Administrazio publikoko langileen %60 lanera itzuli dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Andres Ziarreta Funtzio Publikoko sailburuordearen arabera, langile publikoen itzulera «normaltasun berrira itzultzeko pixkanakako prozesuarekin batera» egin behar da.

Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 11
13:51
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoko langileen %60k gaur ekin diote berriz ere lan presentzialari. Martxoaren 17tik beharginen %20 ari ziren lana presentzialki egiten, eta orain, berriz, «mailaz maila, pixkanaka eta, betiere, pertsonen pilaketak saihestuz» ekin diote lanari.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, lan presentzialerako itzulera «ordenatua eta mailakatua» diseinatu du, eta langile guztien eskura jarritako Prebentzio Neurriak Zehazteko Planean jasotako segurtasun baldintza zorrotzetan egingo da itzulera hori. Gainera, langileek zazpi orduko lanaldi jarraituak egingo dituzte, eta sartzeko eta irteteko ordutegiak malguak izango dira: 07:30etik 09:00etara bitartean sar daitezke, eta 14:30etik 16:00etara bitartean irten.

Langileen beste %40 salbuetsitako taldeetako kide direlako ez dira itzuliko lanera oraingoz —datozen lau asteetan gutxienez—. Hiru dira talde horiek: COVID-19arekiko «bereziki sentikorrak» diren taldeetakoak; beren kargu 14 urtetik beherakoak edo mendekotasunen bat duten adinekoak dituzten langile publikoak; eta Eusko Jaurlaritzako Telelan programaren parte diren beharginak.

Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordearen arabera, neurriok zehazteko «sindikatuekin izandako negoziazioa handia izan da, eta, besteak beste, negoziazio horren emaitza da langile publikoen ordutegia are gehiago malgutzea, edo lan bizitza eta familia bizitza uztartzeko arrazoiengatik aurrez aurreko lanean hastea atzeratuko duten langileen kolektiboak ugaritzea».

Zearretak gehitu du langile publikoen itzulera «normaltasun berrira itzultzeko pixkanakako prozesuarekin batera» egin behar dela. «Ezin gara atzetik joan; %100 aktibo dagoen administrazio bat beharko dugu herritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko eta maila sozialean eta ekonomikoan ditugun erronkei guztion artean aurre egiteko».

Beste 7 hildako

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak koronabirusaren datuak ere eguneratu dituzte. Euskal Herrian 1.923 hildako erregistratu dira pandemia hasi zenetik; gaur, beste zazpi. Atzo, PCR bidez, beste 24 kasu ere baieztatu ziren Hegoaldean.

Ospitaleratu berriak, berriz, 13 izan ziren eta atzo iluntzean 582 lagunek jarraitzen zuten erietxean COVID-19aren eraginez; horietako 99k zaintza intentsiboetako unitatean. Lurraldeka, Bizkaian dago ospitaleratu gehien (275). Nafarroan 144 dira, Araban 89, eta Gipuzkoan 74.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.