Irizpide dantza (eguneko laburpena)

Gaur azaldutako datu guztiak bide onetik doaz; atzokoekin alderatuta, zenbakiak nabarmen apaldu dira. Zazpi pertsona hil dira azken orduetan, aspaldiko kopururik txikiena.

Terrazak itzuli dira. Irudian, Iruñeko Udaletxe plaza ingurukoak. IDOIA ZABALETA / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 11
19:03
Entzun

Ipar Euskal Herrian deskonfinamendu prozesuan murgilduta daude, eta maskarak banatzen hasi dira. Zenbait herriko etxetan ilarak sortu dira maskarak jasotzeko. Hegoaldean, lehen fasearen lehen eguna izan da, eta mugimendu gehiago nabaritu da kalean. Arauen inguruko gorabeherek hor jarraitu dute. Puntu batzuk dekretuetan erabat zehaztu gabe gelditu dira: adibidez, etxe batean zenbat jende bil daitekeen. Eta, ondoren, oso interpretazio ezberdina egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Murriztailea lehenak, eta zabala bigarrenak. 

Gaur azaldutako datu guztiak bide onetik doaz; atzokoekin alderatuta, zenbakiak nabarmen apaldu dira. Hildako kopurua aspaldiko partez txikiena izan da: beste zazpi pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. Martxoaren hasierara jo behar da hamar hildako baino gutxiagoren datuak aurkitzeko. Hildako kopuru metatua 1.923 da. Positiboen kopuru osoak behera egin du: 60 positibo berri atzeman dira (bezperan baino 83 gutxiago). Horietatik 24 PRC testen bidez lortutakoak dira. Intzidentzia tasa ere jaitsi da, nahiz eta Nafarroakoak (50,75) Madrilgoaren pare jarraitzen duen. Ospitaleratuta daudenen kopurua ere apaldu da: 568 (34 gutxiago). Baita ZIUetan daudenen kopurua (99, sei gutxiago). Azkenik, atzo baino gaixo gutxiago ospitaleratu dituzte azken orduetan (26, hamahiru gutxiago). Hala ere, aipatzekoa da EAEn hirugarren aldiz eguneko ospitaleratuen kopurua (20) PRC positiboen kopurua (11) baino altuagoa dela.

Munduan, 280.000 pertsona baino gehiago hil dira Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera. Halaber, 4,1 milioi kasu jaso ditu. Izurriaren foku nagusia AEBetan dago, eta arretaz jarraitu behar dira Errusia eta Brasilgo kasuak. Halaber, Asian kezka piztu da kasu berriak ari direlako agertzen. Adibidez, Hego Korean eta Txinako Wuhan hirian.

Agian honek ere merezi du

Arnasa liburuei. 'Irakurri euskaraz itxialdian ere' kanpainak euskal liburuei arnasa emateko helburua zeukan, ikusgarritasuna emanez eta salduz. Kanpainak emaitza onak eman ditu: 1.119 liburu saldu dira guztira bi asteko epean. BERRIA eta Elkar izan dira sustatzaileak, eta hamazazpi argitaletxek parte hartu dute ekimenean.  

Presoen egoera. Nazioarteko zenbait erakundek ohartarazi dute COVID-19a dela-eta espetxeetako egoera larriagotu daitekeela eta neurriak hartzeko eskatu diete gobernuei; adibidez, egoera zaurgarrienetan dauden presoak askatzea. Ildo horretan, preso guztiei osasun arreta bermatzeko eta preso adinekoak eta eriak aske uzteko eskatu du Espainiako Kongresuko ordezkaritza zabal batek.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.