Noiz sortua: 2020-05-25 07:28:21

Eskola «gutxitan» itzuli dira ikasgelara, sindikatuen arabera

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, ikastetxe «gutxi» izan dira gaur ateak ireki dituztenak. Sindikatuek protesta egin dute Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aitzinean.

Ikasle bat ikasgelan, Donostiako Axular Lizeoan.
Ikasle bat ikasgelan, Donostiako Axular Lizeoan. Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko maiatzak 25

* Krisiaren hasieratik jakina zen COVID-19ak gogor erasaten diela adinekoei; zahar etxeetan izan diren heriotza ugariek agerian utzi dituzte egoitzen sistemaren inguruko hainbat gabezia.

* Gaurtik aurrera araudi berri bat dago indarrean Hego Euskal Herrian: bigarren faserako jakin beharrekoak.

* Koronabirusak ez du inor hil Hego Euskal Herrian, lehen aldiz 85 egunean.

 

Zuzeneko kontakizuna

21:43

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.496 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.020 hil dira.

Ikusi grafiko guztiak.

20:21

Hidroxiklorokinarekin egiten ari ziren entsegu klinikoa bertan beheiti utzi du OMEk

Hidroxiklorokinarekin tratatutako pazienteek hilkortasun tasa handiagoa dutela argitaratu zuten The Lancet aldizkarian, eta horren ondotik erabaki du OMEk bertan beheiti uztea entsegu klinikoa. Malariaren aurka erabiltzen den botika da eta munduko 400 ospitaletan baino gehiagotan erabili dute koronabirusaren aurka. 

Xehetasun gehiago, hemen.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:50

Zazpi hildako eta hemezortzi kutsatu azken orduetan

Azken orduetan zazpi hildako eragin ditu koronabirusak Hegoaldean, eta, orain arteko datuen arabera, 2.019 lirateke hildakoak. Espainiako Gobernuak, ordea, zuzendu egin ditu Nafarroari buruz emandako datuak. Guztira 509 hildako zeuden zenbatuta herenegun arte, baina zuzenketaren ostean, 490 jaso dituzte. Alegia, 19 hildako gutxiago dira, iturri ofizialen arabera. Eta, hortaz, Hego Euskal Herriko zenbakiak ere aldatu dira: Datu ofizial hori aintzat hartuta, 2.000 dira hildakoak. 

18:31

Hamabortz egunez jarraian ez da adinekorik hil eta kutsatu koronabirusagatik Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak emandako azken datuen arabera, hamabortz egun dira Gipuzkoako zahar etxeetan ez dela egoiliarrik kutsatzen eta hiltzen koronabirusaren ondorioz. Altarik ere ez da izan, ordea. Denera 373 egoiliarrek gainditu dute gaitza, 167 zendu dira, eta 22k jarraitzen dute gaixorik. Gipuzkoako adinekoen 65 egoitzetatik bitan bakarrik daude kasuak. Mendozak animo mezua helarazi die egoiliarrei eta senideei, eta onartu du «egoera latza» izan dela Gipuzkoako zahar etxeetan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:04

Espainiara doazen turistek ez dute berrogeialdirik egin beharko uztailetik aitzinera

Turismo sektorearen presio handia izan du Pedro Sanchezen gobernuak, eta, azkenean, Espainiara uztailetik aitzinera doazen turistek ez dute hamalau eguneko berrogeialdirik egin beharko. Europako hegoaldeko herrialdeentzat —Espainia, Grezia, Italia, Portugal, Kroazia...— berebiziko garrantzia daukate orain mugak irekitzeak eta berrogeialdiak ez derrigortzeak. Herrialde horietako batzuek turismotik lortzen dute barne produktu gordinaren %20 inguru.

