ELA: «Datorkigunari ezin zaio aurre egin pilotu automatikoarekin»

Benetako irteera bat proposamen politikoa aurkeztu du ELAk, «sakoneko aldaketa baterako garaia» dela azpimarratuz. Zerga sistemaren eztabaida zentrala izango dela uste du sindikatuak; emendatzeak proposatu ditu sozietate zergan eta ondare zergan, eta kenkariak kentzea sozietate zergan. Uste du Jaurlaritzak «denbora gutxian hutsegite gehiegi» egin dituela leuntze fasean. 

Mitxel Lakuntza / Foku. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 18a
13:21
Entzun

ELAko idazkari nagusiaren aburuz, ezin da berriz gertatu 2008ko krisian gertatukoa. «Oso presente daukagu zer-nolako aberia egin zitzaigun, eta ezin da hori errepikatu». Mitxel Lakuntzak gobernuei mezu zuzena igorri nahi izan die: «Datorkigunari ezin zaio aurre egin pilotu automatikoarekin».

ELAk Benetako irteera bat  proposamen politikoa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, azalduz «sakoneko aldaketa baterako garaia dela». Oraingo honetan, ELAko buruaren ustez, «hiru krisi ezberdini egin beharko diegu aurre; osasun krisiari, larrialdi sozialari eta krisi ekonomikoari». Uste du gobernuek aurreko krisitik ikasi eta garbira pasatu beharrekoak dituztela hori konpontzeko, baina «ez daude horretan». 

Lakuntzak garbira pasatu beharreko hainbat puntu ikusi ditu: «Sektore publikoaren garrantzia begi bistan gelditu da; hor daude gizartearen defentsa kolektiboak, eta sistemak horrelakoei aurre egiteko gaitasuna indartu beharko da, besteak beste funtsezko sektoreetako langileen aitortza sozialetik aitortza politikora pasatuta». Zaintza, zahar etxeak publiko bihurtzea, globalizazioa eta enplegua dira ELAren agiriaren beste zutabeetako batzuk.  

Zerga sistema
Gauzak horrela, zerga sistemarena garai honetako eztabaida zentrala izango dela uste du Lakuntzak. «Bi bide izango dira: murrizketen bidea hartzea, edo zerga sistemaren bidezkoa izatea». Ikuspegi horrekin, Europako batez besteko presio fiskala gogoan, gogoratu nahi izan du «hemen enpresei eta kapitalari eskatzeko tarte handia dagoela, zortzi punturen aldea». ELAko buruaren arabera, beraz, «administrazioek enpresen etekinei, ondareei eta kapitalari begira jarri beharko lukete». 

Horregatik, kezkatuta azaldu da Lakuntza, «ikusi dugulako zer egin duen Bizkaiko Ogasunak, edo entzun ditugulako Unai Rementeriak eta Joseba Egibarren gisako politikariek esaten dituztenak, nolabait ere iragarri dutelako murrizketen beharra». ELAko buruzagiarentzat «oso kezkagarria da ikustea gure gobernua, gure aldundietako batzuk patronala baino eskuinerago kokatzen direla». 

Confebasken proposamenaz, ostiralean agiriaren aurkezpenean esandakoa errepikatu du Lakuntzak. «Beraiek ere onartzen dute hemen ez dagoela beste biderik. Oso adierazgarria da». 

Confebask patronalak, kopuru zehatzetan sartu gabe, emendatzeak proposatu ditu errentaren gaineko zergan, sozietate zergan eta jokoaren gaineko zergan. ELA sindikatuak, berriz, kopuruez hitz egin du gaur. Azpiegitura handietarako gastua gastu sozialera bideratzeaz eta zorpetzeaz gain, diru sarrera handitzeko bi zergatan aldaketak nahi ditu ELAk: sozietate zergan eta aberastasunaren gaineko zergan. 

Emendatzeak
Sozietateen gaineko zergan kenkariak kentzea litzateke neurrietako bat. Eta sozietate zergan ere beste aldaketa bat egingo luke ELAk, iazko etekinen gaineko zergaren %20ko emendatzea jarrita. Bi neurri horiekin, ELAren kalkuluen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.750 milioi euro bilduko lirateke, eta Nafarroan, 400 milioi euro. 

Ondarearen, aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergetan ere emendatze progresiboak —%1etik %10era artekoak— proposatu ditu sindikatuak. Horien bidez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.000 milioi euro bilduko lituzkete ogasunek, eta Nafarroan, 500 milioi euro. 

Leuntze fasea
Lakuntza kritiko agertu da, berriz ere, azken asteetan gobernuak egindako kudeaketarekin. «Huts egin dute lehentasunak ezartzerakoan, hauteskundeak edo interes ekonomikoak osasunaren gainetik jarrita. Denbora gutxian hutsegite gehiegi egin dira». 

ELAko buruaren ustez, besteak beste, hori gobernu ereduaren ondorioa da. «Behin eta berriz salatu dugu: gobernu honek ez du inor entzuten, patronala ez bada». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.