Kutsatuen eta hilen kopuruak, behera Hegoaldean

Gaurtik martxan dira bi ikerketa: Espainiako Karlos III.a Unibertsitateak diseinatutako seroprebalentzia ikerketa eta sintomak izan arren PCR proba egin ez zitzaien pertsonena

Nekane Murga, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. IREKIA
Ion Orzaiz.
2020ko apirilaren 27a
13:53
Entzun

Azken datuen arabera, beste 130 kutsatu izan dira Hego Euskal Herrian azken orduetan. Bezperan baino hirurogei kasu gutxiago detektatu dira, eta guztira 19.886 dira atzemandako kasu positiboak. Koronabirusaren ondorioz hildakoen kopuruak ere behera jarraitzen du, eta azken orduetan hamabi hildako zenbatu dituzte. Denera, 1.675 lagun hil ditu koronabirusak. Sendatuen kopurua, aldiz, gora doa; azken orduetan 321 gaixok jaso dute sendagiria, eta denera 7.869 dira sendagiria eman dieten gaixoak.

"Pandemia hasi zenetik, COVID-19ak kutsatutako hamar pertsonatik zazpi sendatu dira", azaldu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak. Sailburuak nabarmendu du datuak "pixkanaka baina era berean sendo" hobetzen ari direla. Era beran, ospitale guneetako zama "arintzen" ari dela ere azpimarratu du.

Bestalde, bi ikerketa berri martxan dira gaurtik Hego Euskal Herrian. Batetik, Espainiako Karlos III.a Unibertsitateak diseinatutako seroprebalentzia ikerketa: Murgak azaldu duenez, 5.000 laguni baino gehiagori eginen diete proba, eta sei astez eginen diete jarraipena. Nafarroan ere eginen dute ikerketa, baina gobernuak ez du horri buruzko xehetasunik eman.

Gaur eta bihar eginen dituzte lehen hitzorduak, eta, datozen egunetan, odola aterako diete parte hartzaileei. Murgaren esanetan, ikerketaren helburua da "jakitea, test serologikoen bidez, zenbat pertsonak gainditu duten COVID-19a eta zenbat dauden immunizatuta".

Bestalde, sintomak izan arren PCR proba egin ez zaienak ere aztertuko ditu Osasun Sailak. Pandemiaren hasieran asko izan ziren egoera horretan geratu zirenak, eta Jaurlaritzaren helburua da jakitea ea benetan koronabirusa izan zuten ala ez, "gaixotasunak izan duen hedapenaren mapa bat egin ahal izateko". Lehen fasean 4.147 laguni egingo dizkiete probak.

Balluerka: "Ez dago ezer ilunik"

Testei dagokienez, Euskal Herriko Unibertsitateak eredu bat garatu du, eta hori ezartzeko eskatzen ari zaio Jaurlaritzari hainbat esparrutatik. Gaur, Nekane Balluerka errektoreak ukatu egin du"ezer ilunik" dagoela EHUren testekin, eta erantsi du espero duela aste honetan zehar sinatzea hitzarmen bat Osakidetzarekin, osasun publikoan erabil ditzaten.

Larunbatean, EHUko irakasle, katedradun eta ikerlari talde batek babesa azaldu zion unibertsitate publikoko ikertalde batek Ikerbasquerekin, Achucarro institutuarekin eta Biofisika Bizkaia fundazioarekin elkarlanean garatutako ereduari, eta Jaurlaritzari eskatu zioten azalpenak emateko test horiek ez erabiltzearen inguruan. Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean, Balluerkak "pazientzia" eskatu du, eta argudiatu erakundeak "hasiera-hasieratik" ari direla elkarlanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.