Noiz sortua: 2020-05-19 09:27:57

Zuzenekoa

Kristau Eskolan «pixkanaka» itzuliko dira ikasgelara

Jaurlaritzak dio Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «baldintza guztiak» betetzen dituztela hurrengo fasera igarotzeko. Espainiako Gobernuak aurreratu duenez, bigarren fasean tabernak ireki daitezke, baina espazioaren %30 bakarrik erabil daiteke.

Zumaiako Zumaiena Ikastetxean Kristau Eskola kurtso hasierako ekitaldia, 2017ko irailean.
Zumaiako Zumaiena Ikastetxean Kristau Eskola kurtso hasierako ekitaldia, 2017ko irailean. Juan Carlos Ruiz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko maiatzak 19

* Uztailaren 12an egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

* Madrilek maskarak derrigortuko ditu bi metroko tartea gorde ezin denetan; baita kalean ere: Jardunera itzultzeko neurri berriak

* Kolegioetako ikasleak ikasgelara itzultzen hasi ziren atzo Ipar Euskal Herrian

* Ibilgailuen azterketa teknikorako Hegoaldeko zerbitzuguneak irekita daude lehengo astetik.

Zuzeneko kontakizuna

21:18

Lanbide Heziketan izena emateko prozedurak zabaldu ditu Jaurlaritzak

Lanbide Heziketan sartzeko probetan parte hartzeko izapideak egiteko aukera berriz irekitzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak. Probak maiatzaren 27an eta 28an egingo dituzte, eta emaitzak ekainaren 16an argitaratuko dituzte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:46

35.000 pertsonatik gora zendu dira Erresuma Batuan koronabirusaren ondorioz

Kutsatuen kopuruak gorantz jarraitzen du Erresuma Batuan eta azken egunean atzemandako 2.412 kasu positiboen ondotik, dagoeneko 248.818 kutsatutik gora daude. Hildakoen kopurua ere gorantz doa eta 35.341 hil dira dagoeneko. George Eustice Ingurumen Ministroak berri eman duenez egunean 90.000 testetik gora egiten ari dira Erresuma Batuan, Johonsonek hitz emandakoa baino 10.000 gutxiago. Johonsonek maiatza bukaera orduko egunean 200.000 test egin asmo ditu.

19:15

Bizikletentzako eta oinezkoentzako gune gehiago egokituko ditu Gasteizko udalak

Oinezkoentzako eta bizikletentzako guneak egokitzeko hainbat aldaketa egingo ditu Gasteizko Udalak. Bizikletentzako zortzi kilometro luzeko bideak egingo ditu eta oinezkoentzat espaloiak ere zabalduko ditu zortzi kilometrotan. Gainera, 88 kaletan trafikoa arinduko du. Lan horiek egiteko 440.000 eurotik gora bideratuko ditu udalak denera. Neurri horietako batzuk aurreikusita zituen udalak, baina koronabirusak eragindako egoera berriaren ondorioz aurreikusitakoa baino azkarrago eginen ditu.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:36

Gipuzkoako eta Arabako adinekoen egoitzetako egoera hobetzen ari da

Zortzigarren egunez jarraian ez da ez hildakorik ez kutsatu berririk izan Arabako adinekoen egoitzetan. Kutsatutakoen kopuruak gainera behera egin du eta egun 60 dira kutsatu jarraitzen duten adinekoak. Gainera 357 egoiliarrek jaso dute dagoeneko senda agiria. Hildakoak, aldiz, 140 dira. Gipuzkoan ere pixkanaka hoberantz doa adinekoen egoitzetako egoera. Bederatzi egunez jarraian ez da hildakorik izan eta gainera ez dute kutsatu berririk atzeman. Sendatuen kopuruak ere pixkanaka gorantz jarraitzen du eta azken orduetan hiru gaixok jaso dute senda agiria. 367 adinekok gainditu dute gaitza dagoeneko eta 28 dira egun gaixorik jarraitzen dutenak. Denera 167 egoiliar hil dira Gipuzkoako zaharren egoitzetan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:10

Eusko Jaurlaritzak eskatuko du posta bidez botoa emateko epea luzatzeko

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak gaur aurreratu du hauteskundetan posta bidez bozkatzeko epea bi hilabetetik harago luzatzea eskatuko duela. Hala azaldu du gaur egindako prentsaurrekoan. Erkorekak nabarmendu du Jaurlaritza dagoeneko hasi dela hauteskundeak antolatzeko lanean, eta iragarri du posta bidezko botoa sustatuko dutela.

