Iparraldera doazen Hegoaldeko herritarrak berrogeialdian jarriko dituzte

Iparraldera lanerako joaten direnek ez dute berrogeialdirik egin beharko. Hendaiako (Lapurdi) eta Irungo (Gipuzkoa) alkateek Behobiako pasabidea zabaltzeko eskatu dute. Martxoaren 16tik dago itxita.

Polizia bat Santiagoko zubian, Irunen. JON URBE, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 14a
19:02
Entzun

Iparraldera igarotzen diren Hegoaldeko herritarrei hamalau eguneko berrogeialdia ezartzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Iparraldera lanera joaten direnak salbuetsiko dituzte berrogeialditik. 

Espainiako Gobernuak asteartean erabaki zuen atzerritar orori berrogeialdia ezartzea, eta horren ondotik hartu du Frantziak erabakia. Gobernuak adierazi duenez, arrazoi politikoak direla medio hartu dute erabakia. Bihartik aitzinera egonen da indarrean, eta Espainiako alarma egoera luzatu arte iraunen du.  

Hain justu ere, Frantziak berrogeialdia ezarriko duela erran duen egun berean eskatu dute Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak Behobiako pasabidea irekitzeko. Martxoaren 16tik dago itxia Irun eta Hendaia lotzen dituen Behobiako pasabidea, eta Irundik Hendaiara joan nahi dutenek Santiago zubia bakarrik erabiltzen ahal dute. Horrek auto ilarak luzeak sortu ditu, bereziki azken egunetan. Auto ilarez gain, alde batetik bertzera igarotzen diren herritarrek kontrol zorrotza pairatzen dute Espainiako eta Frantziako Poliziaren aldetik. 

Bi herrietako alkateek nabarmendu dute konfinamendua arintzearekin bat handitu egin dela egunero Bidasoa ibaia gurutzatzen duten herritarren kopurua, eta horrek auto ilara luzeak sortu dituela Santiagoko zubian. Santanok Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasori egin dio eskaera, eta Ezenarrok, Baionako prefetari. 

BERRIAk Santiago zubia gurutzatzen duten herritarren testigantzak jaso zituen atzo, eta nabarmendu zuten ezen, eguneroko paper «bestaz» harago, «gorputzaldi txarra» uzten diela egunero polizia kontrolak pasatu behar izateak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.