Bertsozale Elkarteak hainbat saio egingo ditu 'online'

Lehen saioa larunbatean egingo da, 18:30ean. Idoia Anzorandiak gaiak jarrita, Jone Uria, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa ariko dira kantuan. Elkarteak 45.000 euro jarriko ditu egungo egoerara egokitutako bertso plaza indartzeko eta «bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko».

Sustrai Colina izango da larunbateko bertso saioan parte hartuko duen bertsolarietako bat.
Sustrai Colina izango da larunbateko bertso saioan parte hartuko duen bertsolarietako bat. Endika Portilo / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2020ko apirilak 30

Martxoaren 15ean urteroko Batzar Nagusia egitekoa zen Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, eta han zen aurkeztekoa 2020. urterako egitasmoa. COVID-19 gaitzak eragindako larrialdi egoera dela-eta, ordea, bertan behera utzi behar izan zuen batzarra, eta ordudanik pasatutako hilabete eta erdian, hala egitasmoa nola aurrekontua berrikusi behar izan ditu. Izan ere, esku artean zituen proiektu asko bertan behera geratu, atzeratu edo moldatu behar izan izan ditu elkarteak.

Horri lotuta, eta «ohiko bertso plaza berreskuratzeko», denbora beharko dela kontuan izanda, egungo egoerara egokitutako egitasmoak jarri ditu abian Bertsozale Elkarteak. «Salbuespen egoera batean gaudela jakinda», bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko eta bertsolarien «egoera zaurgarria» leuntzeko 45.000 euro erabiliko ditu.

Hainbat egitasmo jarriko ditu abian Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak:

Plaza: Lehendik lotuta zeuden eta mantendu nahi dituzten edo datozen hilabeteetan saioren bat antolatu nahi duten antolatzaileei saioak online egiteko aukera emango die Bertsozale Elkarteak. Lanku Kultur Zerbitzuetatik saioak kontratatzen dituzten antolatzaileei. Villabonako (Gipuzkoa) Subijana etxean prestatu du elkarteak grabaketa lekua, beharrezko osasun neurriak hartuta, baina denborarekin herrietatik saioak egiteko aukera aztertuko da, konfinamendu aginduen arabera betiere. Saioak osorik eskainiko dira www.bertsoa.eus atarian, zuzenean edo diferituan, antolatzaileak erabakitzen duen egunean. Hasteko, asteburu honetan bi saio antolatu dituzte Elkarteak eta Lankuk. Larunbatean, 18:30ean, Jone Uria, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa ariko dira, Idoia Anzorandiak gidatutako saio batean. Hurrengo egunean, 18:00etan, Igor Elortza eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, Kike Amonarrizek jarritako gaiei erantzuten. Bigarren saio hori Erandioko Udalak antolatutakoa da.   

Bidaiak: «Inertziak hautsi eta esperimentazio gunea izango da», elkarteak adierazi duenez. Ekitaldi formatuetan eta gaitegian berritzaileak izan nahi duten saioak eskainiko dituzte, molde ezberdinetakoak, asteazkenetan. Herrialde eta adin ezberdinetako bertsolariei eman nahi zaie ahotsa. sustapena@bertsozale.eus helbidean jasoko ditu elkarteak proposamenak. Bidaiak egitasmoaren lehena maiatzaren 6an izango da, asteazkenean, 18:30ean. Andoni Egañarekin batera, Alaia Martinek eta Amets Arzallusek haurtzarora egingo dute bidaia.

Potokastak: Bertsolari gazteei egindako elkarrizketak dira, entzutekoak. Azken asteetan bildu dituzte www.bertsoa.eus atarian Ane Zuazubiskar, Eli Pagola, Peru Abarrategi, Aitor Bizkarra, Sarai Robles eta Aner Peritz bertsolariekin osatutakoak. Astelehenero ale berri bat jarriko dute entzungai.

Laurehun saio gutxiago

Egitasmoak jartzearekin batera, larrialdi egoerak bertsolaritzan izan duen eraginari buruzko azterketa ere egin du Bertsozale Elkarteak, eta horren barruan Lankuk jasandako kolpea ekarri du gogora. «Inondik inora espero ez genuen bat-bateko kolpea izan da», adierazi du Marta Agirrezabalak Bertsoa.eus atarian. «Lanku erabat lotuta dago plazari; lan jarduera nagusia plaza da, eta bat-batean geratu gara». Plazak etetearen ondorioz, Lanku Kultur Zerbitzuak aldi baterako erregulazio egoeran dago.

Xenpelar Dokumentazio Zentroan biltzen dituzten datuen arabera, 2019an 1.644 saio egin ziren Euskal Herrian: horietako 1.215 saiok bertsogintza zuten ardatz, izan jaialdi, lagunarteko, plaza libreko zein txapelketa; eta gainerakoak, laurehun ekitalditik gora, bereziak, esperimentalak, hitzaldiak edo saio didaktikoak izan ziren.

