Saskibaloia

Euroliga bertan behera utzi dute

Txapelketako Zuzendaritza Batzordeak arrazoitu du, besteak beste, taldeak ezingo direla antzeko baldintzetan entrenatu, herrialde bakoitzean COVID-19aren bilakaera desberdina denez gero.

ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 25a
15:15
Entzun

Euroligako Zuzendaritza Batzordeak hartu du azkenean erabakia, eta, koronabirusaren pandemia dela eta, bertan behera utzi du txapelketa. Azken-azkeneraino aztertu dute beste era batera jokatzeko aukera, baina ezinezkoa ikusten dute. Goizean egin dute bilera. 11 klub daude zuzendaritza batzordean, tartean Baskonia, eta bilera egin ostean jakinarazi dute albistea. Horretarako arrazoien artean dago, besteak beste, herrialde bakoitzean desberdina dela COVID-19aren bilakaera. "Hori dela eta, talde guztiak ezin dira berdin entrenatu eta prestatu. Gutxienez hiru aste beharko lituzkete entrenatzen. Hortik behera, min hartzeko arriskua asko handituko litzateke", adierazi du Jordi Bertomeuk, Euroligako kontseilari ordezkariak.

Gainera, badago beste zailtasun bat: pandemia dela-eta hainbat herrialdek mugak itxi izana. "Horrek ez du bermatzen talde guztiak txapelketa amaitzeko aukeratuko ziren lekuetara bidaiatzeko moduan egotea". Euroligak eskerrak eman dizkie txapelketa hartzeko prest zeuden herrialdeei eta hiriburuei. "Euroligaren 20 urteko historian hartu behar izan dugun erabakirik zailena izan da. Pandemiagatik bertan behera geratu zenetik, eragile guztiek tinko lan egin dugu txapelketa amaitu ahal izateko. Baina, ezohiko egoera honetan, osasuna lehenetsi dugu, beste edozein interesen gainetik". Erabakiak hartzeko orduan klubek erakutsitako "ausardia eta eskuzabaltasuna" goraipatu ditu Bertomeuk. Txapelketa eten zenean, liga erregularreko 28 jardunaldi zeuden jokatuak, eta Baskonia hamahirugarren zegoen sailkapenean, Fenerbahce zortzigarren sailkatutik garaipen bakarrera. Lau finala maiatzaren 22tik 24ra jokatzekoa zen, Kolonian (Alemanian).

Baina Bertomeu datorren denboraldiari begira jarri da, eta iragarri du Euroliga urriaren 1ean hasiko dela. Euroligaren antzera bertan behera geratu da baita Eurokopa.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.