Xehetasun gehiago, albistean

17:49

Uztailaren 1ean irekiko da hondartza denboraldia Gipuzkoan

Gaur arte dute erabakia kostaldeko udalerrietako alkateek eta Gipuzkoako Ingurumen Sailak. Denboraldia uztailaren 1ean hasi arren, ekainaren 15etik aitzinera sorospen zerbitzua izanen da hondartzetan. Denboraldia hasi baino lehen herritarrek hondartzan hartu beharreko neurriak azaltzeko informazio kanpaina eginen dute.

Xehetasun gehiago, albistean

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:48

Ia 200.000 pertsonari aplikatu diete lan erregulazioko espedientea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 

Denera 199.590 pertsona daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldi baterako lan erregulazio espedientean azken datuen arabera. Denera 26.994 espediente aurkeztu dituzte. Lurraldeka, Bizkaian 95.156 langileri eragiten dioten 13.672 espediente aurkeztu dituzte, Gipuzkoan 63.536 langileri eragiten dieten 9.372 eta Araban 40.898 langileri eragiten dieten 3.950 espediente. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

15:41

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin adostu du konfinamendua arintzeko 3. fasean hasiko direla berriro negoziatzen eskumenen eskualdatzeak. Hasteko, martxoan negoziatu behar zituzten transferentziez ariko dira: farmaziako produktuei buruzko legedia, eskola asegurua, eta enplegua erregulatzeko espedienteen eraginpean dauden langileen erretirorako laguntzak.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

15:24

Euroligako Zuzendaritza Batzordeak hartu du azkenean erabakia, eta koronabirusaren pandemia dela eta, txapelketa bertan behera uztea erabaki du. Erabakia hartzeko eman duen arrazoien artean dago, herrialde bakoitzean COVID 19aren bilakaera desberdina denez, taldeek ezingo dutela baldintza berdinetan entrenatu.

Xehetasun gehiago, hemen

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

15:09

RAC1 Kataluniako irrati katean elkarrizketatu dute Maria Neira Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publikoko zuzendaria, eta esan du OME «gero eta gehiago» baztertzen ari dela koronabirusaren bigarren izurri handi bat sortzeko arriskua. Hala ere, «oso zuhur» jokatzeko eskatu du.

Xehetasun gehiago, albistean.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

14:18

Uriartek nabarmendu du ikastetxerako itzulera «normaltasunez» egin dela

Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak nabarmendu du ikasleak «normaltasunez» eta segurtasun distantzia mantenduta itzuli direla ikastetxera. Gaur ireki dituzte ikastetxeak DBH 4, Lanbide Heziketa eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleentzako Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Uriartek nabarmendu du aipatu ikasleak ikasgelara itzultzea ezinbestekoa dela eta klaseak aurrez aurre jasotzeak lagundu egingo diela anitzi ikasturtea bukatzen. Sindikatuek ikasleen eta irakasleen itzulera gaitzetsi dute eta nabarmendu dute «gutxi» izan direla itzuli direnak.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:48

Kanpoan egiten diren kultur ekitaldiak baimendu ditzala eskatu dio EH Bilduk Iruñeko udalari

EH Bilduk nabarmendu du udalaren ardura dela kultura herritarrengana zabaltzea. Hala, osasun neurriak betetzen dituzten kultur ekitaldiak baimentzeko eskatu dio udalari. Koalizioak salatu du Txantrea, Mendillorri eta Sanduzelai auzoko bestetan udalak ez diela baimenik eman musikariei kalejirak egiteko, eta hemendik aitzinera horrelako ekitaldiak sustatu eta baimentzeko eskatu du. Gainera aurtengo sanferminei begira, udalari eskatu dio ez dezala ekitaldi kulturalik antolatu udaletxeko bertze taldeen, kultur agenteen eta herritarrekin aitzinetik kontsultatu gabe.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:53

ZIU unitatetan erizainen «eskasia» dagoela salatu du Satsek

Satse sindikatuek erizain gehiago eskatu ditu ZIU unitatetan. Sindikatuak nabarmendu duenez, Osakidetzako ZIU unitatetan erizain eskasia dago, eta ez da Espainiako Osasun Ministerioak gomendatutako ratioa betetzen. Espainiako Gobernuak egindako txosten arabera, III mailako asistentzia mailako ZIUetan erizain bat egin behar da gaixo bakoitzeko, II. mailakoetan 1,6 eta I. mailakoetan hiru. Osakidetzako ZIUetan, ordea, astelehenetik ostiralera banaz bertzez 2,2 erizain daude goizeko txanda eta arratsaldeko eta gaueko txandetan eta asteburuetan 2,3. Sindikatuak nabarmendu du koronabirusak eragindako pandemiak argi utzi duela eskasia hori eta nabarmendu du horrek pazienteen segurtasunean eta osasunean eragin nabarmena duela.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:39

Sindikatuek nabarmendu dute ikastetxe «gutxitan» itzuli direla ikasgelara

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, ikastetxe «gutxi» izan dira gaur ateak ireki dituztenak. Sindikatuen protesta egin dute Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aitzinean eta bertan salatu dute Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Saila inprobisatzen eta sindikatuekin mintzatu gabe ari dela erabakiak hartzen. Sindikatuek ohartarazi dute arretaz jarraituko dutela ikasleen eta irakasleen eskolarako itzulera segurtasunez egitea, eta hala ez balitz mobilizazioak deituko dituztela nabarmendu dute. Gainera, salatu dute eskola batzuek oraindik ez dutela ikuskarien erantzunik jaso eskolara itzultzeko planen inguruan, eta beraz ez dakitela plana egokia den edo ez.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:22

Bihartik aitzinera irekita egonen dira Donostiako frontoiak eta padel pistak. Frontoian aldi berean lau pertsona egoten ahalko dira eta gehienez ordubetez. Padel pistetan ibiltzeko aldiz aldez aitzinetik ordua eskatu beharko da eta lau pertsona egoten ahalko dira gehienez. Gainera, gaurtik aitzinera Miniestadioa irekita egonen da baina federatuentzako bakarrik. Bertaratzeko ordua hartu beharko dute federatuek. Gainontzeko kirol instalakuntzak ekainaren 8tik aitzinera irekiko dituztela aurreikusi du Donostiako udalak.

11:40

Datorren ekainaren 1etik aurrera, Lanbideko bulegoetan aurrez aurreko ematen hasiko dira. Nahi dutenek aurretiko hitzordua eskatu ahalko dute, Lanbideren webgunearen bidez, www.lanbide.euskadi.eus edo erakundean herritarrei arreta emateko dauden telefonoen bidez, 945 160 600 / 630 305 452. Bulegoetara doazen herritarrek maskara eraman beharko dute derrigorrez, eta eskuak garbitu beharko dituzte arreta jaso aurretik

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:25

Gaurtik aurrera zine aretoak zabaltzeko aukera eman du Espainiako Gobernuak, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute aretorik zabaluko oraindik; horien kudeatzaileek erabaki dute beste egun batzuez itxarotea, eta aretoak irekitzea baimendutako edukiera handiagoa denean. EZAE elkarteko kide gehienek ekainaren 28ra arte itxaron nahi dute, baina baliteke batzuek ekainaren 5ean irekitzea.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:07

25 isun proposamen Donostian

Donostiako Udaltzaingoak 25 isun proposamen egin zituen atzo, alarma egoera ezartzen duen dekretuko baldintzak urratzea egotzita.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:04

Astelehenarekin, konfinamendutik irteteko bigarren fasera igaro dira gaur Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa, Hego Euskal Herrian koronabirusaren eraginez inor hil ez eta biharamunera. Datu baikor horren aurrean, Jaurlaritzak «zuhur» jokatzeko eskatu die herritarrei, izurria berriro zabaltzea «oso gogorra» litzatekeela argudiatuta.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:31

