Noiz sortua: 2020-05-11 10:18:25

Fase artean ez galtzeko gida

Maiatzaren 25arekin, konfinamendutik irteteko 2. fasera igaro da Hego Euskal Herria, baina ezberdintasunak daude Nafarroan ezarritako neurrien eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoen artean. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa eremu berdean daude, eta konfinamendua arintzeko urrats bizkorrenetan dira.

Zarauzko malekoian, talde bat terraza batean.
Zarauzko malekoian, talde bat terraza batean. Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko maiatzak 24

Astelehenean sartu da indarrean bigarren fasea Hego Euskal Herri osoan. Hauek dira egin daitezkeen jarduera nagusiak.
 

Dendak, negozioak eta zerbitzuak

Zer saltoki daude zabalik?

Alarma-egoera deklaratu ondoren jarduera eten zaien txikizkako establezimendu eta merkataritza-lokal eta zerbitzu profesionaleko jarduera guztiak berriro ireki ahal izango dira, salmentarako eta erakusketarako azalera erabilgarria kontuan izan gabe, honako baldintza guztiak betetzen badituzte: merkataritzako establezimendu eta lokalen guztizko edukiera ehuneko berrogeira (% 40) murriztea. Hainbat solairutan banatutako establezimendu edo lokalen kasuan, bezeroak solairu bakoitzean egoteak proportzio hori bera gorde beharko du.
Edonola ere, gutxienez bi metroko distantzia bermatu beharko da bezeroen artean. Distantzia hori mantendu ezin den lokaletan, bezero bat bakarrik egon ahal izango da lokalaren barruan. Horrez gain, 65 urtetik gorakoentzat lehentasunezko arreta-ordutegia ezarri beharko dute. Hori guztia ezarritako higiene baldintza eta neurriak betez.

Ipar Euskal Herrian muga laxoagoa da: 40.000 metro koadro baino gutxiagoko saltokiek ireki ahal izango dute, eta hortik gora dutenei prefetak eman ahal izango die baimena. Taberna, kafetegi eta jatexeek oraingoz itxita jarraituko dute, ordea.

Merkataritza gune handiak irekiko dituzte?

Merkataritza guneak berriro ireki ahal izango dira, betiere honako baldintza hauek guztiak bermatzen badira:

a) Merkataritza-zentro edo -parke bakoitzaren Autobabes Planean zehaztutako edukieren arabera, euren gune komunen guztizko edukiera ehuneko hogeita hamarrera (% 30) mugatzea.

b) Edukiera ehuneko berrogeira (% 40) mugatzea bertan kokatutako merkataritza-establezimendu bakoitzean.

c) Bezeroak ezin izango dira gune konpartituetan egon, merkataritza-establezimenduen arteko igarotze hutserako izan ezik.
Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ez zaio aplikatuko eremu komun horietan egiten den ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari, jarduera hori ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetarako aurreikusitakoari egokituko baitzaio.

d) Debekatuta dago jolas-eremuak erabiltzea, hala nola haurrentzako guneak, ludotekak edo atsedenlekuak, eta itxita egon beharko dute.

e) Ezarritako higiene-neurriak betetzea.

Eta tabernak eta jatetxeak?

Maiatzaren 25etik aurrera, tabernek barnean hartu ahal izango dituzte bezeroak, mahaien erdiak erabiliz. Nafarroan, aldiz, %40koa da muga. Hau da Jaurlaritzako arautegia malguago bihurtzen duten salbuespenetako bat, elkarte gastronomikoekin batera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ireki ahal izango dituzte, ostalaritzak errespetatu beharreko neurriekin: bi metroko tartea mahai artean, edukieraren %50arekin, eta ezin da barran kontsumitu. Gehienez hamar lagun elkar daitezke terrazetan. Nafarroan, berriz, ezingo dituzte ireki.

Orain arte, 23:00ak ziren erreferentziazko itxiera muga, kalean egoteko bera, nahiz eta udal batzuek tarte handiagoa utzi duten. Aurrerantzean ere udalek dute hitza.

