LABek eskatu du lantegi guztietan testak egiteko

Langile bat, koronabirusaren testa egiten. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 7a
12:21
Entzun

LABek ezinbestekotzat jo du koronabirusa atzemateko test «masiboak eta doakoak» egitea «populazio osoari», eta lantegi guztietan horiek egiteko egitasmo bat aurkeztu du.

Sindikatuaren arabera, enpresetako segurtasun planarekin batera ezarri beharko litzateke testak egiteko prozedura, langileen parte hartzearekin. Enpresek ziurtatu beharko lukete emaitzak interpretatzeko eta kasuen bilakaera kontrolatzeko gaitasuna dutela, eta, PCR testekin batera, aldiro, antigorputzak neurtzen dituztenak egin beharko lituzkete. Egitasmoa onartzen duten enpresen kasuan, LABek azaldu du «zorrotza» izango dela aplikazioan, eta bilakaerari erreparatuko diola.

Sindikatuak badaki arazoak sor ditzakeela halako azterketak  langile guztiei batera egiteak, eta, hori dela eta, sektoreen artean lehentasunak ezartzea proposatu du. Hala, osasun langileetatik hastea galdegin du, «gaur egun %60 ingururi ez zaielako testik egin». Jarraian, alor soziosanitarioko langile eta erabiltzaileei egitea proposatu du. Gaur egun askok azterketa pasatu duten arren «berandu» egin baitzaie, eta «langile asko» kutsatu egin baitira. Erabiltzaileen artean, berriz, gogoratu du Euskal Herrian 750 pertsona inguru hil direla koronabirusagatik.

Era berean, sindikatuak nabarmendu du oinarrizko zerbitzuetako beste langileei ere ez zaiela probarik egin, eta «arrisku handiko sektoreak» direla gogoratu du: besteak beste, supermerkatuko langileak, anbulantzietakoak, gasolindegietakoak, farmazietakoak, garraio sektorekoak eta garraio publikokoak. Konfinamendutik ateratzeko prozesuari jarraituz, gogoratu du lanean hasi diren edo hasiko diren langileek ere ez dutela egin. Eta, bezero izan daitezkeenen artean, «bereziki sentikor» direnei egitea proposatu du.

Konfidentzialak

Sindikatuak azpimarratu duenez, testak egiteak ezin ditu ordezkatu koronabirusari aurre egiteko asmoz enpresetako planetan jasota dauden beste segurtasun neurriak (higiene, antolaketa neurriak, kontrol neurriak...). Emaitzen inguruko konfidentzialtasuna gorde behar dela gogoratu du, eta emaitzak ezin direla erabili langileak diskriminatzeko.

Testak lan zentroetan egitea proposatu du, prebentzio zerbitzuen osasun langileen bitartez zerbitzu publikoekin koordinatuta. Eta, lantegiek horretako beharrezko baldintzak eta bermeak beteko ez balituzte, testak osasun zentroetan egitea eskatzen dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.