Laguntzak

Diru sarrerak bermatzeko errentaren eskaera berriak lehenesten ari da Lanbide

Laguntza jasotzeko epeak ahalik eta gehien murrizte aldera, enplegu zerbitzuak lehentasuna eman die DSBE lehen aldiz jasotzeko edo atzera jasotzeko eskaeren tramiteei. Lanbidek bertan behera utzi ditu baldintzak ez betetzeagatik abian zituen etete prozedurak.

Lanbideren bulegoak itxita daude alarma egoera ezarri zenetik. Artxiboko irudia. JUAN CARLOS RUIZ  / FOKU
Irune Lasa.
2020ko apirilaren 24a
12:44
Entzun

Arartekoak egindako galdera bati erantzunez, Lanbidek jakinarazi du bere lanean lehentasuna ematen ari dela diru sarrerak bermatzeko errenta lehen aldiz jasotzeko eskaeren tramiteei. Lehentasunez ari da, era berean, aurretik errenta noizbait jaso eta hura atzera izateko egin dizkioten eskaeren tramiteekin. Helburua da eskatzaileek errenta hori jasotzeko epeak ahalik eta txikienak izatea.

Alarma egoeraren ondorioz aurrez aurreko arreta bertan behera gelditu dela, Lanbidek erabaki du, halaber, dagoeneko DSBEa jasotzen dutenek laguntza jasotzen jarraitzea bermatuko duela, eta  bertan behera utzi ditu baldintzak ez betetzeagatik abian zituen etete prozedurak. 

Lanbidek jakinarazi du «beharrezkoak diren mekanismo guztiak gaitu dituela herritarrei arreta egokia ematen zaiela bermatzeko». Informaziorik premiazkoenaz, eta ezohiko neurriei buruzko informazioa emateaz gain, Lanbideren webgunean daude eskuragai kasuistika bakoitzari dagozkion formularioak. «Jakitun egonik Euskal Autonomia Erkidegoan pertsona guztiek ez dutela Internetera sartzeko edo tresna telematikoak erabiltzeko aukerarik, Lanbidek gogorarazi nahi du KZgunearen sareak telelaguntza zerbitzua eskaintzen duela, konfinamendu garaian eten digitala gainditu ahal izateko».

Enplegu zerbitzuak azaldu duenez, KZguneak «telefono bidezko aholkularitza» emango die webgunearen bidez eskaerak egiteko zailtasunak dituzten Lanbideren erabiltzaileei,«bai enplegu eskatzaile gisa alta hartzeko, bai diru sarrerak bermatzeko errentaren eskaera formularioa betetzeko, bai beharrezko dokumentazioa aurkezteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.