Maskaren ekoizpena handitzeko lerroak babestuko ditu Jaurlaritzak

Makineria berria jartzeko laguntzak eman dizkie enpresei. Denera, ia 600.000 euro jarriko ditu administrazioak. 

Maskara bat lurrean, Donostian. GORKA RUBIO/FOKU
aitor biain
2020ko maiatzaren 19a
14:14
Entzun

Euskal Herria maskarak ekoizteko gune bilakatzeko bidean da, eta Jaurlaritzak jarduera hori babestuko du aurrerantzean ere. Bi lerro berri diruz lagunduko dituela iragarri du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak. Denera, 600.000 euroren laguntzak emango dizkie enpresei makineria egokitzeko. 

Batetik, lehendik martxan diren ekoizpenak indartuko ditu. Hala, Zamudioko (Bizkaia) Sinbol enpresak babesik goreneko maskarak ekoizteko lerro berri bat jarriko du martxan, eta, horretarako, 394.585 euroko laguntza emango dio administrazioak. Bizkaiko Parke Teknologikoan dagoen enpresak, urtean, hiru milioi maskara ekoizten zituen, eta, hemendik aurrera, hamar milioi maskara ekoitziko ditu. Maskaraz gain, halere, mota guztietako babes ekipamenduak eta sistemak garatzen ditu.  

Mondragon taldeko Bexen Medicalek ere martxan dauka Etxebarrian (Bizkaia) hilero hamar milioi maskara ekoizteko instalazioa, eta merkatuan jarriko dituen maskarak pilatzen ari da egunotan. Hernaniko (Gipuzkoa) enpresa aurrenetarikoa izan zen ekoizpen lerro berriak irekitzen. Espainiako Gobernuaren hornitzailea izango da denbora luzez, baina orain ekoizpena bikoiztuko du; orain arte, sei hilean, 60 milioi maskara ekoizten zituen, eta, hemendik aurrera, 120 milioi ekoitziko lituzke. 188.291 euroko laguntza emango dio administrazioak horretarako.

Ekoizpen lerro berriak ere sustatuko ditu Jaurlaritzak, bestalde. Horri lotuta, hain zuzen, Tapiak iragarri du maskarak ekoitziko dituen enpresa berri bat sortzen lagundu duela Jaurlaritzak. Izan ere, Wolfratex sortu dute Lazpiur, Egile, Embalan3 eta Servimasa enpresek. Bergaran (Gipuzkoa) jarriko dute makineria, eta goi mailako 7 milioi maskara ekoitziko dituzte hilean. Horrez gain, maskara berrerabilgarriak egiten ere lagundu du Jaurlaritzak, Hezkuntza sailarekin eta Teknikarekin elkarlanean abiatutako proiektu bati esker, Tapiak gogorarazi duenez. 

«Euskal industria gai izan da krisiaren aurrean erreakzionatzeko», azaldu du sailburuak. Eta gogorarazi du aipatutakoez gain, badirela ekoizpena dibertsifikatu duten beste enpresa ugari ere, eta beraien produktuak egiteari utzi gabe, maskarak edo babes produktuak egiteari ekin diotenak. Gasteizko Grado Cerok, esaterako, Jundizko bere instalazioak egokitu ditu maskarak egiteko. Zazpi makina erosi ditu, Txinan bi milioi euroko inbertsioa eginda, eta 42.000 maskara ekoitziko ditu, orduero, egun gutxi barru. «Euskal industria prest dago hemengo eskaerari hemengo ekoizpenarekin erantzuteko», esan du Tapiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.