16:02

Kristau eskolako ikasleak «pixkanaka» itzuliko dira ikasgelara

Kristau Eskolako Batxilergoko bigarren maila, DBHko 4 maila eta Lanbide Heziketako ikasleak «pixkanaka» itzuliko dira ikasgelara. Hala adierazi du Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak. Aipatu ikasleen gain, ikasleak «ezinbertzekoa» den kasuetan itzuliko dira klasera, hala nola berreskuratzeak egitera edo errefortzu eskolak jasotzera. Kristau Eskolak 128 ikastetxe ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Ormazabalek nabarmendu du garbiketa eta desinfekzio sakona egingo dutela ikasleak klasera itzuli aitzin. Gainera, nabarmendu du ikastetxe guztietan osasun eta segurtasun protokolo bat egin dutela. Ormazabalek uste du aurrez aurreko klaseak jasotzea «oinarrizkoa» dela bereziki behar handiena duten ikasleentzat. Horrez gain, nabarmendu du irakasle guztiek sekulako lana egin dutela «errealitate berrira» egokitzeko.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

14:51

Trumpek mehatxu egin dio OMEri, gutun baten bidez

Gutuna bidali dio AEBetako presidenteak Oasunaren Mundu Erakundearen buruari, mehatxu argiarekin: nazioarteko erakundeak 30 eguneko tartea du «hobekuntza handi eta funtsezkoak» egiteko, bestela, AEBk «izoztu» egingo dute OMEri ematen dioten dirua, eta horren bazkide izaten jarraitzea «berriz pentsatuko» dute. Goizean, OME «Txinaren txotxongiloa» dela esan du Trumpek. Txinako Atzerri Ministerioaren eledun Zhao Lijianek erantzun du Trumpek jendea nahastu nahi duela, Txina zikindu, eta AEBek izurriari emaniko «erantzun traketsaren errua besteei leporatu».
Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:35

Koronabirusa zuten hiru pertsona zendu dira Hego Euskal Herrian

Bertze hiru pertsona zendu dira Hego Euskal Herrian koronabirusak jota, atzo baino bi gehiago. Euskal Herrian, aldiz, dagoeneko 1983 dira zendutakoak. Kasu positibo berriak 15 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan 101 kasu detektatu dituzte PCR eta proba serologiko bidez; positibo horietako batzuk zaharrak izan daitezke, beraz. Xehetasun gehiago hemen

13:13

Astelehenetik aitzinera eguzkia hartzen ahalko da Donostiako hiru hondartzetan

Astelehenetik aitzinera Donostiako hiru hondartzetan eguzkia hartzea baimenduko du Donostiako udalak. Oraindik erabakitzeko dago noiz irekiko duten hondartza denboraldia Gipuzkoan, beraz hori erabaki arte Donostiako hondartzak irekita izango dira baina ez da sorospen zerbitzurik izango. Gainera, marea igotzen denean Kontxako hondartza itxi egingo dute pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzeko. Donostiako udaleko Marisol Garmendiak erran du, hondartza bakoitzean egon daitekeen jende kopurua kalkulatuko duen aplikazio bat sortzeko lanean ari dela Donostiako udala. Pertsonen artean bi metroko distantzia mantendu behar dela oroitarazi du Garmendiak eta leku gehiago izateko aurtengo ez dutela toldorik jarriko ohartarazi du. Hondartza inguruetako komunak irekiko dituztela erran du Garmendiak, baina hori oraindik noiz eta nola egin erabakitzeko dagoela nabarmendu du.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:53

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburu Arantxa Tapiak azalpenak eskatu ditu etxeetan biltzeko aukeraren inguruan. «Gobernu zentralaren aginduan ez dator garbi etxeetako senide arteko bilerak nola egin daitezkeen». Nafarroan ez bezala, lehen fasean Eusko Jaurlaritzak debekatu egin ditu hamar lagun arteko bilerak etxeetan.

12:35

Lanbidek 16 milioi euro bideratuko ditu pandemiaren eraginez euren jarduna eten duten autonomoei ekonomikoki laguntzeko. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek adierazi du hasieran ezarritako hiru milioi euroko laguntzei beste hamahiru batuko dizkietela. Modu horretan, jasotako «eskabide kopuru handiari» erantzuteko gai izango direla uste du sailburuak. Eskaerak aurkezteko epea irekita dago. Laguntzak, ordea, eskabideak aurkeztutako ordena berean emango dira, aurrekontua agortu arte. Bakoitzak gehienez 3.000 euroko jaso ahal izango ditu.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

12:24

Frantziako Gobernuak «borondatezko» berrogeialdi bat proposatu du Europako Batasunetik at dauden herrialdeetatik itzultzen diren herritarrentzat. Jean Yves Le Drian Atzerri ministroak adierazi du bihartik aurrera hasiko direla eskatzen. Halere, Ipar Euskal Herrira joan nahi duten Hegoaldeko herritarrek derrigorrez bete beharko dute berrogeialdia, Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren erantzun gisa. Madrilek atzerritik Espainiaren menpeko lurretara iristen den herritar orok berrogeialdia betetzeko agindua adierazi zuen.

12:03

Bere betebeharrei uko egiteaz akusatu du Txinak AEBetako presidente Donald Trump, azken horrek, beste behin, Washingtonek OME Osasunaren Mundu Erakundeari egiten dion ekarpen ekonomikoa etetearekin mehatxatu ostean. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Zhao Lijianek adierazi du Trumpek herritarrei «ziria sartu» nahi diela, eta Txinaren «esfortzuak» gutxietsi, bere «gaitasun eza» ezkutatzeko.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:47

Antsietate krisi bat lan istripu gisa aitortu dute

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak lan istripu gisa aitortu du Eibarko adinekoen zentro bateko langileak izandako antsietate krisia. CCOOk jakinarazi duenez, San Andres zahar etxean egiten du lan beharginak, eta, lan istripu gisa aitortuta, mutualitateak bere gain hartu beharko du langileari pagatu beharrekoa. Langileak larrialdietara jo behar izan zuen, eta hilabete eta erdi egin zuen bajan; 2018ko abuztutik urrira.

Sindikatuak ohartarazi du mutulitate batzuk saiatzen direla antsietatearen gisako gaitzen jatorri profesionala ezkutatzen, argudiatuta ez dagoela «lan istripua eragiten duen bat-bateko gertakaririk».

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:44

NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi du hainbat estatuk COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek herri indigenen «marjinazio» egoera areagotzen dutela, eta horiek bizi diren lurraldeen «militarizazioa» eragin. Hainbat eremutan, egin nahi diren azpiegitura erraldoien inguruko galdeketak bertan behera geratu direla salatu du NBEren herri indigenen eskubideen inguruko errelatore Jose Francisco Cali Tzayek: «Gainera, ur edangarrira duten sarbidea murriztu diete, eta osasun zerbitzuetatik baztertu dituzte».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:52

EAEko aldizkari ofizialean argitaratutakoaren arabera, Osakidetzak PCR probak egingo dizkie osasun zerbitzuetara sintomekin joaten diren herritar guztiei, baita ospitaleetan ingresatutakoei ere. Era berean, sintomak dituzten zahar etxeetako egoiliarrei ere egingo dizkiete. Arnas sintomak, eztula, aire falta, sukarra, usaimenaren eta gustuaren galera, eta eztarriko mina aipatzen ditu, besteak beste. Arauak adierazten du, «sintomen eboluzio unearen arabera», PCR probak test azkarrengatik aldatu daitezkeela.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:47

Frantziako batzorde zientifikoak ez du oztoporik ikusten herriko bozak ekainean egiteko

Hauteskunde eguna baino hamabost egun lehenago beste ebaluaketa bat egin beharko litatekeela erran du, hala ere. Martxoaren 15ean izan zen herriko bozen lehen itzulia Ipar Euskal Herrian, baina konfinamendu neurrien ondorioz, ez zen bigarrena egiterik izan. Maiatza bukaera arteko epea onartu zuen Frantziako Gobernuak data berri bat finkatzeko. Ekainean posible izanen ez balitz, udazkenean edo berantago bi izuliak errepikatu beharko lirateke. Lehen itzulian hautatuak izan ziren herriko etxeetan larunbatetik aitzina izendatuko dituzte auzapezak.

Ekhi Erremundegi Beloki

Ekhi Erremundegi Beloki

10:41

4,8 milioi kasu munduan

COVID-19ak 4,8 milioi lagun kutsatu ditu mundu guztian, eta 318.596 heriotza eragin, Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera. Koronabirusa 188 estatutara iritsi da jada. Horien artean, AEBetan atzeman da kasu gehien. Azken 24 orduetako 21.000 positiboekin, 1,78 milioi kasu atzeman dituzte han, eta 90.369 lagun hil dira. Errusian 290.678 positibo atzeman dituzte, eta 2.722 heriotza zenbatu. Kasu gehien atzemandako bigarren herrialdea izan arren, hildako gutxien zenbatu dituena da, 100.000 kutsatutik gora dituztenen artean. Brasil da hirugarrena. 255.368 kasu baieztatu dituzte; 14.300, azken 24 orduetan. Han, 16.853 lagun hil dira koronabirusaren eraginez.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:09

Wuhanen milioi bat proba egin dituzte astebetean

COVID-19a atzemateko, azido nukleikoa neurtzen duten milioi bat proba egin dituzte Wuhanen, astebetean. Horien artean 46 lagunek eman dute positibo, sintomarik erakutsi gabe. Apirilean, milioi biztanleko 660 gaixo asintomatiko zeuden. Hiriko agintarien arabera, ikerketak erakusten du sintomarik ez duten gaixoek eritasuna kutsatzeko gaitasun txikia dutela. Era berean, antigorputzak neurtzeko 11.000 proba egin dituzte eta, emaitzen arabera, %5 kutsatuta egon da uneren batean. Hiriko 11 milioi biztanleetara estrapolatuta, 500.000 lagun lirateke. Datu ofizialek erakusten duten kutsatu kopurua baino hamar aldiz gehiago.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:53

Osasun egoerak hobera egin duela argudiatuta deitu zituen atzo hauteskundeak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Uztailaren12an egitea «erabakirik arduratsuena» dela azpimarratu zuen. Oposizioa, ordea, ez dator bat. EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen arabera, Urkulluk «interes propioen» alde egin du.

09:31

Ibilgailuen azterketa teknikorako Hegoaldeko estazioak irekita daude lehengo astetik. Pilaketak saiheste aldera, BOEen gai horretaz argitaratutako azken aginduak planteatzen du itxialdian iraungitako baimenak modu mailakatuan berritzea.

09:26

Datorren astean bigarren fasera igarotzeko «esperantza sendoa» erakutsi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak. Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, bozeramaileak argudiatu du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak fasez pasatzeko «baldintza guztiak» betetzen dituztela. Espainiako Gobernuari aurkeztutako txostenak «bigarren fasera arazorik gabe igarotzeko» beharrezko guztia du, Erkorekaren esanetan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:19

Konfinamendua arintzeko lehen fasean dago Hego Euskal Herria. Lehen fase horretako neurri batzuk arindu zitzaizkien atzo Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako biztanleei. Aldiz, iluntzean, beste batzuen berri eman zuen Madrilek, nahiz eta agindua bera eta xehetasunak datozen egunetan argitaratuko dituen. Madrilek, besteak beste, maskarak derrigortuko ditu, bi metroko tartea gorde ezin denetan; baita kalean ere.


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa), larunbatean. ©Marisol Ramirez / Foku

Hego Euskal Herria, azken faserako prestatzen

Berria

EAE datorren astelehenean hirugarren fasera pasatzeko eskatuko dio gaur Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuari, eta Nafarroa «normaltasun berrira iristeko neurriak» onartzeko prest dagoela esan du Maria Txibite presidenteak.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du gaur Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta, horren truke, Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea eskatuko du Jaurlaritzak bihar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna