, ahalik eta lasterren. Proiektu horren emaitza dira makinak. Lau dira guztira Assemblyk sortutako ekoizpen makinak: hiru Bexen Medical kooperatibarentzat eta bat Espainiako Armadarentzat. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.