Txina

Protestak itzuli dira Hong Kongeko kaleetara

Milaka herritar Segurtasun Nazionaleko Legearen kontra atera dira, Pekingo agintariei botere gehiago emango dielakoan.

Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 24a
18:53
Entzun

Protestarien arabera, Hong Kongen autonomia dago jokoan Pekinek ezarri nahi duen lege berriarekin, eta milaka atera dira gaur Erresuma Batuaren kolonia izan zenaren kaleetara horren aurka egitera. Lehen manifestazio handia izan da koronabirusaren pandemia zabaldu zenetik.

Euritakoak izan dira Hong Kongeko protesta oldearen ikur, eta gaurko manifestazioan ere asko ikusi dira. Batzuetan, ikur erabilgarri bihurtu dira, Poliziak ur kanoiekin egin baitu manifestarien aurka. Horrez gain, negar gasa ere erabili dute.

Protesten antolatzaileen arabera, Pekingo lege berriak arriskuan jartzen ditu askatasun zibilak. Izan ere, «traizioa, sezesioa, sedizioa eta subertsioa» modukoak zigortu asmo dituzte arauokin.

Txinako Asanblea Nazional Popularrean ari dira egun eztabaidatzen legea. Hong Kongeko protestarien arabera, hiriko hiritarrak jomugan eratu dute testua, azken hilabeteetako manifestazioak isilarazteko. Testuaren arabera, Pekingo «Gobernuko segurtasun organoek agentziak ezarri ahalko dituzte Hong Kongen, segurtasun nazionala zaintzeko»; hau da, polizia zabal dezakete hirian, hango poliziaren ondoan.

Datorren osteguna baino lehen onartuko dute legea.

Manifestariek barrikadekin moztu dituzte kaleal Hong Kongeko erdigunean. Independentziaren aldeko leloak oihukatu dituzte, eta euritakoak eta plastikozko botilak bota dizkiete poliziei.

Poliziak esan du 120 pertsona atxilotu dituela.

Erresuma Batuak 1997. urtean itzuli zion kolonia Txinari, mende eta erdiko okupazioaren ondoren. Pekinek eta Londresek sinatu zuten itunean, Hong Kongek 50 urtez askatasun bereziak izango zituela hitzartu zuten. «Herrialde bat, bi sistema» leloan laburbildu zuten. Iaz protestak hasi zirenetik, 8.400 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.