Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek probintzia dute mugitzeko muga astelehenetik

Astelehenarekin, konfinamendua arintzeko hainbat neurri indarrean sartu dira. 10.000 biztanletik beherako herrietan ez da ordutegirik egongo jarduera fisikoa egiteko, baina neurria ez da indarrean sartuko Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

Jendea igande eguerdiz paseatzen, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2020ko maiatzaren 18a
10:31
Entzun

Konfinamendua arintzeko lehen fasean dago Hego Euskal Herria; Espainiako Gobernuak onartzekotan, gaur zortzi igaro liteke bigarren fasera. Haatik, 1. fase horretako neurri batzuk arinduko zaizkie gaurtik Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako biztanleei.

Esaterako, 10.000 biztanletik beherako udalerrietan kendu egingo dute soilik ordutegi jakin batzuetan kalera irteteko agindua. Ordutegi horiek maiatzaren 2an ezarri zituzten, konfinamendutik pixkanaka ateratzeko, eta 5.000 biztanletik gorako herri eta hirietan egon dira indarrean azken asteetan. Sanchezen gobernuak atzo iragarri zuen gaur sartuko dela neurri hori indarrean, baina, oraindik Espainiako Gobernuak ez duenez Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 5.000 biztanletik beherako langari eutsi die Foruzaingoaren, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren jardunerako emandako irizpideetan. Guztira, 36 udalerritako biztanleei eragingo die neurria bertan behera uzteak.

Tamaina horretatik gorako herrietan ez dago aldaketarik: 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 tartea ariketa fisikoa egiteko edo paseatzeko, 12:00-19:00 tartea 14 urtetik beherakoentzat, eta 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 tarteak 70 urtetik gorakoentzat eta menpekotasunak dituztenentzat.

Haatik, Jaurlaritzak zabaldu du Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen jardunbideari buruzko txosten eguneratua, eta, horren arabera, eutsi egin dio etxeetan elkartzeko debekuari.

Ipar Euskal Herrian, konfinamendua arintzen hasi zirenetik ez dute izan kalera irteteko ordutegirik, baina bai kirola egiteko: ezin dezakete kirolik egin 10:00etatik 19:00etara bitartean, merkataritza ordutegiarekin bat ez egiteko. Gainera, Lapurdiko kostaldean hondartzak zabaldu dizkiete asteburuan, eta kolegioetako ikasleak gaur itzuli dira ikasgeletara.

Joan-etorriak, probintzian

Bestalde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek bizilekua duten udalerrian eta ondokoan bakarrik egin zitzaketen joan-etorriak, baina probintzia osoan ibili ahal izango dira gaurtik aurrera. Maiatzaren 11tik aurrera, lagun edo senideekin ere gelditzea posible dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko, Zuberoako herritarrek —100 kilometroko erradioan eta muga igaro gabe— eta Nafarroakoek —probintzia barruan bada—.

Gainera, 400 metro koadroko azalera baino gehiagoko saltokiak ere zabaldu ahalko dira gaurtik, baina saltzaileek espazioa egokitu beharko dute, 400 metro koadro baino gehiago ez edukitzeko irekita.

Beste esparru batzuetan ere malgutuko dituzte neurriak; besteak beste, gaurtik aurrera ordua har daiteke Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean herritarrei arreta emateko zerbitzuaren bulegoetara joateko.

Garraio publikoan, Donostiako autobus zerbitzuak ordutegiak leheneratu ditu: lanegunetan, zerbitzua ematen ari ziren lineetan, hala nola 14, 16, 18, 19, 25 eta 26 lineetan, irteera orduak areagotuko dira, eta kenduta zeuden lineetan, hala nola 31 eta 45 lineetan, zerbitzua ematen hasiko da. Era berean, 17, 29 eta 33 lineek egun osoan emango dute zerbitzua, orain arte ordu tarte batzuetan baino ez baitzeuden funtzionamenduan.

Barakaldon (Bizkaia), berriz, TAO zerbitzua berriro jarri dute indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.