14 urtetik beheitikoak kalera ateratzen ahal dira

Hilaren 26az geroztik, kalera irteteko baimena izan dute 14 urtetik beherako haurrek Hego Euskal Herrian ere; ordubetez, eta kilometro bateko eremuan. Ikusi igandeko argazkien bilduma.

maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 25a
16:09
Entzun

Orain arte Espainiako Gobernuko ordezkariek errandakoa berretsi du BOE aldizkari ofizialak: «14 urtetik beheitikoei» dagokie haur eta nerabeek bihartik aurrera egunean ordu batez ateratzeko duten baimena. Beraz, 14 urteko nerabeak ez dituzte aintzat hartu neurrian. Salvador Illa Osasun ministroak zehaztu duenaren arabera, 14 urtetik 18ra arteko gazteek helduen gisa jokatzen ahalko dute: gurasoen baimena izanez gero, premiazko erosketak egitera ateratzen ahalko dira.

Umeak norekin ateratzen ahalko diren ere zehaztu dute: zaintzaileren batekin atera ahalko dira, baina zaintzaile horrek ez du zertan gurasoa edo tutorea izan, ezta euren etxekidea ere. Hala denetan, tutoreen baimen idatzia beharko du zaintzaileak umeekin ateratzeko. Zaintzaile bakoitzak hiru umerekin atera ahalko du kalera, eta, betiere, segurtasun neurriak errespetatuta: gainontzeko heldu zein umeengandik bi metroko distantziara egon beharko dute denek. Edozein eremu publikotara ateratzen ahalko dira umeak eta zaintzaileak, parkeetara eta kirol instalazioetara salbu. Naturaguneetan ibiltzen ahalko da, adibidez.

Atzo, Gaindegiak mapa bat jarri zuen eskuragarri, nork bere bizilekuan klikatu eta jakiteko noraino iristen den kilometro bateko eremua. Gainera, Euskalmetek iragarri du giro hodeitsua izango dela nagusi goizean, baina euria egitera joko duela arratsaldean, eta balitekeela tarteka ekaitza ere botatzea, barnealdean batez ere. Tenperatura beroenak hogei gradu ingurukoak izango dira.

Murga, konfiantzaz

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du arauak betetzen ez badira arriskua ekar lezakeela kalera ateratzeak, baina nabarmendu du «konfiantza» duela gurasoen arduraz. Azpimarratu du jokoan dagoena ez dela soilik norbanako bakoitzaren osasuna, gizarte osoak eduki ditzakeen ondorioak baizik. «Badakigu umeek jardueraren bat egin behar dutela, baina arduratsuak izan behar dugu, eta jakin behar dugu zer arrisku dakartzan zaintzarik gabe egoteak, umeak euren artean elkartzeak, senideei bisitak egiteak edota denbora luzez etxetik kanpo egoteak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.