Diskotekak eta gaueko giroko tabernak itxita egongo dira oraindik. Mahaietan eserita egon beharko dute bezeroek, ezingo dute barran kontsumitu, eta aurrez lekua hartzea hobetsiko da. Erabilera bakarreko mantelak erabiltzea aholkatu dute, eta garbiketa arazu zorrotzak agindu dizkiete irekiko duten lokalen jabeei.

Iparraldean, ekainaren 2tik aitzina zabalduko dituzte jatetxe eta ostatuak. Langileek maskara erabili beharko dute, eta bezeroek ere bai, ostatu barnean mugituko direlarik. Jatetxeetan, ez dute onartuko hamar lagun baino gehiagoko mahairik, eta mahaien artean metro bateko distantzia errespetatu beharko dute. Aldiz, ostatu barnean zutik kontsumitzea debekatu dute.

Txanda hartu behar da dendetara joateko?

Dendetara joateko, printzipioz, ez. Maiatzaren 4tik 9rako astean ireki zituzten dendetan-eta beharrezkoa zen aurrez txanda hartzea, baina maiatzaren 11tik aurrera ez da derrigorrezkoa izango. Jatetxeetan, aldiz, hobetsi egingo da txanda hartzea. Edozein moduz, komeni da ziurtatzea negozioa zabalik dagoela eta zerbitzua ematen ari dela, eta jende pilaketa handiak saihesteko eskatu dute beti.

Liburutegiak irekiko dira?

Nafarroan, museoak eta liburutegiak ireki ahal izango dira. Museoen bisitak %30era mugatuko dira. Liburutegiak irekiko dituzte, baina edukiera mugatuarekin eta soilik liburuak mailegatzeko eta irakurtzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, ezin izango dira ireki ez museoak, ez liburutegiak, Eusko Jaurlaritzak hala erabakita. Espainiako Gobernuaren azken aginduaren arabera, bigarren fasean zabalduko dira liburutegiak; kontsultak egin ahalko dira eta ordenagailuak-eta erabili ahalko dira —desinfektatu egin beharko dituzte ondoren—. Umeentzako aretoek itxita jarraituko dute, eta norberak eskuratzeko kolekzioetarako sarbidea ere itxita egongo da. Ipar Euskal Herrian ere ez dituzte museoak zabalduko oraingoz.

Eta museoak?

Museoetan, edukieraren erdia onartuko du Jaurlaritzak, ekainaren 1etik aurrera. Nafarroan, herena da muga.

Zinemak, antzokiak, auditorioak eta halakoak noiz irekiko dituzte?

Kultur eremu estaliak ireki ahal izango dira, edukieraren heren batekin, eta, asko jota, 50 pertsonarekin. Eremu irekietako muga ere herena da, guztiak eserita, hori bai, eta, asko jota, 400 pertsonarekin. Nafarroan muga 200 ikuslekoa, eta kirol ikuskizunak antola daitezke.

Iparraldean, ez dituzte zabalduko ekainaren 22ra arte. Egun horretatik aitzina, kanpoan egiten diren ekitaldi handiak baimentzeko asmoa daukate, baina ezingo dira 5.000 lagun baino gehiago bildu. Diskotekak, kirol kolektiboak, hipodromoak eta kirol zelaiak hetsirik atxikiko dituzte, oraingoz.

Hotelak?

Bai. Hotelak, ostatuak, pentsioak, nekazalturismoko etxeak... gelak alokatzen hasi ziren maiatzaren 11tik aurrera, eremu komunak zabaldu gabe publikoari. Maiatzaren 25etik aurrera, ordea, gune komun horiek ere zabaldu ahalko dira, edukieraren herena gainditu gabe.

Iparraldean, Pirinio Atlantikoetako departamenduko bidaiariak soilik hartu ahalko dituzte oraingoz.

Okindegiek-eta sal ditzakete edariak?

Eramateko baldin bada bakarrik; ezin dira denda barruan kontsumitu. Okindegiak terraza baldin badu, ostalaritza zerbitzuetarako irizpideei jarraitu beharko die.

