Sintomak dituzten guztiei egiten diete PCR proba Nafarroan

Santos Indurainen arabera, kasu positiboen kontaktuak atzemateko sistema abian dute. Nafarroak osasun sistema «sendoa» du, eta baldintzak betetzen ditu konfinamendua leunduz joateko prozesuan.

Santos Indurain Osasun kontseilaria eta Maria Txibite lehendakaria, gaur. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2020ko maiatzaren 14a
14:39
Entzun

Kutsatzeak berriro gora egiteko aukera dela eta, Nafarroako osasun sistemaren sendotasuna nabarmendu du Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Baliabideak eta antolamendua prest dituzte «inork nahi ez duen egoerari» aurre egiteko. Horregatik, hori saihesteko, eta «apurka-apurka aurrera egin behar delako», zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko dei berezia egin du Santos Indurainek Parlamentuan, kontrol saioan. Haren hitzetan, PCR probak detekzio estrategiaren giltzarri dira, eta oraintxe hala ospitaleetara nola osasun etxeetara doazenei eta sintomak dituzten guztiei egiten zaie PCR proba. Era berean, abian dute familian, lanean edo gizartean haiekin hartu-emanen bat izan dutenei ere proba egiteko sistema.

Navarra Sumarekin ika-mika izan du Indurainek. Cristina Ibarrola eta Javier Esparza eskuineko koalizioko parlamentariek kontingentzia planari, kasuak atzemateko sistemari eta PCR probei buruzko galderak egin dizkiote. Osasun kontseilaria pozik agertu da astelehenetik Nafarroa lehen fasean dagoelako eta Fernando Simon Espainiako Alerta zentroen arduradunak haren baliabideak nabarmendu zituelako iragan astean.

Aldiz, Navarra Sumaren irudiko, Madrilera igorritako txostenean, ez zen ageri kasu positiboen kontaktuei probak egingo zitzaizkiela. Horregatik, Ibarrolak  «Espainiako Gobernuaren atzetik joate» eta gardentasunik gabe, «noraezean» eta inprobisazioz jokatzea leporatu dio, besteak beste. «Jabetzen zarete duzuen arduraz? Munduaren beste bazterrera joateko bidaia planifikatuta izatea bezala da: maleta egiten ari zarete, begiratu gabe zer eguraldi aurreikuspen izango den, eta horrek arriskua handia hartzea dakar berekin», esan du Ibarrolak.

Ildo beretik, salatu du Espainiako Gobernuak ez duela irizpide argirik ezarri fase batetik bestera pasatu beharreko markagailuen inguruan, eta horiek nola neurtu. Halaber, zalantza agertu du ea Nafarroa prest ote dagoen bigarren olatu bati aurre egiteko. Indurainek, bere erantzunean, salaketa hori irmo gezurtatu du. Haren irudiko, irizpide kuantitatiboak zein kualitatiboak bete ditu. Indurainen arabera, ospitaleetan ohe kopurua %47 handitu dezake Nafarroak, 1.400eraino; larrialdietan, beste 92 ohe gehitu ditzake, 170eraino. Gainera, lehen olatuan adierazi bezala, hotelak osasun arlora egokitzeko zein kanpaina ospitale bihurtzeko plana dute. «Ez genuke nahi, baina asko ikasi dugu denok. Denbora luzez egon gara birus honen atzetik», gogorarazi du, kontuan hartuta pandemiaren abiada.

Plangintza falta gezurtatu egin du Indurainek, eta, Navarra Sumari iradoki dio hartutako bide hori alboratzeko. «Tonu pedagogiko, politiko, mediatiko edo profesionalago batean hitz egin dezakegu, baina saihestu egin beharko genuke eztabaida alderdikoia, beste interes batzuk nahasten dituelako. Kopuruak eta datuak errepikatu ditzakegu baina komeni da konfiantza giro batean lan egitea, baita kasuak atzemateko lanean diharduten profesionalekiko konfiantza izatea ere». Hala, Indurainen arabera, Nafarroan, PCR probak COVID-19 kasuak atzemateko estrategian «giltzarri izan dira, dira eta izango dira».

