Espainiako Kopa

Athletic ez dator bat UEFAren erabakiarekin

Agiri batean esan du "lehiaketak aldez aurretik amaituz gero, datorren sasoian Europa Ligan aritzeko lekua ligako lehiaketaren bidez sartzen ez den Kopako finalistari emango behar litzaiokeela", eta ez ligan zazpigarren geratzen denari, UEFAK erabaki duen bezala. Ez du iritzirik plazaratu ateak itxita edo zaleekin jokatzeko aukerez. 

jarraia180784.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko maiatzaren 1a
12:09
Entzun

UEFAk eman du ebazpena, eta oso argi, gainera: Espainiako Kopako finala ez bada jokatzen garaiz (datorren denboraldian Europako lehiaketetan zein taldek jokatu behar duten zehaztuko den egunaren aurretik), finalak ez du banatuko Athleticentzat eta Realarentzat  txartel preziatu hori, eta horrenbestez, ligako zazpigarren sailkatuak jokatuko luke datorren denboraldiko Europako Liga. 

Horren aurrean, Athleticek oharra atera du gaur iluntzean, plazaratzeko ez datorrela bat UEFAren irizpidearekin. Zuri-gorrien zuzendaritzaren ustez, "lehiaketak aldez aurretik amaituz gero, datorren sasoian Europa Ligan jokatzeko lekua ligako lehiaketaren bidez sartzen ez den Kopako finalistari emango behar litzaioke". Athleticeko zuzendaritzak dio, ez dagoela "batere ados" liga profesional bateko zazpigarren sailkatuaren merituei "balio handiagoa ematen dien" erabakiarekin: "Izan ere, Ligako 38 jardunaldietatik oraindik 11 jokatzeke daude. Kopako lehiaketako finalistak, ordea, gure futboleko kategoria guztietako 125 talderen aurkako txapelketan aritu dira, eta azken partida, finala, jokatzea baino ez zaie geratzen". 

Athleticek ez du ulertzen Kopari kentzen zaion balioa: "Ospe eta tradizio handiko lehiaketa bati Europako plaza bat esleitzeko aukera kentzea ez dugu ulertzen, beti horrela egin denean. Erabaki horrekin, Europa Ligako multzoen fasera sartzeko aukerarik gabe utziko lituzkete finalista bat eta balizko Kopako txapeldun bat". Bukatzeko, honela dio agiriak: "Gure eskubideak zorroztasun eta zintzotasun osoz defendatu ditugu beti, eta, alde horretatik, gure ustez bidezkoak diren irizpideak defendatzen jarraituko dugu".

Agirian, Athleticek ez du ezer esaten finala jokatzeko leudekeen bi aukerez: ateak itxita izatea da bat, eta zaleekin bestea. 

UEFAk atzera bota du Espainiako Federazioaren eskaria. Apirilaren 16an, honakoa eskatu zuen Espainiakoak: Kopako finala jokatzen ez bada, ligako sailkapenaren arabera bi finalistetako bat Europarako sailkatua balego, besteak hartzea Europa Ligako txartela, Kopako irabazleari dagokiona. Aukera hori baliorik gabe utzi du orain UEFAk. Liga berrekingo balitz, lehiaketa horretako sailkapenak zehaztuko luke Europarako zein talde sailkatuko liratekeen, betiere UEFAk zehazten duen egunean dagoen sailkapena kontuan hartuta; berrekingo ez balitz, oraingo sailkapena hartuko litzateke kontuan. Hor, Realak lekua luke Txapeldunen Ligan, laugarrena delako ligan; Athletic, ordea, Europatik kanpo geratuko litzateke, hamargarrena delako.

Orain, Espainiako Federazioak erabaki beharko du zer egin finalarekin. Maiatzaren 27ra arteko epea dauka Europan zein talde ariko diren zehaztuko dituen formula finkatzeko. Pandemiaren egoera kontuan izanda, ematen du finala jokatzekotan ateak itxita izan beharko litzatekeela, betiere UEFAren betekizunei men egiteko. Bi taldeetako zaleen artean, ez da aukera gogokoena, ezta jokalarentzat ere, nabarmen baitaude finala zaleekin jokatzearen alde. Baina politikoak hasi dira iritzia plazaratzen, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak txio batean bota du Mendizorrotzan jokatzea litzatekeela aukera onena, baldin eta ateak itxita egitea erabakitzen bada. Azken egunetan, indarra hartu du Gasteizen finala ateak itxita jokatuko ote den aukerak. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.