Zaldibarko luizia

Beltran eta Sololuze desagertu zirenetik ehun egun beteko dira larunbatean

Zaldibar Argitu plataformak erantzunak eskatu dizkie erakunde publikoei, otsailaren 6an geratutakoa argitzeko, eta elkarretaratzeetara deitu dute.

Egoera salatzeko eginiko eltze jotzea, apirilean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko maiatzaren 14a
15:19
Entzun

Larunbatean, maiatzak 16, ehun egun beteko dira Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling zabortegia amildu zenetik. Lur jausiak harrapatuta utzi zituen Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak, eta oraindik ere desagertuta daude. Ehun egun «gure osasuna arriskuan jarri eta beste aldera begiratu zutenetik», adierazi du Zaldibar Argitu plataformak. Horregatik, elkarretaratzeetara deitu dute larunbaterako, Zaldibarren (13:30), Elgetan (19:00) eta Zallan (20:00), 100 egun. Aski da! lelopean.

Plataformak informazio «zuzena, zehatza eta fidagarria» eskatu die erakunde publikoei, eta salatu dute «arduradun zuzenak egon arren» inork ez dituela erantzukizunak bere gain hartu: «Herritarron galdera eta aldarrikapenek erantzunak merezi dituzte. Ez dugu merezi entzutea ez dugula biltzeko eta informazioa jasotzeko eskubiderik, Zaldibarko herritarrek entzun behar izan duten bezala». Ez da informazio falta salatzen duten lehen aldia. Apirilaren amaieran, plataformak adierazi zuen Zaldibarko Udalak uko egin ziola luiziak airearen eta uraren kalitatean eragindako kalteari buruzko bilera bat egiteari.

Izan ere, hondakindegian eginiko kontrolen eta zabor kantitatearen inguruko informazio falta kritikatu dute, besteak beste. Verter Recycling enpresaren zabortegia 35 urteko epean betetzea espero zen arren, jasotzen zuen zabor kantitateagatik hamahiruren buruan muga betetzea aurreikusten zuten. Horregatik, hondakinen kudeaketa enpresa pribatuen esku uztea deitoratu dute, «horien helburu bakarra etekin ekonomikoak lortzea delako».

Era berean, plataformak «lehentasunezko gaitzat» jo du bi langileak aurkitzea, eta horretarako beharrezko baliabide guztiak martxan jartzeko exijitu dute: «Langileak topatu arte, gure osasunaren eta bizitzaren defentsan eta erantzukizun guztiak argitu arte, lanean jarraituko dugu!».

Elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egiteaz gain, herritarrei  eskatu diete natur gune eta mendi tontorretan argazkiak atera eta zabaltzeko, #zaldibarargitu eta #joaquinetaalbertogogoan traolak erabilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.