Nori egiten zaie egun PCR proba? Indurainek azaldu duenez, bai osasun etxera bai ospitalera joan diren kasu susmagarri guztiei egiten zaie PCR; hots, «24 orduren buruan», proba egiten zaie COVID-19ren sintomak dituzten «nafar guztiei» (besteak beste, eztula, sukarra, beherakoa, zaporerik eza, arnasa hartzeko zailtasuna)...  Halaber, larrialdietara doazen guztiei egiten zaie proba. Gainera, ospitaleratu behar diren guztiei, ebakuntza edo endoskopia programatua dutenei, tratamendu onkologikoa zein bestelakoak hartu behar dituztenei, sendagiria jaso eta zahar etxera itzuli behar dutenei, lehen aldiz zahar etxean sartzen diren egoiliarrei... Osasun arloko eta zahar etxeetako profesionalei zein larrialdi zerbitzuetako langileei ere egiten ari zaie proba. «Osasunbideako langileen artean %81i proba bat edo gehiago egin zaie gutxienez». Gainera, 4.539 asintomatikoren artean, %2k soilik eman du positibo.

Halaber, positibo eman ondoren, haren kontaktuak atzemateko sistema abiatzen da (sendi barruan, lantokian eta lagunartean). Bederatzi erizainez osatutako telefono sistema bat ezarri dute, baina handitzeko asmoa dute. Indurainen arabera, garrantzitsua da aldez aurretik jakitea PCR proba nori, nola eta zertarako egiten zaion. Kontaktuen kasuan, gogoratu du bakartu egin behar direla, baina ezin zaiela berehalakoan egin, bestela negatibo emango luketelako (birusak denbora bat behar du).

Geroa Baiko Uxue Barkosek konfinamenduaren leuntzeari buruz galdetu dio, eta balorazioa eskatu dio argazki orokorraz. Azken batean, atzo jakin zenez, azterketa serologikoen lehen zantzuen arabera, herritarren %6 inguru kutsatu da Nafarroan. Indurainek erantzun dio egungo prozesua «konplexua» dela eta ezinbestekoa direla «zuhurtzia eta monitorizazioa». Prozesu horretan, funtsezko deritze erakundeen arteko koordinazioari eta eragile sozial guztien arteko elkarlanari.

Gobernantza sistema hori guztia, tipula batekin alderatu du. Nukleoan, muinean, kontrol epidemiologikoa legoke, eta haren zaindari nagusia osasun sistema litzateke. Ospitaleratzeen bilakaera, kasuen detekzioa eta kontaktuen zaintzaren ardura dagokio. Beste geruza batean, gobernu barruko koordinazioa eta erakundeen arteko koordinazioa dago, bai Madrilekin bai udalekin. Beste geruza batean, gobernuak izendatutako esparruetako aditu talde bat dago, eta haien lana da bide horretan, arlo horietan, erabaki politikoetan gomendioak ematea eta gidatzeko irizpideak ematea. Nazioarteko adituen irizpideak aintzat hartzeko beharra ere nabarmendu du Indurainek, eta, horrekin guztiarekin batera, beste geruza bat arlo politikoa litzateke: parlamentua giltzarri da. Indurainek onartu du lehen fasea eskatzeko prozesuan azkar jokatu behar izan dutela eta «parte-hartze mekanismorik» ez dela egon.

Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentaria konforme azaldu da azalpenarekin, baina kezka azaldu du, inguruan dagoen zaratak herritarrengan eragin ditzakeen zalantzengatik, eta, ondorioz, ardura bikoitza eskatu du, bai herritarrena bai gobernu zein alderdiena eurena ere.

EH Bilduren galdera Txibiteri

Pandemiaren lehen kolpe honetan, Nafarroako Ospitale Guneak hartu ditu ospitaleratzea behar izan duten gaixo gehienak. Hala ere, osasun sistemaren barruan, hala ospitale pribatuak nola publikoak erabili dira. Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak ez du zalantzan jarri arlo pribatuko langileek eta profesionalek ahalegin handia egin dutela, baina kezka azaldu du zerbitzu hori ordaintzeko orduan «sistema pribatua erreskatatzeko» erabiliko ote den. Izan ere, Espainian, osasun pribatuko patronalak dei egin du erreskatera eta zerga bonifikazioak zein kiebrak saihesteko laguntzak eskatu ditu.

Horregatik, EH Bilduko parlamentariak galdetu dio Txibiteri ea zer irizpide erabiliko duen zerbitzu hori ordaintzeko. Ruizen arabera, gobernuak berak ezarri beharko luke prezioa, eta osasun publikoak gaixo baten arretarengatik duen kostua izan daiteke erreferentzia bat.

Txibitek erantzun dio negoziazioak hasiak direla, baina ukatu egin du erreskaterako erabiliko dela. «Arretaren arabera ari gara prezioak hitzartzen», azaldu du. «Ez da gauza bera, COVID-19a duen gaixo baten arreta eta COVID-19a ez duten batena». COVID-19a duten gaixoek arreta handiagoa izan dutela gogorarazi du, eta, haren hitzetan, orain hori ordaindu behar da. Osasunbideak negoziatuko du, eta, «datua dagoenean, horren berri» emango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.