Azokak egin daitezke?

Bai, osasun neurri batzuk hartuta. Udalek distantzia eta segurtasun irizpide batzuk ezarri beharko dituzte, eta ohiko postuen %25 baino ezingo dira jarri —maiatzaren 25etik aurrera, postuen heren bat jarri ahalko dira—. Eskumena udalek izango dute, eta haiek esku egongo da, adibidez, azokentzako eremua handitzea, postu gehiago jarri ahal izateko, edo ordutegiak arautzea, adibidez azoka bi egunetan edo ordutegi txandatan egiteko. Jakiak eta oinarrizko salgaiak eskaintzen dituzten postuei lehentasuna ematea aholkatu du Espainiako Gobernuak. Bezeroek ezingo dituzte salgaiak ukitu. Jai azokek, ordea, debekatuta jarraituko dute oraingoz. Auto bidezko salmentak onartu dituzte, udalaren baimena badute eta salgaiak premiazko produktuak badira. Azken horiei ordutegi bat ezarri diete: 08:00etatik 15:00etara.

Ibilgailuak konpontzeko tailerrak zabalik daude?

Ireki ahalko dute, autoak konpontzeko eta piezak saltzeko. Bezeroen arreta osasun irizpideei jarraituz egin beharko dute, negozio guztiek bezala.

Eta kontzesionarioak eta IATak?

Kontzesionarioak eta IAT Ibilgailuaren Azterketa Teknikoa egiteko guneak ere lanean has daitezke, baina aholkatu dute aurrez txanda hartuta joatea. Halere, Hegoaldean, IAT txartelen iraungitze datak bertan behera utzi dituzte urte amaierara arte. Autoak desgaitzeko guneak ere lanean aritu daitezke, beren jarduera osoan; alegia, baita piezak saltzen ere.

Beilak, hileta zeremonia zibilak eta erlijiosoak?

Baimenduta daude. Hego Euskal Herrian, 25 lagun elkartu daitezke gehienez leku irekietan, eta hamabost itxietan; Ipar Euskal Herrian, hogei lagun elkartu litezke halakoetarako. Edonola ere, osasun neurriak eta bi metroko tartea errespetatu beharko dira. Gurtza zentroetara joan ahalko da, baina edukiera %30era murriztuko da —maiatzaren 25etik aurrera, edukieraren erdia erabili ahalko dute—. Meskita gehienek itxita jarraitzea erabaki dute.

Eta ezkontzak?

Espainiako Gobernuak agindu du maiatzaren 25etik aurrera, bigarren fasean, egiten hasi ahalko direla ezkontzak ostera. Ospatuko diren aretoaren erdia erabili ahal izango dira, eta gehienez 50 pertsona elkartu ahalko dira eremu itxietan, eta 100 eremu irekietan.

Eta mendekotasunak dituztenentzako zerbitzuak?

Maiatzaren 11tik aurrera berriro martxan jarriko dira mendekotasunak edo elbarritasunak dituzten pertsonentzako zerbitzuak, pixkanaka.

Nork kontrolatuko du lekuen edukiera?

Denda, ostatu edo negozio bakoitzaren jabeak jarri beharko ditu baliabideak, bere lokalaren edukiera gainditu ez dadin, eta bezeroei txartelen bidez-eta jakinarazi beharko diete lekuaren edukiera.

Noiz hasiko dira liga profesionalak Hegoaldean?

Sasoiak bertan behera utzi dituzte liga askok. Gizonezkoen futbol profesionala da lehiara itzultzekotan dagoen bakarretakoa, eta ekainaren 8an berrekingo diote txapelketari. Emakumeena amaitutzat eman zuten.

Liga ez profesionaletako kirolari federatuek banaka itzuli ahalko dute entrenamenduetara maiatzaren 25etik aurrera.

 

Joan-etorriak eta bizitza soziala

Dokumenturik behar al da lanera joateko?

