Israel

Netanyahu lehen ministroaren kargura itzuli da, urtebeteren ostean

Likuden buruzagiak eta Gantzek adosturiko koalizio gobernuak Israelgo Parlamentuaren oniritzia jaso du. Igandean hasiko dute gobernuburuaren aurkako epaiketa.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, atzo, parlamentuan. EFE
2020ko maiatzaren 18a
10:20
Entzun

Urtebete iraun duen blokeo politikoa ofizialki amaitu da Israelen. Benjamin Netanyahuk eta Benny Gantzek adosturiko koalizio gobernuak parlamentuaren oniritzia jaso zuen atzo, eta, hortaz, Netanyahu lehen ministroaren kargura itzuli da, 500 egun baino gehiagoren ostean. Itunaren arabera, 2021eko urrira arte jardungo du postu horretan —1996tik 1999ra izan zen, eta berriz 2009tik aurrera, hamar urtez—, eta orduan hartuko du gobernuburu kargua Gantzek —bien bitartean, lehen ministrorde eta Defentsa ministro izango da.

Koalizio gobernuaren lehen hilabeteak erabakigarriak izango dira haren etorkizunerako. Agintaldiaren hasieran, gobernuak osasun larrialdiari buruzko legedia besterik ezingo du sustatu, eta Zisjordaniaren parte bat anexionatzeko lege proiektua soilik uztailaren 1etik aurrera onarraraz dezake; Netanyahuren aurkako epaiketa, gainera, igandean hasiko dute, eta, Auzitegi Gorenak hura zigortuz gero, herrialdea bozetara joango litzateke berriz.

Oraingoz, ordea, lehen ministroaren helburu bakarra Zisjordaniako kokalekuak eta Jordan ibaiaren harana anexionatzea da, atzo parlamentuan emandako diskurtsoan berretsi zuenez: «Israelen subiranotasuna zabalduko dugu [eremu horretara]. Sionismoaren beste atal goresgarri bat izango da».

Iragan ostiralean egindako bilkura baten ostean, Josep Borrell Europako Batasunaren goi mandatariak Israeli eskatu zion alde bakarreko ekintzak eragozteko, eta, estatu kideetako Atzerri ministroen izenean, Tel Avivi ohartarazi zion eskura dituzten «gaitasun diplomatiko guztiak» erabiliko dituztela anexioa eragozteko.

Hori bai, Israelgo Gobernuak ez du pausorik emango AEB Ameriketako Estatu Batuen babesik gabe, eta hori «datozen asteetan» etor liteke, AEBen Israelgo enbaxadoreak duela bi aste adierazi zuenez.

Ikusteko dago, gainera, Netanyahuren kontrako epaiketak zer emango duen. Gobernuburua iruzur, eroskeria eta uste onaren iruzur delituengatik dago inputatuta, eta, legediaren arabera, kargua utziko beharko luke Gorenak haren aurkako zigorren bat ebazten badu.

Berez, gobernuak iragan asteazkenean egin behar zuen karguaren zina, baina Likud alderdiaren barne desadostasunek bitan atzeratu zuten ekitaldi hori. Azkenean, 36 ministroz osaturiko koalizio bat aurkeztu dute Netanyahuk eta Gantzek, hiru hauteskunderen ostean ados jarrita.

Beste kolono bat zigortu dute

Israelgo auzitegi batek Zisjordaniako kolono judu bat erruduntzat jo du gaur, 2015ean bikote bat eta haien haur bat hiltzeagatik. Urte hartan, bonba bat bota zuen biktimen etxera, horiek han lotan zeudela; soilik lau urteko semea atera zen bizirik.

Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak «gizateriaren kontrako krimentzat» jo du eraso hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.