Animazioa

'Zr. Lehendakari' animaziozko saioa estreinatu du 'Etzi.pm' atariak

'Stop motion' teknika erabiliz, formatu laburreko 30 atal egingo dituzte. Satira politikoa eta distopia uztartzen ditu.

'Zr. Lehendakari'. ETZI.PM
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 18a
16:33
Entzun

IƱigo Urkullu (benetakoa) ez da izan gaur prentsaurreko garrantzitsua eman duen bakarra. Etorkizunetik iritsitako lehendakari batek ere prentsaurrekoa eman du gaur Etzi.pm atari digitalean.

Zr. Lehendakari animaziozko saioan, Eusko Jaurlaritzako gobernuburua izango da protagonista. Egun garapen prozesuan den adimen artifizialeko programa batek robot bat sortuko du 2048. urtean, eta 2020ra bidaliko du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak modu eraginkorean gobernatzeko. Prentsaurreko bereziak eskainiko ditu, gobernuburu gisa hartutako erabakiak herritarrei jakinarazteko. Astelehenero izango da hori, Etzi.pm-k astelehen goizetan estreinatuko baitu atal bakoitza. Aurreneko atalak Aro berri bat izenburua du.

Lantaldeari dagokionez, gidoia eta zuzendaritza Aiert Goenagarena da; argazki zuzendaritza eta edizioa, Asier Rivera Arantzamendirena; eta soinu banda, Keu Agirretxearena. Ahotsak Alan Smithee Jr.-ek jarriko ditu.

Goenagak iragarri du satira politikoa izango dela saioaren genero nagusia, eta planteamendu distopikoa duela. Aurreneko atalaren sarreran, azaldu dute hauek direla prentsaurrekoen antolatzaileak: EAEko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Idazkaritzako eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza, Araubide Juridikoaren Zuzendaritza eta Euskarazko Stop Motion Telesail Satirikoen Goi Zuzendaritza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.