Jaurlaritzak Madrili eskatu dio erregulazioak «malgutzeko» ostalaritzan eta dendetan

Negozioak irekitzean, langile guztiek itzuli beharko dute, eta enpresariek ezingo dute erregulaziorik eskatu ez langilerik kaleratu datozen sei hilabeteetan.

Zerbitzari bat, Donostiako terraza batean, alarma egoera ezarri aurretik. IMANOL OTEGI (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 30a
14:49
Entzun

Merkatari eta ostalarien elkarteen eskaera bere egin du Eusko Jaurlaritzak. Jorge Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak uste du Espainiako Gobernuak, iragarri berri duen deseskalatze plana dela-eta, «hausnartu» egin beharko lukeela aldi baterako lan erregulazioen aplikazioen inguruan; izan ere, jarduera mugatu batekin hasiko dira lanean sektore horietan, eta oso litekeena da langile guztientzako adina lanik ez egotea.

Beharginak babesteko, gobernuak legea aldatu zuen, eta debekatu egin zuen erregulazioan egon diren langileak kaleratzea: jardunera itzuli eta datozen sei hilabeteetan ezingo dute halakorik egin. Ezin dute lantaldea murriztu koronabirusaren ondoriozko arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamenduari buruzkoak edo produkziokoak argudiatuta.

Dendariek eta ostalariek, beraz, negozioak irekitzean langile guztiak hartu behar dituzte, eta ezin dute ez kaleratzerik egin, ez beste lan erregulaziorik eskatu; horretarako, gelditzeko arrazoia ezinbestekoa dela erakutsi behar dutelako, eta laster gobernuaren baimena izango dutelako irekitzeko.

Horren harira, Belandiak, Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean, ohartarazi du lan erregulazioen eskaera kopurua jaisten ari dela, eta langabezian dauden pertsonak «pixkanaka pilatzen» ari direla, eta hori «kezkagarria» dela. Lanbideko arduradunak adierazi duenez, joera hori apirileko datuetan «nabarmenago» islatuko da. «Ezin da langabezian dauden pertsonen zerrenda zabaltzen jarraitu; bestela, zaila izango da pertsona horiek bizirik irauteko behar dituzten prestazioak mantentzea», ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.