Noiz sortua: 2020-05-18 07:40:50

Zuzenekoa

Maskarak derrigorrezkoak izango dira kalean ere, ezin bada bi metroko tartea gorde, Hegoaldean

Espainiako Gobernuak eta erkidego autonomoetako osasun sailburuek adostu dute maskarak derrigorrezkoak izango direla garraio publikoan (orain arte bezala), leku itxietan, eta baita kalean ere, ezin bada bi metroko tartea mantendu beste oinezkoekin. Datozen egunetan argitaratuko dute agindua.

Emakume bat maskararekin, Donostian.
Emakume bat maskararekin, Donostian. Juan Carlos Ruiz / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko maiatzak 18

* 10.000 biztanletik beherako herrietan ordutegiak kenduko ditu Madrilek.

* Futbolaren negozioa haize pixka bat galtzen ari da COVID-19aren krisiaren eraginez, kluben diru sarrerak etenda daudelako.

 

Zuzeneko kontakizuna

20:52

Maskarak derrigorrezkoak izango dira kalean ere ezin bada bi metroko tartea gorde, Hego Euskal Herrian

Espainiako Gobernuak eta erkidego autonomoetako osasun sailburuek adostu dute maskarak derrigorrezkoak izango direla garraio publikoan (orain arte bezala), leku itxietan, eta baita edozein leku publikotan ere, ezin bada bi metroko tartea gorde. Datozen egunetan argitaratuko dute agindua.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

20:44

Gurtza lekuetara joan ahalko dira Iparraldeko herritarrak

Parisko Estatu Kontseiluak zortzi egun eman dizkio Frantziako Gobernuari gurtza lekuetan biltzeko debekua kentzeko. Duela astebete erabaki zuen Edouard Philippe lehen ministroak debekua luzatzea. Hiletak salbuespena dira, baina asko jota 20 pertsona bil daitezke. Gobernuaren neurria «neurriz kanpokoa» dela ebatzi du kontseiluak, eta «erlijio askatasunaren aurkakoa». Gogoratu du gainerako leku publikoetan onartu egiten direla bilkurak, hamar pertsona baino gutxiagokoak badira ere.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

20:20

Bizkaiko metaleko enpresen %77k eskaera gutxi dituzte datozen hilabeteetarako

Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioak bazkideen artean egin duen galdeketaren ondorioen arabera, enpresen %55ek eskaera zerrenda «urria»daukate datozen hilabeteetarako, eta %25ek «txarra». Bakarrik enpresen %23 daude pozik daukaten lan zamarekin.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

20:02

Hezkuntza sailaren jarrera txarretsi du LAB sindikatuak eta «beharrezkoa» bada grebara joko duela erran du

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak maiatzaren 25ean ireki nahi ditu eskolak, betiere eskola bakoitzaren «borondatearen» arabera. LAB sindikatuak Cristina Uriarte buru duen sailaren jarrera txarretsi du, eta eskola presentzialak ekainera arte atzeratzeko eskatu du. Sindikatuak eskatu du ikasgelara itzultzen diren bakarrak selektibitatea prestatzen ari diren bigarren mailako ikasleak izatea. Ikasgelara itzuliko diren irakasle guztiei koronabirusa detektatzeko testa egiteko eskatu du sindikatuak, eta norbera babesteko ekipamenduak ere banatzeko. Gainera, eskolara itzultzeko protokolo argiak zehazteko eskatu dio Hezkuntza Sailari. Irakasleei, berriz, erran die gutxieneko neurririk ez dagoenen planto egiteko eta sindikatuan salaketa aurkezteko. Sindikatuak, gainera, nabarmendu du «beharrezkoa» bada Lan Sailean erregistratutako greba deialdiarekin bat egingo duela. Ohartarazi du greba «borrokarako tresna» gisa erabiliko duela, eta ez helburu gisa.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

19:13

Martxoaren 9tik lehenengo aldiz 100 pertsona baino gutxiago zendu dira Italian

Martxoaren 9tik lehenengo aldiz 100 pertsona baino gutxiago zendu dira egun bakarrean Italian. Azken orduetan 99 pertsona zendu dira, eta denera 32.007 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz. Kutsatu berrien kopuruak beheranzko joerarekin jarraitzen du, eta azken orduetan 451 positibo berri atzeman dira. Azken kontaketen arabera, denera 225.886 positibo atzeman dituzte, eta horietatik 159.333k gainditu dute birusa.

Italian gaur sartu da konfinamendu arinagoko fase batean, eta, gaurtik aitzinera, dendak, jatetxeak eta ostatuak irekitzen ahal dira. Gainera, eskualdeen barnean nahi erara mugitzen ahalko dira Italiarrak, baina oraindik ezingo dira beren eskualdetik atera.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:21

Bihartik aitzinera irekita egonen da Iruñeko hilerria

Alarma egoera ezarri zenetik itxita egon ondotik, bihartik aitzinera irekiko da Iruñeko hilerria. Goizeko zortzietatik iluntzeko zazpietara arte egonen da irekia, eta, hiriko bertze guneetan bezala, ezin izango dira hamar pertsona baino gehiago bildu, eta pertsonen artean bi metroko distantzia mantendu beharko da.

17:54

Zortzigarren egunez jarraian ez da inor hil Gipuzkoako zahar etxeetan

Hildakorik ez eta kutsatu berririk ez da izan azken zortzi egunetan Gipuzkoako zahar etxeetan. Gainera, azken orduetan bertze gaixo batek hartu du sendagiria, eta denera 364 adineko sendatu dira. Egun, 31 adinekok dute birusa, eta 167 zendu dira.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:40

EH Bilduk salatu du bozetara deitzeak Urkulluren interes alderdikoiei erantzuten diela

«Urkulluk data hori aukeratu izana ez dago inongo osasun arrazoitan oinarrituta; helburu bakarra bere interes elektoral eta alderdikoiak babestea da». Gogor salatu du EH Bilduk Urkulluk bozetara uztailaren 12rako deitu izana. Koalizioak nabarmendu du joan den ostegunean egindako bileran alderdiek bozak bertze egun batean egiteko proposamena egin ziotela Urkulluri, baina hark entzungor egin diela eskariei. EH Bilduk, gainera, nabarmendu du hauteskundeak «berme osoz» egiteko konpondu behako diren osasun auziez gain, zailtasunak izango direla hauteskundeak eta hauteskunde kanpaina «berme demokratikoekin» garatzeko.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:16

Hauteskundeak bere interesen arabera deitu izana aurpegiratu dio Gorrotxategik Urkulluri

Miren Gorrotxatei Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak kritikatu egin du Urkulluk hauteskundeak uztailaren 12rako deitu izana eta alderdiaren eta interes pertsonalak lehenetsi izana aurpegiratu dio. Gorrotxategik salatu du pandemia gainditu gabe deitu dituela bozak. «Lehendakariak osasun larrialdi egoera etengo du beretzako oztopoa bertzerik ez delako», salatu du Gorrotxategik. Gainera, erabakia bertze alderdiekin adostu gabe hartu izana gaitzetsi du. Ez herritarrak ez alderdiak ez direla hauteskundeetan pentsatzen ari uste du Gorrotxategik. Hauteskundeak deitu direnez gero gobernu alternatibo bat lortzeko lan eginen duela nabarmendu du Gorrotxategik eta EH Bilduri eta PSE-EEri dei egin die krisi hau «betikoek» ordaindu ez dezaten lan egin dezaten.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:39

Gaur arratsaldean berriz ere bilduko dira Espainiako Gobernuko Osasun Saila eta autonomia erkidegoetako ordezkariak maskaren derrigorrezko erabileraz eztabaidatzeko. Espainiako Gobernuak asteburuan aurreratu du garraio publikoaz harago, bertze gune publikoetan ere derrigortu eginen duela maskara erabiltzea, baina oraindik zehazteke dago maskarak erabiltzea noiz eta non izango den derrigorrezkoa.

15:30

Kazetarien galderei erantzunez, Urkulluk nabarmendu du oporretan egotea ez dela aitzakia izango hauteskunde mahaian egotea egokitzen bada. Hauteskundeetarako 54 egun gelditzen direla nabarmendu du eta hauteskunde eguneko egoera ez dela egungo bera izango. Uztailean egiteko aukerarik ez bada irailean edo urrian egiteko aukera badela erran du, baina ez du datarik zehaztu.

15:14

"Kanpaina nola egin alderdi politikoei dagokie. Legea bete behar da. Hauteskunde kanpaina eta hauteskunde eguna berme guztiekin egiteko Segurtasun Saila lanean ari da" nabarmendu du Urkulluk.

15:10

Martxan egonen den parlamentua izatea ezinbertzekoa dela erran du Urkulluk. Uztaillean egiteko "bermea" dago. Hala ere nabarmendu du koronabirusaren hedapena zabaldu eta egoera okertzen bada, bertan behera utziko dituela bozak eta berriz ere deituko dituela urriaren 25a baino lehen.

15:08

Udazkenean etor daiteken bigarren olde baten aitzinean, hauteskundeak «berme»guztiekin egiteko unea uztaila dela erran du Urkulluk.

15:07

Osasun larrialdi egoera gainditutzat eman du Urkulluk eta nabarmendu du une egokia dela herritarrak hauteslekuetara deitzeko. Hauteskundeak egitea beharrezkoa dela nabarmendu du eta oroitarazi du urriaren 25a baino lehen egin behar direla bozak.

15:03

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailaren 12an eginen dira

Ezohiko gobernu kontseiluaren ondotik atera da prentsa aitzinera Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta bertan eman du hauteskunde dataren berri.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

14:06

Arabako pentsionistek Arartekoari eskatu diote erresidentziatan izandako heriotzak ikertu ditzan

Arabako pentsionistek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Foru Aldundiaren parean hildako pentsionistak omentzeko. Pentsionisten mugimenduak aurreratu duenez, Arartekoari eskatuko diote Arabako adinekoen egoitzatan izandako 140 heriotzak ikertu ditzan. Elkarretaratzean salatu dute adinekoen egoitzatan hildako anitz «bakarrik» hil direla senitartekoak azken aldiz ikusteko aukerarik izan gabe. Gainera, elkarretaratzean Arabako adinekoen egoitzatan lan egiten duten langileak omendu dituzte eta eskerrak eman dizkiete. Salatu dute langile anitzek babesteko materialik gabe egin dutela lan beren bizitzak arriskuan jarriz.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:43

Benetako irteera bat proposamen politikoa aurkeztu du ELAk, «sakoneko aldaketarako garaia» dela azpimarratuz. Fiskalitatearen eztabaida zentrala izango dela uste du sindikatuak; errekarguak proposatu ditu sozietateen zergan eta ondare zergan, eta kenkariak kentzea sozietate zergan. Jaurlaritzak leuntze fasean «denbora gutxian akats gehiegi» egin dituela uste du. Xehetasun gehiago hemen

13:24

Koronabirusak hildako bat eragin du azken orduetan Hegoaldean. Denera, 1980 pertsona zendu dira Euskal Herrian. Kutsatu berriei dagokionez, PCR testetan 50 pertsonek eman dute positibo.

12:58

Ezohiko gobernu kontseilua 13:00etan

Une batetik bertzera hasiko da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak deitutako ezohiko gobernu kontseilua. Hauteskundeen data ezartzea espero da bileran. Urkullu 15:00etan aterako da prentsa aitzinera azalpenak ematera. Xehetasun gehiago hemen

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

11:26

COVID-19aren proban positibo emaniko 32 egoiliar hil dira Bizkaiko zahar egoitzetan, maiatzeko lehen hamabostaldian. Beste bi lagun ere hil dira koronabirusarekin lotu daitezkeen sintomekin. Denera, 279 lagun hil dira lurralde hartako egoitzetan COVID-19aren proban positibo eman ostean, eta beste 32 heriotza ere susmopean daude. Uneotan, 433 egoiliar daude gaixo; horietatik 31 ospitaleratuta. Sendagiria jaso dutenak, aldiz, 1.128 dira.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:59

Ikastolen Elkarteak ez du «ezinbesteko» ikusten Hego Euskal Herriko ikasle guztiak ikasgeletara itzultzea ikasturte amaieran. Ikasle nagusienen kasuan, «lana eta jarraipena» bermatuta daudela uste dute, «lanerako ohitura berriak» jada barneratu dituztelako: «Horiek horrela, itzulera orokorrak arazo gehiago sortuko lituzke onurak baino». Halere, hainbat jarduera betetzeko beharra adierazi dute, besteak beste, DBH 4ko, batxilergoko eta Lanbide Heziketako ezohiko ebaluazioari eta batxilergoko bigarren mailako ikasleek egin beharreko USE probari begira. Uneotan, Ipar Euskal Herriko ikastoletan planifikazio propioa diseinatzen eta martxan jartzen ari direla azaldu dute, «ikasleen behar eta familien beharrei erantzuteko» asmoz.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:38