Maiatzaren 11tik aurrera ez da derrigorrezkoa, baina gomendagarritzat jo du Ertzaintzak. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez da agiririk behar kalean ibiltzeko.

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da?

Leku itxietan nahitaezkoa da sudurra eta ahoa estaltzen dituzten maskarak erabiltzea, ahal dela higienikoak eta kirurgikoak, 6 urtetik gorako pertsonentzat. Pantaila babesleak ez dira maskaratzat hartzen. Espazio publikoan ere derrigorrezkoa izango da, ezin bada bermatu jendearen arteko bi metroko distantzia.

Betebehar hori ez zaie eskatuko arnas zailtasunen bat duten pertsonei eta maskara erabiltzearekin bateraezinak diren jarduerak egiten ari direnek (adibidez, elikagaiak eta edariak hartzea; korrika egitea eta txirrindularitza egitea), edo ezinbesteko arrazoiengatik edo premia-egoeragatik.

Kalean ibili al daiteke jendea?

Bai, elikagaiak, botikak eta 0 eta 1 faseetan onartutako produktu edo zerbitzuak erosteko edo kontsumitzeko bada; baita osasun zentroetara, lantokira eta handik etxera joateko, eta adinekoak, adingabeak, menpekotasunen bat dutenak eta pertsona zaurgarriak zaintzera joateko bada ere; edota banketxera, notaritzara, abokatuarenera edota gestoriara joateko.

Maiatzaren 11tik aurrera, lagun edo senideekin ere gelditzea posible dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko, Zuberoako herritarrek —100 kilometroko erradioan eta muga igaro gabe— eta Nafarroakoek —probintzia barruan bada—; beste hiru probintzietan, soilik aukera hori dute herri berean bizi badira —Eusko Jaurlaritzak iragarri du bakoitzak bere probintzian mugitzeko aukera izango duela maiatzaren 18tik aurrera—.

14 urtez azpikoak ere irten daitezke?

Maiatzaren 25etik aurrera, haurrek ere ez dute ordutegi mugarik izango kalera irteteko; muga bakarra 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 artean ez ateratzea izango da, 70 urtetik gorakoentzako gordetzen jarraituko baitituzte tarte horiek.

Bizikidetza unitatearekin atera ahal izango dira, edo, gutxienez, pertsona heldu arduradun batekin. Ezin izango da aire zabaleko haurrentzako jolas espazioetara sartu.

Eta posible da norbere udalerritik ateratzea?

Normalean, norbera bere udalerrian ibiltzea da aholku orokorra; saltoki edo zerbitzu jakin batzuk eskura ez badaude, orduan urrunago joan ahalko da, horiek erosi edo eskuratzeko.

Maiatzaren 11tik aurrera, Nafarroan posible da probintziaren barruan mugarik gabe mugitzea, eta maiatzaren 18tik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere posible da. Bidaia horiek egiteko ordutegi mugarik ez du jarri gobernuak, gainera. Ideia orokorra da beste probintzia batera ezin dela joan, baina mugakideak diren herrietan malguago jokatuko dute.

Edozein moduz, badaude norbere probintziatik ateratzeko baldintza batzuk Hegoalde guztirako balio dutenak. Hauek: osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza eta prestakuntza arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere. Senideak bisitatzera joateko ere malgutasuna bada.

Ipar Euskal Herrian bestelakoa da araua: norbere bizilekutik 100 kilometroko erradio batean mugitu ahal izango dute, Pirinio Atlantikoen departamenduaren barruan; hortik atera ahalko dute, laneko, osasuneko edo pisuzko beste arrazoiren bat baldin bada.

Bada ordutegirik norbere herritik ateratzeko?

Bigarren fasean ordutegi gehienak ezabatu dituztenez, eta mugikortasuna onartuta dagoenez probintzia osoan, ez.

Zer baldintza daude jarduera fisikoa egiteko kalean?

14 urtetik gora edukitzea; bakarka egitea, egunean behin, denbora mugarik gabe baina ezarritako ordutegien barruan. Ezin dira egin taldeko kirolak edota kontaktu fisikoa eskatzen dutenak.

Non egin daiteke jarduera fisikoa?

Eremu publiko orotan, baita ingurune natural edo berdeetan ere, udalerri barruan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, posible da ondoko udalerrira ere joatea, edo kirola egiten ari denean ondoko udalerrian sartu-irteera egitea; Nafarroan, soilik udalerri barruan egin liteke kirola. Oraingoz, ezin da kirolik egin leku itxietan, baina kiroldegiek maiatzaren 25etik aurrera irekitzen hasteko aukera izan dezakete.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, orain arte, Iparraldeko herritarrek ezin zuten 100 kilometro baino urrunagoko joan-etorririk egin, «baleko arrazoirik» gabe. Ekainaren 2tik aitzina, «libreki» ibiltzen ahalko dira Frantziaren menpe dauden lurraldeetan. Edouard Philipperen arabera, baliteke Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga ekainaren 15ean irekitzea.

Eta mendira joan liteke?

Bai, asko jota hogei pertsonako multzoetan.

Jarduera horietarako ordutegiak mantentzen dira Hegoaldean?

Ez. Bigarren fasean, Espainiako Gobernuak bertan behera utzi ditu jarduera fisikoa egiteko ezarritako ordutegiak, udalerriaren tamaina edozein dela ere. Beraz, 10.000 biztanletik beherako udalerrientzako irizpidea desagertu egingo da bigarren fasean. Halere, muga bati eutsi dio, salbuespen gisa: 70 urtetik beherako herritarrei eskatu diete kalean ekintzarik ez egiteko 10:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:00etara, 70 urtetik gorakoak tarte horietan atera ahal izan daitezen.

Maiatzaren 25etik aurrera, taldeak handitzeko aukera izango da: hamabost pertsona artean atera ahalko dira elkarrekin kalera. Orain arte, gehienez hamarreko taldeak zeuden onartuta.

Etxe barruan hartu-eman sozialak onartuta daude?

Lehen fasea estreinatzearekin batera polemika edo zalantza gehien sortu zuen galdera izan da etxe barruko bilkurei buruzkoa; Espainiako Gobernuak orokorrean onartu zituen hamar lagun arteko bilkurak, horiek non ziren zehaztu gabe. Irizpide horri jarraitu zion Nafarroako Gobernuak, baina aukera hori murriztu zuen Jaurlaritzak, eta etxe barruko hartu-eman sozialak debekatu zituen.

Bigarren fasean, ordea, ez da zalantzarik izango: hamabost lagun arteko bilkurak onartuta egongo dira kalean, baina baita leku itxietan ere; etxebizitzetan, elkarte gastronomikoetan, ostalaritza negozioetan...

Senideak bisitatzera joan daiteke?

Bai.

Eta elkarte gastronomikoak ireki daitezke?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ireki daitezke, ostalaritzaren muga berberekin; gehienez lehengo edukieraren %50arekin. Nafarroan, itxita jarraituko dute.

Bigarren etxebizitzara joan daiteke?

Bai, beti ere bigarren etxebizitza bizilekuaren probintzia berean baldin badago. Izan ere, oraindik ez daude baimenduta herrialde arteko mugimenduak, lanarengatik edo osasun arrazoiengatik ez bada.

Posible da baratzera joatea?

Bai, probintzia berean egonez gero.

Eta hondartzara?

Baimenduta dago hondartzetako joan-etorria eta egonaldia, bai eta kirol, lanbide edo jolas jarduerak egitea ere, banaka eta kontaktu fisikorik gabe egin daitezke, eta parte-hartzaileen artean gutxienez bi metroko distantzia eta gehienez hamabost pertsonako taldeen arteko distantzia mantentzea zainduz. Objektu pertsonalak, eskuoihalak, etzateko aulkiak eta antzeko elementuak beste erabiltzaile batzuekiko bi metroko segurtasun-perimetroa bermatzeko moduan kokatuko dira, elkarrekin bizi diren bainularien kasuan izan ezik.
Aisialdiko bainuak baimenduko dira, baita eguzkia modu estatikoan hartzea ere, baldin eta hondartzako araudiak baimentzen baditu.

