Krisiari buruz «ikuspegi propioarekin» hausnartzeko plataforma sortu dute

Pandemia eta gu du izena plataformak, eta hainbat sektoretako hogei pentsalarik baino gehiagok hartu dute parte. Jose Luis Zumeta margolariak egina da plataformaren irudia. 

Jose Luis Zumetak egin du plataformaren irudia. JOSE LUIS ZUMETA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 15a
17:06
Entzun

Pandemia euskal gizartean eragiten ari den efektuez kezkatuta, Euskal Herriko pentsalari talde batek abian jarri du plataforma bat, bere gogoetak hainbat ikuspuntutatik argitaratzeko. Alor anitzetako hogei pentsalari baino gehiago bildu dira, eta astelehenenetik aitzinera irakurtzen ahalko dira haien gogoetak www.pandemiaetagu.eus helbidean. 

Proiektuaren parte dira, bertzeak bertze, Ramon Zallo, Maite Ubiria, Pedro Ibarra, Laura Mintegi, Jose Allende, Luis M. Martinez Garate, Juanjo Alvarez eta Iñaki Dorronsoro. Plataformaren sustatzaileek nabarmendu dute aditu bakoitzak gizartearen ikuspegi ezberdina plazaratuko duela, baina denek helburu bera dutela: «Euskal Herritik sortutako krisiaren azterketa plural bat egitea, hemendik eta hemengoentzat». 

Francisco Letamendia da sustatzaileetako bat, eta nabarmendu du «euskal» ikuspegia galtzen ari dela pandemian, eta hutsune hori betetzeko helburua ere baduela plataformak. «Euskaldun nortasuna krisi honen lainopean lausotzen ari da, modu arriskutsuan, estatuko mekanismo izugarrien bitartez eta oso azalekoa izaten ari den telebista publikoak hauspotuta, modu arin eta kutsagarrian, autokritika gaitasunik gabe eta zentzu oso espainolistan», salatu du.

Pandemiak munduan eragingo duen aldaketa ikusirik, beharrezkoa da «euskal ikuspegia», bultzatzaileek nabarmendu dutenez. «Gizarte heldua gara, kultura eta nortasun nabariak dituena. Munduko gauzek eragiten digute, eta, aldi berean, haiei aurre egiteko geure modua dugu. Gure interesak, gatazkak, gure ekarpenak... ditugu, eta uste dugu interesgarria dela, horrekin guztiaz gogoeta egitea ez ezik, jendaurrean egitea ere, gure gizarteak gogoeta horietan parte har dezan, eta beste batzuek aintzat har gaitzaten», nabarmendu du plataformaren bertze sustatzaileetako batek, Angel Rekaldek. 

Zumetaren irudia

Testuaek ez ezik, irudiak ere izango du garrantzia plataforman. Jose Luis Zumetak egin zuen plataformaren irudia, apirilean hil zen margolari usurbildarrak. Zumetaren lana eskertu du Rekaldek: «Hunkigarria izan da guretzat Jose Luis Zumeta margolariaren laguntza; izan ere, berak gogo biziz hartu zuen ideia, irudi grafiko bat eskaini zigun, eta proposamena bidali ondoren hil zen». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.