Munduan 4,7 milioi lagunek eman dute positibo koronabirusaren proban, Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera, eta 315.000 lagun baino gehiago hil dira. AEBetan beste inon baino kasu gehiago atzeman dituzte. Denera, 1,5 milioi inguru. Hildako eta sendatu kopuru handienak ere han baieztatu dituzte dira: ia 90.000 heriotza eta 272.000 lagun sendagiria jasota. Errusia da kasu gehien atzeman diren bigarren herrialdea –290.000 inguru–, eta Erresuma Batua hirugarrena –245.000 baino gehiago–.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:24

Errusian 290.678 COVID-19 kasu atzeman dituzte, herrialde hartako gobernuaren arabera. Azken 24 orduetan, 8.926 positibo berri baieztatu dituzte. 10.000 positibotik jaitsi den lehen aldia da, martxoaren 1etik. Kutsatu kopuru handiena duen bigarren herrialdea da Errusia, AEBen atzetik. Hildako kopuruari dagokionez, ordea, zerrendako hamazazpigarrena da, Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera. 2.722 lagun hil dira koronabirusaren eraginez.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:51

Iñigo Urkullu lehendakariak ezohiko gobernu bilera deitu du, eta agerraldia egingo du 15:00etan. Bozetara deitzeko dekretua gaur sinatuta, uztailaren 12an izan litezke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.

09:32

Zazpi tabernaren aurkako salaketak jarri ditu asteburuan Iruñeko Udaltzaingoak, eta beste bat itxi dute. Ezarritako osasun neurriak ez betetzeagatik ezarri dituzte salaketak.

08:57

Hemen gaur indarrean jarri diren berrikuntzetako batzuk:

- 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan ez da paseatzeko eta kirol jarduerak egiteko ordutegirik izango.

- 400 metro karratu baino gehiago dituzten dendek irekitzeko aukera izango dute, segurtasun eta distantzia neurriak mantenduta.

- Ehiza eta kirol arrantza baimenduta daude.

- Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek bizi diren lurralde osoan zehar mugitzeko aukera izango dute. Era berean, mugakide diren udalerrien kasuan, lurralde artean mugitzeko aukera izango dute (esaterako, Ermua eta Eibarren kasuan).

- Bigarren etxebizitzetara mugitzeko aukera izango dute herritarrek, bizi diren lurralde berean badaude.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

08:36

Ipar Euskal Herrian, ikasleak klasera itzuli dira gaur. Baionako Estitxu Robles Arangiz kolegioan, banan-banan sartu dira eraikinera, eskuak garbitu ostean. Eguneko bi maskara eraman behar dituzte.

08:08

Indiako Osasun Ministerioaren arabera, herrialdean 96.169 OVID-19 kasu atzeman dituzte, eta 3.029 lagun hil dira eritasunaren eraginez. Konfinamenduaren leuntze prozesu betean, dendak ireki eta herri arteko garraio publikoa martxan jarri duten egunean, 5.200 positibo berri zenbatu dituzte, eta 157 pertsona hil dira.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

07:40

Aurreko aste osoan, Gipuzkoako zahar etxeetan ez zen egoiliarrik hil koronabirusaren eraginez. Asteburuan, lau pertsona sendatu ziren, eta beste lauk eman zuten positibo. Orain arte, 167 lagun hil dira lurralde horretako egoitzetan, eta 363k jaso dute sendagiria. Oraindik, ordea, 32 lagunek jarraitzen dute gaixorik, bost zentrotan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

07:33

Gaurtik aurrera, Hego Euskal Herriko 10.000 biztanletik beherako udalerrietan ez da paseatzeko edo kirola egiteko ordutegirik izango. Horrek, 36 herriri eragingo die. Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek euren lurraldeetan mugitzeko aukera izango dute. Nafarroan aurrez ere egin zezaketen.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan COVID-19 gaitzak ez du inor hil du Euskal Herrian, eta hamasei positibo atzeman dituzte PCR probekin. Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Gazte bat Iruñeko igerileku batera sartzen, joan den astean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Bi lagun hil dira eta bertze hogei positibo atzeman dituzte Euskal Herrian

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Detektatutako azken kasuetatik bosna daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Baliteke batek lotura izatea Orioko kasuekin

Produktibitatea
Hainbat pertsona Iruñean, maskarak jarrita dituztela. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroan 10.351 pertsonak pairatu dute gaitza, gobernuaren arabera

Igor Susaeta

Hego Euskal Herrian bost pertsonak eman dute positibo PCR proban. Murgarentzat, orain ez dago «transmisio komunitariorako arriskurik»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna