Zalantzak polizien artean ere etxeko bilkuren inguruan

Jarraitu beharreko irizpideen inguruan galdetu dio Gasteizko Udaltzaingoak polizien arteko koordinaziorako erakundeari. Murgaren esanetan, ezarritako araudiaren «interpretazio murriztailea» beharrezkoa da «atzera» ez egiteko.

Udaltzainen bi auto, Andra Mari Zuriaren Plazan, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko maiatzaren 12a
17:05
Entzun

EAEko aldizkari ofizialean halakorik agertu ez arren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo adierazi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan mantendu egingo dela etxeetan elkartzeko debekua. Herritarren artean ez ezik, polizien artean ere zalantzak sortu ditu erabaki horrek. Gasteizko Udaltzaingoak galdera egin dio COVID-19ari aurre egiteko polizien arteko koordinaziorako erakundeari, jakin ahal izateko araudian ageri ez den erabaki horri men egin edo BOE Espainiako Aldizkari Ofizialak argitaratutakoari. Azken horren arabera, hamar lagun arteko bilkurak onartuta daude lehen fasean, edonon egiten direla ere. 

Gasteizko Udaltzaingoak Udalaren webgunean argitaratu du lehen fasean bete beharreko araudiaren interpretazioa, BOEn eta EAEko aldizkari ofizialean argitaratutakoari men eginez. Udaltzaingoaren arabera, hamar lagun arteko bilkurak baimenduta daude edonon, beharrezko segurtasun eta higiene neurriak hartzen badira. Udaleko iturriek adierazi dute, BOEri erreferentzia eginez, «taldeek gehienez hamar pertsonakoak» izan behar dutela, «batera bizi direnen kasuan izan ezik». Era berean, azaldu dute araudiak ez duela adierazten zer lekutan egin daitezkeen bilkura horiek eta, beraz, etxeetan ere egin daitezkeela.

Eusko Jaurlaritzaren interpretazioa bestelakoa da. Haren arabera, etxeetan biltzea debekatzeko erabakiak ez du BOEn argitaratutakoren aurka egiten: «Inon ez du adierazten etxeetan egitea baimentzen denik». Nekane Murga Osasun sailburuaren hitzetan, eginiko «interpretazio murriztailearen» helburua «atzerantz joatea» saihestea da. Horregatik, Segurtasun Saileko iturriek Efe albiste agentziari adierazi diote Gasteizko Udaltzainen galderaren erantzuna Ertzaintzaren irizpideei jarraitzeko agindua izango dela. Hau da, hamar lagun arteko elkarretaratzeak tabernetako terrazetan bakarrik baimenduko dira.

Halere, gaiak «desadostasunak» eragin ditu Eusko Jaurlaritzan ere. Hala adierazi du Josu Erkoreka bozeramaileak: «Eztabaidagarri da Estatuko Abokatutzaren barruan ere: ez dute irakurketa bateratu bat». Izan ere, Erkorekaren esanetan, BOEko 7. artikuluak, gai hau tratatzen duenak, «zirkulazio askatasunari» egiten dio erreferentzia, ez «kontzentrazio askatasunari».

Nafarroan, edonoiz, edonon

Jaurlaritzak ezarritako etxean biltzeko debekuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei bakarrik eragiten die, baina, sortutako eztabaida dela medio, Nafarroako Gobernuak ere azalpenak eman behar izan ditu. Hark azaldu du hamar lagun arteko bilkurak baimenduta daudela Nafarroan, ostalaritzako establezimenduen terrazetan ez ezik, baita etxeetan eta elkarteetan ere. Gainera, paseatzeak eta kirola egiteak ez bezala, ez dute ordutegirik. 

Elkartu ahal izateko, ordea, hainbat segurtasun eta higiene neurri zehaztu dituzte, «ez kutsatzeko»: bi metroko segurtasun tartea mantentzea edo bestelako babes fisikorako neurriak hartzea; eskuak sarri garbitzea; ahoa eta sudurra estaltzea eztul egitean; eta ez agurtzea eskua, musuak edo besarkadak emanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.