Sindikatuek ohartarazi dute ez dutela inposiziorik onartuko lan erregulazioetan

Produkzio arazoak argudiatuta, enpresa handietan ari dira eskaerak aurkezten. ELAk administrazioari eskatu dio horiek «zorrotz» zaintzeko. LABek dio «kaleratzeko mehatxuak» direla. Michelinek lau hilabetekoa proposatu du.

Arcelor Mittalek Zumarragan duen lantegiko beharginak, protesta batean. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 7a
12:50
Entzun

Euskal Herriko lantegi handietan ere bueltatzen ari dira jardunera, baina beharginek gero eta gertuago ikusten dute etxera itzultzeko eguna. Produkzioan dituzten gabeziei erantzuteko, enpresa horietako batzuek iragarri dute berriz ere aurkeztuko dituztela aldi baterako lan erregulazioak. Era berean, Espainiako Gobernua eragile ekonomikoekin negoziatzen ari da alarma aldirako erregulazio mota horren araudian gehitu zituen puntu batzuk; bereziki, erregulazioa luzatu ahal izateko eta horiek amaitzean egon daitezkeen kaleratze gehienak eragozteko.

Hego Euskal Herrian, lau langiletik bat dago lan erregulazioan, eta bi enpresatik batek indarrean du neurria oraindik. Amaitua duten hainbat lantegitan aurkeztu dituzte horiek berritzeko proposamenak —oraingoan, ekoizpen arazoak argudiatuta—, baina sindikatuek abisatu dute ez dutela inposiziorik onartuko. Hala adierazi zuten atzo ELAk eta LABek, Arcelor Mittalek bere planta guztietarako iragarri dituen erregulazioei buruz—Siderurgia arloko multinazionalak zortzi lantegi ditu Euskal Herrian—.

Sindikatuek azaldu dutenez, asteazken honetan eginiko bilera akordiorik gabe amaitu zen, eta enpresak bere planteamenduekin aurrera egitea erabaki du —ez du langile batzordeen babesa behar horretarako—. Salatu dute zuzendaritzak ez duela inolako konpromisorik eskaini, besteak beste, enpleguari eta inbertsioei eusteko, eta jarduera gehiago ez azpikontratatzeko. Enpresak, halaber, %75erainoko bermea aplikatu du kontzeptu guztietan, ekoizpen sarian eta aparteko ordainsarian izan ezik, eta erabaki du erregulazioan dauden langileek ez dituztela opor egunak sortuko.

Indarrak batzeko deia

ELAk zuzendaritzaren jarrera kritikatu du, eta nabarmendu aurreko erregulazioan ezarritako baldintzak «nabarmen okertu» dituela. Haren ustez, COVID-19aren ondorioak «langileek ordaintzea» nahi du zuzendaritzak.

LABentzat ere argi geratu da enpresak ez duela frogatu koronabirusaren ondorioz lan erregulazioa behar dela: alegia, ez duela azaldu pandemiak enpresaren egoera ekonomikoan eta produktiboan zein eragin duen. Horrekin batera, salatu du zuzendaritzaren helburua ez dela erregulazioaren bidez enplegua bermatzea, «kaleratzeekin mehatxatzea baizik».

Horiek hala, ELAk administrazioei eskatu die esku hartzeko eta «zorrotz» zaintzeko «enplegua eta etorkizuneko susperraldia arriskuan jar ditzaketen enpresen planteamenduak». LABek hitzarmen kolektiboen garrantzia nabarmendu du, eta gaineratu du irtenbidea ez dela etorriko «multinazionalaren neurrira sinatutako enpresa hitzarmenen bidez». Azpimarratu du ezinbestekoa dela sindikatuek «indarrak batzea», langileen «beharrak» agendan sartzeko .

Michelinen, lau hilabetekoa

Arcelor Mittalen ez ezik, Michelinen ere iragarri dituzte aldi baterako lan erregulazioak lantegi guztietan —bi Euskal Herrian: Gasteizen eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa)—. Gurpilak produzitzen dituen multinazionalak sindikatuen esku utzi du dosierra aurkezteko memoria, eta erregulazioa aplikatzeko epea zein izango litzatekeen azaldu die: lau hilabetekoa —maiatzaren 18tik irailaren 15era—. Enpresak langileei ordezkariei azaldu dienez, enplegua mantentzeko konpromisoari eutsiko lioke, baina hori eta beste xehetasun batzuk ez ditu oraindik argitu.

Volkswagen auto ekoizle alemaniarrak, berriz, jakinarazi du Iruñean duen lantegian astebete atzeratuko dutela bigarren txandako langileen itzulera —maiatzaren 22an hasiko dira—. Apirilaren 27an itzuli ziren lehen txandako beharginak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.