Enplegua

Okupatuen eta langabeen kopuruek behera egin dute Hego Euskal Herrian

Koronabirusaren krisiak enpleguan eragin duen lurrikararen zantzurik ia ez da antzeman INEren biztanleria aktiboaren inkestaren emaitzetan, besteak beste, urteko lehen hamahiru asteetako batezbestekoan lausotu direlako martxoko azken asteak. INEk aurreko hiruhilekoan baino 6.700 okupatu gutxiago zenbatu ditu Hego Euskal Herrian, baina langabeen kopuruak ere behera egin du (-6.400).

Lanbideren bulego bat itxita, konfinamendu neurriengatik itxita. LUIS TEJIDO (EFE)
Irune Lasa.
2020ko apirilaren 28a
11:09
Entzun

Hiru hilabete gehiago itxaron beharko da INEk argitaratzen duen biztanleria aktiboaren inkestak egun enpleguaren errealitatea behar bezala islatzeko. Koronabirusak eta alarma egoerak lan munduan izan duen eragina erakusteko oso mugatua da hiruhilekoka egiten den inkesta. Lehen hiruhilekoari dagozkion emaitzetan daude alarma egoeraren lehen asteak, martxoko bigarren erdikoak, baina erabat lausoturik gelditzen dira, hiru hilabeteetako datuen batezbestekoan. 

Horrez gain, langileen egoerak definitzeko irizpideek ere baldintzatu dute azken aste horietako errealitatea islatzeko inkestak duen erabilgarritasuna. INEk erregulazio espedientean dauden pertsonak okupatutzat jotzen ditu, besteak beste, egoera horretan hiru hilabetetik gora egin arte. Beraz, nahiz eta martxoaren bukaeran milaka langile enplegu erregulazioan egon, okupatu izaten jarraitzen duten. Berdin gertatzen da lanaldia murrizteko erregulazioan zeuden langileekin. 

Langabe kopurua zenbatzean ere, martxoko azken asteetako egoera berezia muga izan da INErentzat. Langabe gisa sailkatzeko, beharginak lan bila aritu behar du, eta martxoko bigarren astean enplegurik gabe gelditu zen langileek praktikan ezinezkoa zuten lan bilaketarik egitea, enpresak itxita zeudelako, etxean zaintza lanetan ibili behar izan zutelako... 

Mugak muga, INEk Hego Euskal Herrian aurreko hiruhilekoan baino 6.700 okupatu gutxiago zenbatu ditu (1.214.000), baina baita 6.400 langabe gutxiago ere (115.400). Horren atzean biztanleria aktiboaren murrizketa dago, estatistika institutuak 13.200 aktibo gutxiago zenbatu baititu (1.329.000). Aktiboak ez diren pertsonen kopuruaren hazkundeak ziurrenez islatzen du jendea lanik gabe gelditu dela martxoaren amaieran, baina une horretan ez zituztela langabetzat jotzeko baldintzak. 

INEren datuen arabera, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %8,68koa litzateke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.