Aurten, saioen gorakada txiki bat izan da urteko lehen bi hilabeteetan. «Urtarrila eta otsaila ez dira hilabeterik osoenak izaten bertsolarien eta bertsozaleen agendetan, eta horregatik da pozgarria goranzko joera». Udaberriko hilabeteak are indartsuagoak izaten dira, udakoen pareko, baina osasun krisiak bete-betean aldatu du panorama: martxoan 195 bat saio aurreikusten ziren, eta 53 egin ziren. Hortik aurrera, bertan behera gelditu da plaza: iaz 122 saio egin ziren apirilean, 162 maiatzean, 179 ekainean eta 135 inguru udako hiru hilabeteetan, horietako zenbait Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutakoak. Honek guztiak ondorio ekonomiko nabarmenak ditu: martxotik ekainera arte, 385.600 euro inguruko galerak.

Bertan behera gelditu edo atzeratu diren proiektuak

Elkartean egiten edo egitear zeuden proiektuetan berehalako eragina izan du horrek guztiak, eta epe luzera ere 2020ko egitasmoa eta aurrekontua berrikusi behar izan ditu. Hala, hainbat egitasmo bertan behera utzi ditu, eta beste zenbait atzeratu.

Bertan behera geratu direnak: Bertso Udalekuak eta barnetegiak, Haizea dator, Sakontze Bertso Eskola, Eskolatik Plazara, Plazara; Bertso Eskolen Egunak, Bertsulari Ttiki, Elebidunen ikasturte bukaerako Besta Eguna.

Atzeratuko direnak: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa, Bardoak, Bizkaiko Txapelketako udaberriko fasea, BBK Sariketa, Eskolartekoa, Pello Mari Otaño bekako deialdia (epea luzatu zaio), Udako Euskal Unibertsitateko eskola (ikusteke).

Beste modu batean egingarriak diren ikusi beharrekoak: Zenbait ikastetxetako ikasturte amaierako jaialdia, Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa, Oholtzapetik, Hernandorena Sariketa, Ahalduntze Bertso Eskola, Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista, EHUko Uda Ikastaroa.

Bizkaiko eta Euskal Herriko elkarteetako batzarrak ere ezin izan dituzte oraindik gauzatu; alarma egoera ezarri zen asteburuan bertan egin behar zituzten. «Elkartzeko baldintzak daudenean, hitzordua zehaztuko dugu eta jakinaraziko zaie bazkideei garaiz».

Ekarpenak egiteko kanalak

Gaur iragarritako egitasmoak bere baliabideekin finantzatuko ditu Bertsozale Elkarteak, baina bertsozaleek eta herritarrek izango dute ekarpena egiteko aukera ere, maiatzaren 2tik aurrera, honako bide hauen bitartez:

688.886.935 telefono zenbakian, Bizum bidez; eta

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko honako kontu edo IBAN kode honetan:

ES16 3035 0060 43 0600042844 
BIC (Swift) kodea behar izanez gero, CLPEES2MXXX

 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Raiundo Berri taberan izan zirenak PCR proba egiteko zain, Okendu kultur etxean gaur goizean. ©Gorka Rubio/FOKU

500 positibotik gora atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Atzo baino 119 kasu gehiago izan dira. Ospitaleratzeak areagotu egin dira azken orduetan.

Lasarte-Oriako klasururako konbentua itxita, gaur. ©Javier Etxezarreta / EFE

Lasarte-Oriako klausurako komentu bateko moja guztiek positibo eman dute

Berria

Hamar izan dira positiboak guztira. Alkateak adierazi du agerraldia kontrolpean dagoela.

Kutsatze kopuruen azken datuek gora egin dutela ikusita zientzialariak gaineratu du gaitzak “arazo bat” izaten jarraitzen duela. ©Gorka Rubio / FOKU

Bengoak uste du egoera «larria» dela

Aloña Beraza Peña

Ikuskaritza independente bat eskatu dute gertatu dena ikertzeko, egin diren hutsegiteak berriz ere egin ez daitezen, eta aurrera begira ikasteko.

PCR proba egiten gaur, Donostiako Okendo kultur etxean. ©Gorka Rubio/FOKU

Gasteizko Kilimanjaro diskotekan eta Xixilu jatetxean, eta Galdakaoko Muguru tabernan egon zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Gasteizko diskotekan uztailaren 17tik abuztuaren 6ra izan zirenek egin beharko dute testa, eta uztailaren 31tik abuztuaren 4ra jatetxean egondakoek. Galdakaon, tabernan uztailaren 27tik abuztuaren 4ra egon zirenek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna