Hego Euskal Herria

Kaleko joan-etorrietan nabaritu da fase aldaketa

Eusko Jaurlaritzako langile publikoak lanera itzuli dira, «ziurgabetasunez»; azaldu dute urduri daudela, eta ez dutela lanerako itzuleraren ia argibiderik jaso. Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute sindikatuek, eta, adierazi dutenez, hedabideetatik izan zuten itzuleraren berri. Saltoki gehiago ireki dituzte: Nafarroan, «gogotsu»; Gipuzkoan, Jaurlaritzari eskatu diote «berriz pentsatzeko» herritarren joan-etorriak mugatzeaz.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria - Andoni Imaz
2020ko maiatzaren 11
11:56
Entzun

Eusko Jaurlaritzako langile publikoak lanera itzultzen hasi dira. Larrialdia adierazten duen zinta zuri-gorria jarri dute Lakuako egoitza nagusiaren atarian, Gasteizen. Korridoreak osatu dituzte, eta sarrera nagusian langileek banaka eta segurtasun distantzia mantenduta sartu behar dute eraikinera; ahal den heinean, bederen. 07:30ean zabaldu dituzte ateak, eta orduan iritsi dira langile goiztiarrenak. Oinez, bizikletan eta autoan gehienak. Txartela detektagailutik pasatu, eta barrura. Baina langileen tropelak goizeko zortzietan agertu dira, orduan iritsi baitira autobusak. Askok maskarak jantziak dituzte, baina zaila da segurtasun tartea mantentzea, eta pilaketak sortu dira momentu batean.  

Jaurlaritzaren arabera, administrazioko langileen %60 itzuli dira lanera. Langileen beste %40 salbuetsitako taldeetako kideak dira, eta, oraingoz, ez dira lanera itzuliko. Langileek zazpi orduko lanaldi jarraituak egingo dituzte, eta sartzeko eta irteteko ordutegiak malguagoak izango dira: 07:30etik 09:00etara eta 14:30etik 16:00etara.

Langileek ez dute gogorik sarreran pilatuta dauden kazetarien galderak erantzuteko. Gerturatu bezain laster, sentitzen dutela esan, eta lantokira sartzen dira bata bestearen atzetik. Hala aitortu du Arratek ere, baina azkenean adierazi du prest dagoela galdera pare bati erantzuteko. Era telematikoan aritu da gaur arte lanean, nahiz eta azaldu duen tarteka lantokira itzuli behar izan duela, arazoak izan dituelako ordenagailuarekin. Whatsappera iritsitako mezu baten bidez jakin zuen lanera itzuli behar zuela: «Talde bat dugu laneko kide batzuek, eta mezu bat bidali zuten bertara; ondoren, departamentuko zuzendaria jarri zen gurekin harremanetan». Esan du ez zuela ia argibiderik jaso, eta lehen eguna izanda urduri dagoela. Beste hainbeste dio gerturatu berri den lagunak ere. Hedabideetatik jakin zuen lanera itzuli behar zuela, eta nabarmendu du «ziurgabetasunez eta zalantzaz beteriko» itzulera dela.

Egoitza nagusiaren atarian dago Juanjo Ruiz de Mendoza ere. Administrazioko langilea da, eta, haren esanetan, bertan egon daitekeen beteranoetako bat. Ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak lanera itzultzeko emandako abisuetan «nahastea» egon dela, eta, ondorioz, lanera itzuli behar ez zuten langileak ere lantokira joan direla. «Langile asko etorri dira, eta fitxatu dute. Jaurlaritzak itzuleraren datu onak emango ditu, baina ez du azalduko langile askok etxera itzuli behar izan dutela lanpostuak babestuta ez zeudelako», salatu du Ruiz de Mendozak. Haren arabera, Jaurlaritzak lanerako itzuleraren irudi on bat eman nahi du, ustezko hauteskunde kanpaina laster has daitekeela gogoan izanda.

