Jaurlaritza asteon bilduko da hezkuntza eragileekin, ikasturte amaiera «kontrastatzeko»

Hiru ardatzeko protokolo bat landu du gobernuak, eta irakaskuntzako funtsezko edukiei, ebaluazio irizpideei eta ikastetxeetara modu presentzialean itzultzeko jokalekuei eragiten die.

Nerabe bat etxean ikasten. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2020ko apirilaren 21a
18:01
Entzun

Eusko Jaurlaritzak plan batean antolatu du ikasturtearen amaiera, koronabirusak eragindako osasun krisiaren eraginez haurrak etxetik ari direnez gero eskolak jasotzen. Gobernu Kontseiluaren ondorengo agerraldian, Josu Erkoreka bozeramaileak adierazi du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua asteon bilduko dela hezkuntza arloko eragileekin, horiekin «kontrastatzeko». Ondoren, ikastetxeetara bidaliko dute.

Hiru ardatz ditu protokolo horrek, eta funtsezko edukiei, ebaluazio irizpideei eta ikastetxeetara modu presentzialean itzultzeko jokalekuei eragiten die.

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak, ordea, erantzunak eskatu dizkio Hezkuntza Sailari: «Bost asteko konfinamenduaren ondoren, ezohiko hezkuntza jarduerara bueltatzea tokatu zaigu. Oraindik ez dakigu ikasturtea etxean edo ikastetxeetan amaituko dugun, baina zehaztapenak behar ditugu, azkar, familiak arduratzen dituzten hainbat alorretan».

Besteak beste, Jaurlaritzari eskatu dio argitzeko curriculumaren birformulazioa eta doikuntza: «Etapa bakoitzeko oinarrizko konpetentziak zehaztu behar ditu Hezkuntza Sailak, jarraibide zehatzak eman ikastetxeei, eta familiak informatu».

Ordezkapenekin kexak

Sindikatuak kexu azaldu dira irakasleak ordezkatzearen inguruan Jaurlaritzak emandako informazioarekin. ELAk azaldu duenez, Ordezkagunea ataria ostegunetik aurrera jarriko dute martxan berriro, baina ostegunetan bakarrik egongo da indarrean. Gainera, sindikatuak kritikatu du «ezinbestekoak» diren ordezkapenak bakarrik esleituko direla, eta berriz ere administrazioak ikastetxeetako zuzendaritzen esku utziko duela ordezkapenak betetzea ala ez. Krisiaren «aitzakiapean» egiten ari diren «murrizketak» arbuiatu ditu.

Steilasek ere protesta egin du, uste baitu ordezkapen asko bete gabe geratuko direla: «Ikastetxe bakoitzean zuzendariak erabakitzea zein den bete beharreko ordezkapena eta zein ez, hori prozedura onartezina dela iruditzen zaigu. Neurri honek ez du inongo adostasunik, eta oso aurrekari arriskutsua dela iruditzen zaigu». Sindikatuak eskatu du ordezkapen guztiak hasiera-hasieratik betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.