Itxialditik ateratzeko baldintzak zehaztu ditu Frantziako Gobernuak

Enpresa eta eskolez gain, komertzioak ere irekiko dira Ipar Euskal Herrian astelehenetik aitzina, baina ostalaritza arloan itxirik segitu beharko dute. Frantzia testak masiboki egiteko prest dela iragarri du Olivier Veran Osasun ministroak.

Baionako karrikak, hutsik. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko maiatzaren 7a
18:48
Entzun

Maiatzaren 11tik aitzina konfinamendutik ateratzeko hartuko dituzten neurriei buruzko zehaztasunak eman ditu Frantziako Gobernuak gaur arratsaldean. Edouard Philippe lehen ministroaren hitzetan, epidemia mugatzea lortu dute, eta «baldintzak beteak dira», baina ez du baztertu egoera okertuko balitz berriz gibelera egitea. COVID-19ak izan duen hedapenaren arabera, bi eremu bereizi dituzte, gorria eta berdea; Ipar Euskal Herria eremu berdean da, konfinamendutik malgutasun handienarekin aterako den eremuan.

Hala, astelehenetik aitzina, enpresa gehienak ohiko jarduerara itzuliko dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, baina, jende multzo handiegiak ez osatzeko, ordutegiak antolatzera deitu du Muriel Penicaud Lan ministroak. Komertzio gehienak ere normal irekiko dituzte, ostatu, jatetxe eta halakoak izan ezik. «Ondoko asteetan bide beretik segitzen bada, bigarren fasera pasatzea pentsatzen ahalko dugu». Orduan irekiko lirateke ostalaritzako guneak. Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroaren hitzetan, «lehentasunezkoa» da ekonomia berriz abiatzea.

Eskola gehienak irekiko dituzte, baina ikasle guziak ez dira ikasgeletara itzuliko. Gurasoek erabakiko dute haurrak bidali ala ez, eta gehienez ere hamabost haur batuko dira ikasgelaka. Parisek aginduak eman ditu, baina tokiko erakunde eta ikastetxeen esku gelditu da gauzapena. Azken egunetan «tarrapataka» antolatzen ari direla salatu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Aitortu du «buruhauste ikaragarria» dela: «[Frantziako] gobernuak inolako kontzertaziorik gabe hartu du erabakia».
Heldu den asteartetik aitzina, lehen mailetako ikasleak hasiko dira; maiatzaren 18tik aitzina, kolegioetakoak; eta lizeoetakoak, ongi bidean, ekainean.

Pertsona zaurgarriek ez dute baitezpadako konfinamendurik izanen, baina «arduraz» jokatzeko gomendatu die Olvier Veran Osasun ministroak, erantzukizuna haien gainean emanez. Gainerakoekin ahalik eta kontaktu gutxien izateko eskatu die. Horrez gain, Veranek adierazi du Frantzia prest dela koronabirusaren sintomak agertzen dituzten herritarrak masiboki testatzeko. «Sintomarik baduzue, medikuari dei egin, eta hark testa egiteko agindua emanen dizue». Gizarte Segurantzak osoki bere gain hartuko du.

Mugikortasuna, malguago

Maiatzaren 11tik aitzina, 100 kilometroko perimetroan mugitzen ahalko dira Ipar Euskal Herriko herritarrak —mugarik gabe Pirinio Atlantikoetako Departamenduan—. Muga hori gainditzeko, gaurtik eskuragarri izanen den ziurtagiri berri bat ukan beharko da, Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak jakinarazi duenez. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga itxia egonen da, gutxienez ekainaren 15era arte.

Garraio publikoen sarea berriz martxan emanen dute —Ipar Euskal Herrian, %80—, baina maskara eramatea baitezpadakoa izanen da 11 urtetik gorako herritarrentzat. Kontrol zorrotzak eginen dituztela iragarri zuen Claude Olive Euskal Elkargoko mugikortasun lehendakariordeak herenegun; maskararik ez duenak 135 euroko isuna arriskatuko du.

Gehienez ere hamar pertsona elkartzen ahalko dira, urruntze fisikoaren neurriak errespetatuz. Ekainaren 2tik aitzina berrikusiko dute kopuruaren muga. 5.000 pertsonatik gorako elkarretaratzeak debekatuak izanen dira irailera arte. Prefetak baimentzen badu, hondartzetara eta aintziretara joateko aukera izanen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.