Langileen hitza

Joan den astean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi zuen lanerako itzuleraz sindikatuekin hitz egingo zuela. Are, Andres Zearreta Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak gaur adierazi du ezarri dituzten neurriak sindikatuekin negoziatu dituztela, baina sindikatuek uko egin diete bataren zein bestearen esanei. Izaskun Fernandez administrazioko langilea eta LABeko kidea da. Egoitza nagusiko sarreran dago, sindikatu bereko kide batzuekin batera. Adierazi du Jaurlaritza sindikatuekin harremanetan jarri zela, baina «plantak egiteko», ez besterik. «Txotxongilo batzuk izango bagina bezala tratatu gaituzte, eta hedabideen bitartez jakin dugu lanera itzuli behar genuela», esan du.

Egoera salatzeko, protestarako hautua egin dute sindikatuek, eta hain zuzen eguerdiko hamabietan batu dira LAB, ELA, UGT eta CCOO egoitzaren aurrean, Eusko Jaurlaritza: hau ez da prebentzioa lelopean. Azaldu dute langileak babestea dela lehentasuna, eta asko kezkatzen dituela Jaurlaritzak «hitz egiteko eta adosteko duen ezintasunak». Iragarri dute langileen lan baldintzen eta iragarritako prebentzio neurrien jarraipena egingo dutela orain.

Jende ilara Gasteizko Elkar liburu dendan, gaur goizean. Raul Bogajo / Foku

Kaleak, biziago

Langile publikoak soilik ez, dendari asko ere joan dira gaur lanera; hanbatek saltokia lehen aldiz ireki dute jendearentzat. Nafarroan, merkatariek eta bezeroek «gogotsu» hartu dute konfinamendua arintzeko fase berria. Carlos Albillo Iruñeko Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko presidenteak «itxura ona» hartu dio astelehenari, Europa Press berri agentziari adierazi dionez. Gaurko egoerak «ez du zerikusirik» duela bi hilabeteko itxialdikoarekin, haren esanetan.

Bestelako sentipena izan du Gipuzkoako Merkatarien Federazioak. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio «berriz pentsatzeko» herritarrei joan-etorriak mugatzeaz, eta bertan behera uzteko Espainiako Gobernuak 1. faserako jarritako irizpideari egin dioten aldaketa. Izan ere, ez dute uste «bidezkoa» denik neurri hori Gipuzkoan ezartzerik, «pandemiaren bilakaera txikiagoa eta neurtuagoa» izan baita lurralde horretan. «Gipuzkoa prest dago 1. fasera igarotzeko mugarik gabe», adierazi dute.

Saltoki minorista guztiek dute irekitzeko baimena, zenbait neurri hartuz gero ziurtatzeko ez direla bezero asko egongo dendaren barruan eta mantenduko dutela haien arteko segurtasun tartea. Hainbat liburu dendak ekin diote berriro jardunari, besteak beste.

Zenbait herritar Iruñeko Udaletxe plazako terrazetan, gaur goizean. Idoia Zabaleta / Foku

Terrazak izan dira eguneko irudietako bat. Ostalaritza zerbitzuek badute haiek zabaltzeko baimena, %50 murriztuta eta bi metroko tartea utzita mahaien artean. Gehienez hamar lagun elkar daitezke mahai bakoitzean, eta ordutegi muga bakarra itxiera da; 23:00. Bilbon, Ledesma kaleko zenbait terraza bete egin dira eguerdian, eta udaltzainak joan dira bezeroei eskatzera tarte handiagoa uzteko elkarren artean.

Nafarroako Ostalarien Elkartearen arabera, Nafarroa osoko taberna eta ostatuen %10ek ireki dute gaur. Nacho Calvo elkarteko idazkari nagusiaren arabera, ordea, litekeena da asteak aurrera egin ahala ostalari gehiagok ere zabaltzea.

Nafarroako Gobernuak errepikatu du lurralde osoan baimenduta dagoela gehienez hamar pertsona elkartzea, berdin etxe batean zein elkarte edo antzeko lokalen batean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, soilik tabernetako terrazetan elkar liteke jendea; izan ere, gainontzean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jaso du hamar lagun baino gutxiagoko taldeak ere ezingo direla elkartu etxeetan, nahiz eta horri buruz ez dioen ezer Eusko Jaurlaritzak berak gauerdian argitaratutako dekretuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.