Nafarroako ekonomiak %4,1 egin du atzera lehen hiruhilekoan

Kolpea uste baino handiagoa izan da, eta urtea %6,4 eta %9 arteko atzeraldiarekin amai daitekeela uste du Nafarroako Gobernuak

Elma Saiz, Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, iragan astean. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2020ko apirilaren 30a
11:00
Entzun

«Aurrekaririk gabeko datua». Hala definitu du Elma Saizek urtarriletik martxora arteko barne produktu gordinaren (BPG) datua, eta datozen hilabeteetan datorrenaren zantzua ematen duela ohartarazi du. Izan ere, martxoaren 15ean alarma egoera ezarri aurretik, ekonomia bide onean zihoan, hazkunde iraunkorreko erritmoan, eta azken hamabost egunetako kolpean islatu da atzerakadaren tamaina: lehen hiruhilekoan %4,1 atzera egin du, eta, iazko datuekin alderatuta, urte arteko tasa %2,8 da.

Eustatek duela astebete aurreratu zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak. Iazko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, BPGak %4,5 egin zuen atzera, eta, urte arteko datuari erreparatuz gero, %3. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, enplegua %3,1 jaitsi da iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta %4,1 iazko laugarren hiruhilarekoarekin alderatuta.

Normalean urte arteko datuak bilakaera ekonomikoa hobeto islatzen badu ere, oraingo honetan hobeto jasotzen du talkaren ondorioa hiruhilekoko datuak. «Salbuespenezko egoera honetan, aurreko joera hautsi egin denez, arreta hiruhilekoan jarri dugu, egokiago jasotzen baitu pandemiaren benetako eragina», azaldu du Elma Saizek, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.

Datuok lehen hiruhilekoaren aurrerapen bat besterik ez dira. Sektorekako bilakaeraren datu zehatzagoen zain, martxoko datuei soilik erreparatuta, Elma Saizek konfinamenduak eragindako ondorio batzuen berri eman du. «Industrian eta zerbitzuetan produkzioa nabarmen erori dela aurreratzen dute», nabarmendu du.

Eskaintzari dagokionez, martxoko datuek jaitsiera handia islatzen dute. Adibidez, hoteletako egonaldiak %62,5 gutxitu dira, otsaileko datuekin alderatuta. Autobideko ibilgailuen joan-etorriak, berriz, %45 murriztu dira. VWek martxoaren 16an fabrika itxi izanak ere isla izan du: auto produkzioa %49 urritu da martxoan. Argindar kontsumoa, berriz, %3 gutxitu da (jardueraren beherakada, neurri handi batean, etxeetako kontsumoaren igoerak konpentsatu du; ez erabat, ordea).

Eskariari dagokionez ere erorialdi handia izan da; adibidez, autoen matrikulazioa %68,5 jaitsi da, eta txikizkako merkataritza, %14 (saltokien fakturazioa islatzen du). "Kontsumoan izan duen geldialdiaren berri ematen digute". 

3.290 langabe gehiago

Oraingoan, beraz, eskaintza eta eskaria gelditu egin dira. Alarma egoeran, enpresek aldi baterako 6.500 espedientetik gora tramitatu dituzte, eta ia 56.000 langileri eragin diete. Hala eta guztiz ere, langabeziak gora egin du: otsailarekin alderatuta, 3.290 langabe gehiago daude. «Datu negatiboa da, kolektibo ahulenei eragiten dielako».

Gizarte Segurantzan izena ematen dutenen kopuruak ere behera egin du nabarmen: Otsailarekin alderatuta, 6.900 afiliatu gutxiago daude erregistratuta. Gehienak, 6.200, zerbitzuen sektorearen geldialdiaren ondorio dira, gehienbat ostalaritzaren ondorio. Halaber, eraikuntzan 600 afiliatu gutxiago daude. Industrian, afiliazioa ez da hainbeste jaitsi, aurkeztutako aldi baterako espedienteek eragindako langileen %40k sektore horretan egiten baitute lan.

Enplegua orotara %2,4 galdu da Nafarroan, eta Saizek azaldu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan apur bat gutxiago jaitsi dela (ez du eman tasa hori). Hala ere, txarrenari ikuspegi hobeago bat eman nahirik, Saizek azpimarratu du Espainian enplegu gehiago galdu dela, turismoak duen pisuagatik. «Espero dugu gure egitura ekonomikoan lan merkatu sendoagoa izateak eta Nafarroako Gobernuak hartutako neurriek lagunduko dutela eragin sozialak leuntzen».

Aurrera begirako aurreikuspenak

Martxoko azken hamabost egunetako geldialdiak eragin du gainbehera hori guztia. Hortaz, datozen hilabeteetako datuak gobernuak hasieran egindako kalkuluak baino ezkorragoak izango dira, ziurrenik. Elma Saizek urtea %4 inguruko atzeraldiarekin amaituko zela uste bazuen ere, orain ikuspegia aldatu du, okerrera. Haren hitzetan, aurten %6,4 eta %9 artean egingo du atzera ekonomiak, eta «2022an itzul daiteke» aurreko egoerara. Hortaz, V itxurako susperraldirik ez da egongo, eta, pandemiaren bilakaerak etorkizun ertainean nola eragingo duen guztiz jakin gabe, perspektiba uste baino ezkorragoa da oraintxe.

Agerraldia amaituta, Elma Saizek Nafarroako Parlamentuko kontrol saioan parte hartu du. PSNk galdetu dio ea gobernuak zer egiteko asmoa duen 2019ko errenta kanpainarekin. Saizek erantzun du 200.000 aitorpenetik gora automatikoki itzultzeko asmoa dutela: maiatzaren 11n, 74 milioi euro itzuliko dizkiete kobratzea egokitu zaien zergadunei. Egungo krisian arreta presentziala kendu egin badute ere, "inor ez da aitorpena egin gabe geratuko". Saizen arabera, aitorpenen erdia baino gehiago automatikoa izateak lana erraztuko dio ogasunari, eta herritarrari ere bai, "ez baitu ezer gehiago egin beharko".

Saizen arabera, hamar zergadunetik zazpiri kobratzea dagokie. Arreta presentzialik egingo ez bada ere, ogasunarekin telefonoz jar daiteke harremanetan, eta horretarako ehundik gora lagun kontratatu dituzte, aldi berean 50 telefono dei hartzeko modua egon dadin. 

Europan ere, datu txarrak
Datu txarrak kontinentera zabaldu dira. Europak nabaritu du geldialdia. 1995ean euroaren eremuko serie historikoa hasi zenetik, Eurostatek ez ditu inoiz hain datu txarrak argitaratu: lehen hiruhilekoan, euroa diru gisa erabiltzen duten hemeretzi herrialdeetako BPGak %3,8 egin du atzera, eta, iazko datuekin alderatuta, %3,3 uzkurtu da. Apiril hasieran, hamabi milioi lagun zeuden lanik gabe, eta langabezia tasa %7,4 igo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.