Igerilekuak?

Hegoaldean, igerilekuak maiatzaren 25etik aurrera ireki ahalko dituzte, estaliak zein aire librekoak. Edonork joan ahal izango du, baina txanda hartu beharko da, eta ezingo da edukieraren %30 gainditu. Garbiketa arau zorrotzak aginduko dizkiete.

Noiz irekiko dituzte kiroldegiak?

Estalitako kirol instalazioak ireki ahal izango dira maiatzaren 25etik aurrera. Estalitako kirol-instalaziotzat joko da kirol instalazio oro, esparru itxi edo ireki batean kokatuta egon, guztiz itxita egon eta sabaia izan eta kirol-modalitate bat (gimnasioak, tenisa, frontoiak, etab.) praktikatzea ahalbidetzen duena. Edozein pertsonentzat izango dira erabilgarri, eta hitzordua eskatu beharko da.

Banakako kirol-jarduerak edo gehienez ere bi (2) pertsonak egin ditzaketen praktikak baimendu ahal izango dira modalitate horietan, betiere kontaktu fisikorik gabe. Era berean, instalazio bakoitzean kirol-erabilerarako edukieraren % 30 errespetatuko da. Aldagelak erabili ahal izango dira, prebentzio eta higiene neurri orokorrak errespetatuz.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak irekiko dituzte ekainaren 2an.

Ekitaldi kulturalak egin litezke aire zabalean?

Nafarroan, maiatzaren 11tik aurrera, bai. Gehienez ere 200 pertsona bil litezke, denak eserita, eta haien artean bi metroko tartea utzita. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, ezin dira horrelako ekitaldiak egin; Eusko Jaurlaritzak debekatu egin ditu oraingoz.

Kongresuak, topaketak, mintegiak eta halakoak?

Hegoaldean, maiatzaren 25etik aurrera, posible izango da topaketa presentzialak egitea, kongresuak, mintegiak, negozio bilerak, hitzaldiak eta gisa horretakoak. Beti segurtasun eta higiene neurriak hartu beharko dira, eta lokalen edukiera mugatzeko oinarriak errespetatu, segurtasun tarteak zaintzeko.

Joan daiteke kultu zentroetara?

Bai; gehienez %50eko edukiera bete ahal izango da.

Ezkontzak egin daitezke?

Mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publikoak zein pribatuak, aire zabaleko espazioetan edo itxietan, betiere edukieraren ehuneko % 50 gainditzen ez bada, eta gehienez ere ehun pertsona elkartuz aire zabaleko espazioetan edo 50 pertsona espazio itxietan.

Bisitak egin litezke zahar etxeetan?

Adinekoen edo desgaitasunen bat duten pertsonen egoitza-zentroetara eta tutoretzapeko etxebizitzetara bisitak egin litezke eta bertakoek paseoak ere eman ahal izango dituzte, beti ere foru aldundiek zehazten duten araudiaren eta egutegiaren arabera.

Zer gertatuko da merkealdiarekin?

Dendek-eta merkealdiak iragarri ahal izango dituzte, baina ziurtatu beharko dute jende pilaketarik ez dela gertatuko, eta horretarako neurriak hartu beharko dituzte.

Eta ehiza eta arrantzarekin?

Espainiako Gobernuaren arabera, maiatzaren 17tik aurrera posible da ehizara eta arrantzara joatea Hegoaldean, beti segurtasun ete garbitasun arauei eutsita. Ehiza taldean egiten bada, arduraun bat egon beharko da, eta jarduera plan bat eduki beharko dute, bakoitzak bere tresnak erabili beharko ditu, ondoren desinfektatu, eta abar.

 

Garraioa

Zeintzuk dira auto batean joateko baldintzak?

