Bi datu kezkagarri (eguneko laburpena)

Nafarroaren kasuan, PRC positiboen intzidentzia tasa altua da (51,97 kasu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan). Madrilen tasa bera izan du gaur Nafarroak, baina Madril ez da pasatu lehen fasera.

Uso bat, Iruñeko Gaztelu Plazako farol baten gainean. JESUS DIGES / EFE
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 10a
19:10
Entzun

Azkenaldiko igandeetan bezala, gaur ere bilera telematikoa izan dute Espainiako gobernuburuak eta autonomia erkidegoetako lehendakariek. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendariek berpizkunde ekonomikoari eman diote garrantzia. Bi erkidegoek lehen faserako pasea lortuta, inbertsioetarako planen aipamena nagusitu da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, lehen faseko arauetan murrizketak ezarriko dira, besteak beste, udalerrien arteko joan-etorrietan (salbuespenen artean kirola egitea gehitu berri dute, eta herritik atera ahal izango da kirola egiteko). Murrizketa horren zergatiari buruz, Urkullu lehendakariak ez du argibiderik eman, soilik zuhurtziaz aritu beharra aipatu du.

Gaurko datuak ez dira atzokoak baino hobeak, antzeko parametroetan mugitzen badira ere. Laburbilduz, PRC positiboak gehitu egin dira, hildako kopurua berbera da, ospitaleratuen kopurua eta ZIUetan daudenen kopurua ia berbera da, eta ospitaleratze berrien kopurua jaitsi egin da pixka bat. Hamalau eguneko ikuspegiaz begiratuta, bi datu kezkagarri agertzen dira. Nafarroaren kasuan, PRC positiboen intzidentzia tasa altua da (51,97 kasu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan). Madril erkidegoaren tasa bera du Nafarroak, baina hura ez da pasatu lehen fasera. EAEn, jende asko ari dira ospitaleratzen: azken hamalau egunetan, 476 pertsona.

Egun batetik bestera positibo guztien kopurua 495tik 143ra pasatu bada ere, PRC test bidezko positiboen kopurua igo egin da: 43tik 58ra. Beste 39 pertsona sartu behar izan dituzte ospitalean (bezperan baino 14 gutxiago). 602 pertsona daude ospitaleratuta (bat gutxiago), eta ZIUetan 105, atzo bezala. Azkenik, beste 16 pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. Dagoeneko, 1.916 pertsona hilik. 

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdiaren gaia aztertuko dute datorren ostegunean alderdien mahaian. Arantza Tapia kontseilariak logikotzat jo du hauteskundeetara deitzea. Aldiz, ikasleen itzulerarekin eta haustekundeekin azkarregi joan nahi izatea leporatu dio Maialen Iriarte EH Bilduko parlamentariak EAJri. 

Agian honek ere merezi du

Pobretzea. COVID-19ak eragindako krisiaren ondorio ekonomikoak nabaritzen hasiak dira. Egoera prekarioan zeudenak ari dira pairatzen batik bat kolpe ekonomikoa. Berriro pobretzeko arriskuan daude. 2008ko finantza krisiak pobretzea areagotu zuen. Beste pobretze olde bat etorriko da? Gai horretan sakondu du Maite Asensio kazetariak igandeko erreportaje nagusian. Etxebizitzarik ez dutenen kasua aztertu du Ion Orzaizek. Halaber, Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilariaren iritziak bildu ditu Joxerra Senarrek. 

Amazonia. Lurreko oihanik handienera ere iritsi da koronabirusa. Hango indigenak arriskuan sentitzen dira. "Indigenak geroz eta mehatxatuago gaude gure lurretan", dio Julio Cesar Jamioy OPIAC Kolonbiako Amazoniako Herri Indigenen Elkarteko koordinatzaile nagusiak, Gorka Berasategik egindako elkarrizketan. Sarraski baten beldur dira, osasun azpiegiturarik ez dutelako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.