ZENTSURA

BERRIAren erreportaje bat zentsuratu du Facebookek

Esther Ferrer artistaren Gorputz ekintzak lanean emakumezko bat biluzik ageri dela-eta, argitalpen bat ezabatu du sare sozialak.

Facebook-en abisua, BERRIAren edukia kendu duela jakinaraziz.
2020ko maiatzaren 12a
11:50
Entzun

BERRIAk Iñigo Astiz kazetariaren Erreskaterako sei artelan erreportajea argitaratu zuen maiatzaren 3an; museoek ateak itxiak dituzten honetan, pieza bana erreskatatu zuten BERRIArentzat Artium zentroko, Bilboko Arte Ederren Museoko, Bilboko Guggenheim museoko, Oteiza museoko, San Telmo museoko eta Bonnat-Helleu museoko zuzendariek, nork bere erakundearen bildumakoa.

Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak Esther Ferrer artistaren Gorputz Ekintzak lana (1975) erreskatatu zuen; 2019an bihurtu zen lana museoko bildumaren parte, eta otsailean inauguratutako Zeru bat hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002aldian erakusketaren parte da orain. Ferrerren lau ekintza enblematiko jasotzen dituen bideo erregistro bat da pieza, eta bertan emakume bat ageri da, biluzik.

Ohi bezala, BERRIAk sare sozialetan zabaldu zuen edukia, baina oharra jaso du Facebooken aldetik; post-ak «biluziei buruzko arauak» urratzen ditu, eta, beraz, zentsuratu egin du. Sare sozial horren araudiaren arabera, biluzi gisa deskribatzen ditu «uzkia edo ipurmasaila» erakusten dituzten argazkiak, «emakumeen titiburuak» erakusten dituztenak —salbuespenak dira protestetakoak, edoskitze irudiak edo erditu ostekoak— eta genitalak ageri direnak.

Edukia ezabatzeaz gain, sare sozialak abisua egin dio BERRIAren Facebookeko orrialdea kudeatzen duen kazetariari; berriro gertatuz gero, 24 orduz itxiko diote kontua.

Ez da lehen aldia plataforma horrek BERRIAren edukiren bat zentsuratzen duena. 2017ko otsailaren 13an, Torturaren Kontrako Egunez argitaratutako artikulua zabaltzeko mezua kendu egin zuen, orduan ere albisteko argazkian emakume biluzi bat ageri zelako, tortura jasaten ari zela irudikatzen zuena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.