IAT zerbitzuak gainezka egin du astelehenaz geroztik

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estazioetan milaka dei jaso dituzte aste honetan. Protokoloak ezarri dituzte: langileak ezin dira ibilgailura sartu, eta bezeroak ezin dira atera. Eskatu dute ordua aurrez hartzeko.

Urnietako IAT estazioa, joan den astelehenean. JON URBE / FOKU
Andoni Imaz.
2020ko maiatzaren 13a
17:48
Entzun

Konfinamendua arintzen duten neurrian, Hego Euskal Herrian gero eta herritar gehiagok hartu behar dute autoa egunerokoan. Bi hilabeteko etenaren ondoren, ordea, arazo bera izan dute hainbatek: ibilgailuaren azterketa teknikoko txartela iraungi egin zaie tarte horretan. Aste honetan zabaldu dituzte berriro azterketak egiteko estazioak, eta milaka dei jaso dituzte denbora gutxian: lanez gainezka daude.

Denera lau enpresa dira Arabako (Jundiz), Bizkaiko (Arrigorriaga, Trapagaran, Zamudio eta Zornotza) eta Gipuzkoako (Bergara, Irun, Urnieta eta Zarautz) bederatzi estazioen jabeak: TUV-Rheinland, Itasua, Itelink eta Applus. Hiru lurraldeak konfinamendua leuntzeko 1. fasera igaro direnez gero, instalazioak irekitzeko baimena dute dagoeneko.

Gehienak asteartean ireki zituzten, baina Irungoa eta Urnietakoa astelehenetik daude zabalik. Batak 12.000 dei jaso zituen lehen egunean, eta besteak, 36.000. «Baldintza hauetan, ezinezkoa da eskaera guztiei erantzutea», azaldu dio Alfonso Artola TUV-Rheinlandeko zuzendariak Efe berri agentziari. Halere, esan du saiatzen ari direla «mundu guztiari» erantzuten, eta bezeroei eskatu die webgunearen bidez eskatzeko ordua.

Bi hilabetean sortu diren ilarak arindu nahi dituzte orain. Tarte horretan irekita egon izan balira, bi estazio horiek 25.000 azterketa egingo zituzketen. Beste 30.000 ibilgailu aztertuak izango zituzten ohiko baldintzetan Bergaran, Jundizen eta Zarautzen, Itasua enpresaren estazioetan. Asteartean ireki zituzten horiek, «normaltasunez», baina «arazo batzuekin», Itxaso Larrauri arduradunaren esanetan. «Jende olde batek deitu zuen ordua eskatzeko».

Orain, komunikazio bideek funtzionatzen dute, baina langileek eta bezeroek moldatu egin behar izan dute osasun eta segurtasun protokoloetara; azterketaren prozedura ere aldatu dute. Instalazioetan, hesiak jarri dituzte langileen eta bezeroen artean. Azterketetan, langileak ezin dira autoaren barrura sartu, eta bezeroak, berriz, ezin dira kanpora atera.

Langileek babes neurriak hartu behar izan dituzte, baina bezeroei ere eman dizkiete ohar batzuk: eskatu diete ez joateko ordurik hartu gabe, maskara jarrita eramateko, eta kreditu txartelarekin ordaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.