Espetxe politika

Abokatuek eta AEMk ohartarazi dute Ruizen egoera «oso larria» dela

AEMk azaldu du «bukaerara arte joateko prest» dagoela: «Edozein unetan hil daiteke». Auto judizialik gabe ez da joanen erizaindegira; ekitaldiak egin dituzte hainbat herritan, presoaren alde.

Patxi Ruiz presoaren aldeko kontzentrazioa, gaur arratsaldean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko maiatzaren 18a
21:42
Entzun

«Esan digute edozein momentutan kolapsa daitekeela, edozein organok huts egin diezaiokeela, eta, nahiz eta orain deitu dizun, telefonoa eskegi eta berehala hil daitekeela». Maiatzaren 11n abiatu zuen gose eta egarri greba Murcia II espetxean dagoen Patxi Ruiz euskal presoak, eta atzo jada zortzigarren eguna bete zuen deus jan eta edan gabe. Sendoa Jurado AEMko bozeramaileak ohartarazi du «oso larria» dela presoaren egoera: «Edozein momentutan hil daiteke». Protesta ekitaldiak egin dituzte hainbat herritan, egoera salatzeko eta presoari sostengua agertzeko.

Ainhoa Mejias eta Joseba Agudo abokatuak espetxean izan dira gaur, presoari bisitan, eta azaldu dute Ruizek erran diela ez dela joanen erizaindegira horretara behartzen duen auto judizialik egon ezean. Haren egoera larriaz ohartarazi du Mejiasek. «Konfiantzazko medikuak esan digu bihotzekoak eman diezaiokeela. Mingaina handia du; azala, horia». Ohartarazi du iristekotan ere beranduegi irits daitekeela auto judiziala.

Abokatuek azaldu dute «ahul» dagoela Ruiz: «Kontziente da, baina zorabioak ditu». Erizainak presoa ikusi duela azaldu dute, baina kartzelako medikuak ez diola egin espetxeko protokoloak zehazten duen jarraipena, eta konfiantzazko medikuak ezin izan izan duela ikusi. Abokatuei trabak jarri dizkie espetxeak, salatu dutenez: goizean ez diote utzi Mejiasi espetxera sartzen, beharrezkoa den dokumentazioa eduki arren –arratsaldean sartu ahal izan zen–. Espetxeko zuzendaritzak, halaber, ez du abokatuekin bildu nahi izan.

Koronabirusa dela-eta espetxean segurtasun neurriak bete zitezen hasi zen Ruiz gose eta egarri greban, bertze hainbat presorekin batera protesta egin eta kartzelariengandik mehatxuak jasan ondoren, Juradoren hitzetan. Baina espetxearen egoera bera txarra da, oro har. «Kartzela horretan, orain ez hainbeste, zuzendaria aldatu zuten preso batek bere buruaz beste egin zuelako, eta zuzendariak hartu behar zituen neurriak ez zituelako hartu. Patxik esan digu bera hor dagoenetik –eta Murtzian ez darama hainbeste denbora– bost preso ikusi dituela zerraldo irteten, eta bera ez dagoela prest besteek bera hiltzeko. Hori dela eta, bere borrokarekin jarraitzen du».

Azken egunotan ugaritu egin dira Ruizen aldeko protestak espetxe barnean eta kanpoan. Bost preso kartzelak banatzen duen janariaren erretiluari uko egiten ari zaizkio: orain artekoez gain, Roazhongo (Rennes, Bretainia) espetxean dauden Saioa Sanchez eta Itziar Moreno ere bai. Mikel San Sebastian presoak bi eguneko baraua egin du, AEMk berak zuzendu duenez –gose greba mugagabea abiatu zuela zabaldu zuten larunbatean, baina haren senideek ezeztatu egin dute–.

Pintaketa gehiago
EAJk eta PSE-EEk salatu dute pintaketa gehiago egin zituztela igande gauean euren egoitzetan. Barakaldon, Durangon eta Santutxun (Bilbo) agertu dira azken pintaketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.