Bederatzi eserleku arteko ibilgailu pribatuetan, eserleku ilara bakoitzeko bi pertsona joan ahal izango dira. Guztiak ez badira etxe berean bizi, nahitaez erabili beharko dituzte maskarak. Etxebizitza berean bizi diren pertsonek ibilgailu bera partekatu ahal izango dute baimendutako plaza-kopuruaren muga bakarrarekin, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izan gabe.

Eta garraio publikoan?

Euskal Herri osoan derrigorrezkoa da maskara, eta gutxienez metro eta erdiko distantzia egon behar da bidaiarien artean.

Zenbat lagun joan daitezke motorrean?

Bi, biek kasko integrala edo maskara badaramate edota etxe berean bizi badira. Eskularruak erabiltzea ere derrigorrezkoa da.

Muga irekiko dute?

Ez. Laneko edo pisuzko arrazoiengatik alde batetik bestera mugitu behar dutenek agiriak aurkeztu beharko dituzte.

 

Hezkuntza

Ikastetxeetara itzuliko dira ikasleak?

Ipar Euskal Herrian, batzuk bai. Maiatzaren 12tik aurrera, haur eskolak eta lehen hezkuntzako zentroak irekitzen hasi dira, baina gurasoek aukeratu ahal izango dute beren seme-alabak eskolara eramango dituzten. Maiatzaren 18an lizeoak eta kolegioak zabaldu zituzten, eta maiatzaren 25ean, gainerako ikastetxeak.

Ekainaren 2tik aitzina, lehen mailako ikastetxe guztiak irekiko dituzte. Kolegioetan, laugarren eta hirugarren mailak sartzen ahalko dira. Lizeoak ere irekiko dituzte, eta ikastetxe bakoitza «tokian tokiko egoerari» egokitu beharko zaio. Lekuak mugatu eta txandak egin behar dituzte eskolara itzultzeko, gehienez hamabost ikasleko taldeak sartu ahalko baitira gela bakoitzean. Polemika eta eztabaida bizia ari dira sortzen horren inguruan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batxilergoko bigarren mailako ikasleak eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren mailakoak maiatzaren 25etik aurrera hasiko dira ikasgeletara itzultzen. Irakasle eta gainerako langileei dagokienez, ordea, maiatzaren 25etik aurrera modu mailakatuan joan beharko dute aurrez aurreko lanera, irakaskuntza maila edozein dela ere. Salbuespen gisa, telelanarekin jarraitu ahal izango dute egoera «berezian» dauden irakasleek edota itzultzea ezinezkoa egiten duten «baldintzak» dituztenek.

 

Egutegia

Ipar Euskal Herriak ekainaren 2an egingo du hurrengo arintze urratsa, epidemiaren adierazleak okertzen ez badira. Frantziako Gobernua aztertzen arituko da adierazle horiek, eta, datuen eta egoeraren arabera, departamenduak egoera batetik bestera aldatuko ditu. Oraingoz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa eremu berdean daude, eta konfinamendua arintzeko urrats bizkorrenetan dira.

Hego Euskal Herrirako, gutxi gorabeherako egutegi eta fase hauek zehaztuak ditu Espainiako Gobernuak. Gero ikusi beharko da fase bakoitzeko neurriak nola ezarriko dituzten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak:

Koronabirusa egunez egun

Koronabirusaren krisiari buruzko buletin berezi honek azken 24 orduetan gertatutakoaren gakoak eskainiko dizkizu. Arratsaldero jasoko duzu.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du bihar Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta horren truke Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Jaurlaritzak bihar eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea.

 ©BERRIA

Kulturgintza: eutsi ala hautsi

Iñigo Astiz

Koronabirusaren hedapenak ziurgabetasun handia eragin du aurrez ere prekaritateak gogor jotako sektore batean: kulturgintzan. Sorkuntza ere krisi honi aurre egiteko moduan dagoen jakiteko, lau sortzaile elkarteren zuzendaritzako kideak bildu ditu BERRIAk: Eneritz Artetxe (Ehaze), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea), Aitor Bengoetxea (Musika Bulegoa) eta Igor Elortza (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna