Futbola

Sandra Ramajok erretiroa hartu du

11 urtez Realean aritu eta gero, Albaceten jokatu du azken sasoian.

ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 20a
12:14
Entzun

Realaren azken titulua altxatu zuen jokalariak, Sandra Ramajok, erretiroa hartzea erabaki du. Hala iragarri du bere Instagram kontuan. "306 partidaren ondoren, nire bizitzako urterik onenak alde batera uztea erabaki dut, antzekoak izango diren beste batzuen bila joateko", idatzi du.  "Ez da erraza agur esatea. Nik ez dut gustuko". Baina beharrezkoa ikusten zuen urratsa egitea. "Beharbada, gehien ezagutzen nautenek ez dute ulertuko zergatik ez dudan borrokatzen jarraitu nahi. Baina ulertuko dute hainbeste urteren ondoren nekatuta nagoela".

Urte hauetan une "ahaztezinak" bizi izan dituela nabarmendu du. "Ez nituzke ahaztu nahi bide honetan ezagutu ditudan pertsonak". Azken hiru urteetan maiatzean garai zailak bizi izan dituela onartu du. Izan ere, 2018an, ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen, Athleticen aurkako Espainiako Kopako partida batean. Iaz, berriz, Atletico Madrilen aurka Espainiako Kopa irabazi eta gero, Reala uztea erabaki zuen; eta, aurten, erretiroaren erabakiaren berri eman du. "Baina dena futbolaren parte da, horren gustuko dugun kirolarena".

Ez da damutzen bizi izandako ezertaz. "Alderantziz. Eskertuta nago futbolak pertsona moduan eman didan guztiarengatik". Esker ona adierazi die familiari eta urte hauetan ondoan izan dituen pertsona guztiei. Baita bere ibilbide profesionaleko bi klubei ere: Realari eta Albaceteri. Ramajok esaldi honekin esan du agur: "Garrantzitsuena ez da irabaztea edo galtzea, disfrutatzea baizik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.