Murga: «Duela hamabost egun baino hobeto gaude, eta hobetu eta hobetu ari gara»

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak duela hamabost eguneko datuekin alderatu ditu gaurko datuak Diputazio Iraunkorrean. Hegoaldean beste 11 hildako erregistratu dituzte gaur.

Herritar batzuk Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) kaleetan. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 8a
13:57
Entzun

Ohiko agerraldian egin beharrean, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean hitz egin duen tartean aurkeztu ditu eguneko datuak gaur. Mezu baikorra igorri du sailburuak, nahiz eta aitortu duen azken egunetako datuetan «gorabeherak» izan direla.

Murgak Diputazio Iraunkorra azkenekoz bildu zenean esku artean zituen datuekin alderatu ditu gaurko datuak. Adierazi duenez, asteak daramatzate joera batzuk ikusten; adibidez, esan du etengabe murrizten ari direla osasun zentroetan jasotzen dituzten kontsultak, larrialdietan artatzen dituzten pertsonak eta ospitaleratuak.

Duela hamabost egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 801 lagun zeuden erietxean COVID-19aren ondorioz, eta atzo 493 ziren. Hori, ordea, ez da izan Murgak azpimarratu duen datu bakarra: «Orduan baieztatutako kasuen %61,4 soilik zegoen sendatuta, eta orain %78,3ra igo da kopuru hori; egun hartan PCR bidez 104 positibo baieztatu genituen, eta gaur 60». Beraz, irizpide horiek «ia erdira» murriztu direla esan du: «Datuak ikusita argia da bilakaera; duela hamabost egun baino hobeto gaude, eta hobekuntzarako joerari eusten jarraitzen dugu».

54 lagun gutxiago ospitalean

Hala ere, koronabirusa biktimak eragiten ari da oraindik ere Hego Euskal Herrian. Atzo, beste 11 lagun hil ziren (1.884 guztira), eta 398 kasu berri ere baieztatu zituzten osasun zerbitzuek. Dagoeneko 24.513 pertsonari atzeman diete koronabirusa Hegoaldean. 

Nafarroako Gobernuak eguneko datu positiboa nabarmendu du gaur igorritako oharrean: pandemia hasi zenetik, atzokoa izan zen ospitaleratu berririk izan ez zuten bigarren eguna. Gainera, lurralde guztietan nabarmen jaitsi da ospitaleratutakoen kopurua, eta 54 lagunek utzi zuten erietxea atzo (beste 622 han daude oraindik).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.