Erresuma Batuan konfinamendua arintzeko neurriak aztertuko ditu gaur Boris Johnson lehen ministroak; gobernuko iturrien arabera, asmoa da sektore ekonomiko batzuei ezarritako mugak arintzea. Kritiken jomugan dago Johnson azken egunetan, bere aholkulari Dominic Cummings babestu zuelako Cummingsek itxialdia urratu eta gero.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:03

Hego Euskal Herria konfinamendutik irteteko bigarren fasean sartuta, Ertzaintzak eman ditu bere jardunerako irizpideak. Besteak beste, berritasun nagusietako bat da etxebizitzen barruan nahiz kalean hamabost lagun arteko taldeak elkar daitezkeela eta ordutegiak, oro har, bertan behera utzi dituztela.

Xehetasun guztiak, hemen.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

09:26

Munduan, 5,4 milioi COVID-19 kasu baino gehiago atzeman dituzte pandemia hasi zenetik, eta 345.000 lagun hil dira gaixotasunaren eraginez, Johns Hopkins Unibertsitatearen esanetan. Egoera larriena AEBetan bizi dute. 1,6 milioi positibo baieztatu dituzte, eta 100.000 heriotza baino gehiago izan dira; New Yorken bakarrik, 29.021.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

08:45

Gaurtik aurrera araudi berri bat dago indarrean Hego Euskal Herrian eta ordutegiei, saltokiei, taberna eta jatetxeei, hezkuntza zentroei, kirola jarduerei, eta igerileku eta hondartzei eragingo die. Arauak, ordea, ez dira berdinak Nafarroan eta EAEn.

08:20

Ikasleak segurtasun distantzia mantenduz ari dira sartzen ikastetxeetara. Neurrien artean, tenperatura hartzen ari dira.

Irati Urdalleta Lete

Irati Urdalleta Lete

08:00

Kiroldegiak erabiltzaile guztientzat irekiko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Espainiako Osasun ministro Salvador Illak adierazi zuen instalazio horiek hirugarren fasean zabalduko zituztela ateak, baina Ertzaintzak irekiko diren «kirol instalazio estalien» artean sartu ditu. Aurrez eskatu beharko da hitzordua eta, gehienez, ohiko erabiltzaileen %30 egon ahal izango da bertan. Berdin igerilekuetan ere.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

07:38

Krisiaren hasieratik jakina zen COVID-19ak gogor erasaten diela adineko pertsonei; edadekoen zentroetan izan diren heriotza ugariek agerian utzi dituzte egoitzen sistemaren inguruko hainbat gabezia, eta galderak sortu dituzte toki horietan egoiliarrek jasotzen duten osasun artaren inguruan.

07:37

Brasildik iristen diren bidaiariak AEBetan sartzea debekatu du Washingtonek. Erabaki bera hartu zuten aurretik Txinak, Iranek, Europako Batasunak eta Erresuma Batuak. Brasil kasu gehien baieztatu duen bigarren herrialdea da, eta eguneko heriotza kopuru handiena duena.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

07:34

Txinako Osasun Ministerioak 11 kasu berri atzeman ditu. Gaixo guztiak atzerritik iritsitako herritarrak dira. Gauzak horrela, herrialde hartan baieztatutako positiboak 82.985 dira.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

07:26

Orain arteko daturik onenak izan ziren atzokok Hego Euskal Herrian. Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arabera, COVID-19ak ez zuen inor hil herenegun, lehen aldiz 85 egunean. PCR proben bide atzemandako positibo berriak 23 izan ziren, aurreko egunean baino bost gutxiago.

07:21

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleak geletara itzultzen hasiko dira gaur. DBHko laugarren mailako ikasleak, batxilergoko bigarren mailakoak eta lanbide heziketako bigarren mailakoak izango dira lehenak. Halere, ez da presentzia handirik espero. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, lanbide heziketako zentroen %20 inguruk irekiko ditu ateak.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

ENDIKA PORTILLO / FOKU ©Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen.

Hildako bat eta 15 kutsatu gehiago izan dira, datu ofizialen arabera

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du Nekane Murga Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute Bilbon.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna