Nafarroako ZIUak hilabeteko betetze mailarik txikienean daude

31 pertsona hil dira azken orduetan Hego Euskal Herrian, eta 446 gehiago kutsatu dira.

Donostiako ospitaleko langileak, sarreran txaloka. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2020ko apirilaren 25a
13:55
Entzun

Egunez egun koronabirusaren eraginez hildako pertsonen kopuruak beheranzko joeran segitzen du Hego Euskal Herrian; 34 pertsona hil ziren herenegun, eta 31 baieztatu dituzte atzotik gaur goizera arte. Hori horrela, 1.641 dira hildakoak izurria hasi zenetik.

Kasu positibo berriei dagokienez, 446 atzeman dituzte azken orduetan; bezperako datuaren parean, beraz (442). Herrialdeka, Bizkaian daude gehien (197), 98 Araban eta 94 Nafarroan. Izurriak motelago hazten jarraitzen du Gipuzkoan; lurralde horretan 57 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan. Guztira, beraz, 19.406 dira positibo eman dutenak.

Nafarroak zainketa intentsiboetako unitateen egoeran jarri du arreta; egun 47 paziente daude Nafarroako ZIUetan, osasungintza publiko nahiz pribatuan. Kopuru hori da azken hilabeteko apalena; martxoaren 23an 46 paziente zeuden, eta, harrezkero, haziz joan zen, apirilaren 3an 95 pazientera heldu arte.

Osakidetzako ospitaleetan ere egoerak hobera egiten jarraitzen duela nabarmendu du Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak, bezperan baino 32 paziente gutxiago daudelako erietxeetan. Sendagiria jaso dutenen kopuruak ere segitzen du gora egiten: dagoeneko 10.678 dira Hego Euskal Herrian sendatu direnak.

ZIUetan ere arinduz doa egoera, azken orduetan zazpi lagun eraman baitituzte unitate horietara, baina hemezortzi atera. «Daturik gehienak baikorrak izatera eramaten gaituzte; gero eta jende gehiago sendatzen da, eta ospitaleratuta dagoen jende kopurua jaisten ari da. Gainera, egunero egiten diren probek erakusten dute kutsadura gutxituz doazela».

Izan ere, Murgak nabarmendu du atzo 4.968 PCR proba eta 4.441 test azkar egin zirela eta hori inoizko kopururik handiena dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.