Zuzenekoa

Ekainaren 8tik egin ahalko dira bisitak Gipuzkoako zahar etxeetan

Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Berra adinekoen egoitza.
Berra adinekoen egoitza. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko maiatzak 26

* Bigarren fasean sartu zen atzo Hego Euskal Herria, eta konfinamendua arintzearen eragina nabaritu zitekeen, eskoletan, ostatuetan, makrodendetan nahiz hondartzetan

* Duela bi aste hasi zuen Italiak normaltasunera itzultzeko bide luzea, baina ez dira eztabaidak eta kritikak falta izan.

* Gilen Garcia Boyra Debako alkatea: «Zama herrien gainean jartzen baldin bada, ito egingo gara».

Zuzeneko kontakizuna

21:22

Alarma egoera ez bada, dekretua

Carmen Calvo Espainiako lehen presidenteordeak jakinarazi du gobernua lege dekretu bat prestatzen ari dela, alarma egoera luzatzeko proposamenak aurrera egingo ez balu ere. Kongresuko batzorde batean eman ditu azalpenak. Exekutiboa saiatuko da alarma egoera beste hamabost egunez luzatzen —ekainaren 7an bukatzen da—, eta babesak lortzeko, erkidego batzuei eskumenak itzultzea eta horien lurraldeetan alarma egoera lehenago bukatzea eskainiko die.

Alarma egoera luzatzeko bozketak gero eta gehiago ari zaizkio konplikatzen Espainiako Gobernuari, eta Kongresuak atzera botako balio —heldu den astean izango dute bozketa—, lege dekretua prestatzen ari da beraz, orain arte indarrean jarri dituzten aginduei «aterki bat» emateko. Oinarrizko legedian aldaketak egiteko aukera ere aztertzen ari direla aitortu du Calvok. Aurreneko aldia da Espainiak B plan bat egon litekeela onartu duena.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

21:21

Dolu ofiziala Hegoaldean

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bat egin dute hamar eguneko dolu ofizialarekin COVID-19 gaitzak hildakoengatik; Espainiako Ministro Kontseiluak dekretatu du. Bihartik hasita, bandera guztiak haga erdian jarriko dituzte eraikin publikoetan. Eguerdian, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakariek eta sailburuek minutu bateko isilaldia egingo dute Lehendakaritzan eta Nafarroako Jauregian, hurrenez hurren.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

20:39

Beste zazpi hildako eta 11 positibo

Azken 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 pertsonak eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira.

Ikusi grafiko guztiak eguneratuta.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

19:37

344.000 heriotzatik gora eragin ditu koronabirusak munduan

OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi duenez, koronabirusak 344.000 heriotza baino gehiago eragin ditu munduan. Kutsatuak 5,37 miloi baino gehiago direla berri eman du OMEk, horietatik %80a Ameriketan eta Europan. Herrialdeka kutsatu gehien Brasilen eta Ameriketako Estatu Batuetan daude eta munduko 12 estatu baino gehiagotan gainditu da 100.000 kutsatuen langa.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

19:06

Hamaseigarren egunez jarraian ez da kutsatu eta hildakorik izan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Azken orduetan ez da aldaketarik izan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Hala, 167 dira orain artean koronabirusak hildako egoiliarrak, 373k jaso dute senda agiria eta 22k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:58

Mugatuta egonen da Bizkaiko hondartzetako egon daitekeen pertsona kopurua. Ekainaren 15ean hasiko da hondartza denboraldia Bizkaian eta orain arte ez bezala mugatuta egongo da hondartzan egon daitekeen jende kopurua. Herritarrei gomendatu diete gehienez ere hiru ordu egoteko hondartzan eta ahalik eta material gutxien eramateko. Dutxa eta iturriak itxita egonen dira uztailera arte behintzat.

17:15

Adinekoen egoitzarako bisitetarako protokoloa ondu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bihartik aitzinera egonen da indarrean protokoloa, eta egoiliarrek bortz egunetik behin senide baten bisita jasotzeko aukera izanen dute. Bisitak osasun neurri zorrotzak betez egin beharko dira, eta egoitza bakoitzak zehaztutako protokoloa betez. Gutxienez bisitaldi bat egin ahal izango da egoiliar bakoitzeko, bost egunean behin, eta, ahal dela, pertsona berak egingo du. Egoera berezietan dauden egoiliarren kasuan,  egoitzak baimena eman dezake bisitak maizago egiteko. 

ainhoa Larretxea Agirre

ainhoa Larretxea Agirre

16:55

Ertzainen %4,3k positibo eman du kronabirusaren proban

Ertzaintzako kide guztiak —7.731 pertsona— aztertu dituzte, eta, gaur, horietako 6.233ren emaitzak plazaratu dituzte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

16:43

Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialen Kontseilariak aurreratu duenez, aste honetatik aitzinera zahar etxeetako egoiliarren senideak egoitzetara gerturatu ahal izango dira haiekin hitzezko eta ikusizko kontaktua izateko. Bisitei dagokienez, aldiz, Maeztuk aurreratu du datorren astetik aitzinera egoera epidemiologikoa mantentzen bada aztertzen hasiko direla senitartekoak egoitzara bertara joatea egoiliarrak bisitatzera. Bisita guztiak adostutako prozedurari jarraituz eta arrisku-mailari egokitutako babes-ekipamenduekin egin beharko dituzte senideek. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:20

Eusko Jaurlaritzak konpentsazioa eskatu du oinarrizko errentarengatik

Datorren ostiralean oinarrizko errenta onartzeko asmoa du Espainiako Gobernuak, koronabirusak milioika langileri eragin dien egoera arintzeko. EAEri neurriarengatik «diruz konpentsatzeko» eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Madrili. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aspaldi dago indarrean oinarrizko errenta, eta horren eskumenak Lakuaren esku daude.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:33

Konfinamenduarengatik geldituriko izapide administratiboetarako epeak ekainaren 1ean berriz zabalduko ditu Bilboko Udalak.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:16

Getxoko udalak (Bizkaia) 70.000 maskara banatuko ditu herriko behartsuenen artean.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

14:37

Adinekoentzako eguneko zentroak irekitzek hasiko dira aste honetan Bizkaian. Irekiera «pixkanakakoa» izango da; aste hasieran lau irekiko dituzte eta aste amaierarako bederatzi irekitze aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak. Segurtasun neurri zorrotzak beteko dituzte eguneko zentroetan eta hamar pertsona baino gutxiagoko taldetan bilduko dira. Gainera, gehienez ere orain artean zeuden erabiltzaileen %75a bakarrik joan ahalko da eguneko zentrora.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

14:22

Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi du bere asmoa dela ekainaren 8tik aurrera ahalbidetzea adinekoen zentroetarako bisitak. Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte.

Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

14:19

Hernaniko sanjuanak, bertan behera

Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) erabaki du bertan behera uztea sanjuanak, argudiatuta COVID-19aren izurriak ezinezko egiten duela festak beharrezko osasun bermeekin egin ahal izatea.

14:11

Maiatzaren 11an igaro zen Hegoalde guztia lehenengo fasera. Fasez igarotzeko egoera epidemiologikoa biltzen duen txostena bidali zioten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Osasun Ministerioari eta honek atzo arratsaldean zabaldu zituen lurraldeek egindako txostenak eta fasez igarotzeko emandako arrazoiak. Espainiako Osasun Ministerioak egindako txostenetan zehazten denez, Nafarroaren kasuan lehenengo fasera igarotzeko adierazleak «hagitz positiboak» ziren. EAEko txostenaren kasuan, Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia» izan zen lehenengo fasera igarotzeko arrazoi nagusia.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

14:10

Krisia piztu du Erresuma Batuan Johnsonen aholkulari baten jarrerak eta exekutiboaren erantzunak. Lehen ministroaren aholkulari Dominic Cummingsek berrogeialdia urratu zuen. Exekutiboak krisia kudeatu duen moduarekin ados ez eta dimisioa eman du Eskoziarako Estatu idazkariak.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:30

Euskal Y-an eta Iruñetik Castejonera arteko tartean, ia 5.000 milioi euro gastatu dira orain arte eta aurrekontu osoa erabiliko balitz 15.000 milioi eurora iritsiko litzateke ordaina. COVID-19ak eragindako krisiak diru sarrera %20 inguru murriztuko direla kalkulatzen da, eta horren aurrean, Orain Ardura agiria aurkeztu dute lau hiriburuetan. Funtsean, aldarrikatzen du AHT eta obra handietako gastua bideratzea zerbitzu publikoak indartzera eta pandemiak kolpatuta sektore sozial eta ekonomikoak laguntzera.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

12:31
12:24
12:21
12:18
12:18
11:38

174 pertsona hil ditu izurriak Errusian azken 24 orduetan

Gaitza zabaltzen hasi zenetik, 24 orduko epean inoizko heriotza kasu kopururik handiena zenbatu dute Errusian: 174 (aurreko egunean 92 hil ziren). Dagoeneko munduko hirugarren herrialdea da, kutsatu kopuruan, AEBen eta Brasilen ondoren: azken egunean 8.915 kasu gehiago atzeman dituzte. Errusia oso zabala da, baina gaitza hango 85 eskualdetatik 83an zabaldu da dagoeneko. Datu ofizialen arabera, 362.342 kasu atzeman dituzte denera, eta 3.807 pertsona hil dira.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:34

Gasteizko Artium museoa ekainaren 2tik aurrera zabalduko dute; orain arteko liburuxkak eta euskarri fisikoan dauden bestelako informazio iturriak QR kodeekin ordezkatuko dituzte, koronabirusa hedatzea saihesteko. Halaber, derrigorezkoa izango da maskara janztea, eta erakusketak zabalik egongo dra asteartetik ostiralera 13:00etatik 19:00etara eta larunbat eta igandeetan 12:00etatik 19:00etara.

Gasteizko katedrala ere egun berean zabalduko dute; bisitariek norabide bakarrean egin ahalko dute ibilbidea, eta nahitaezkoa izango da maskara eta eskularruak eramatea.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:44

Donostiako Udaltzaingoak zazpi pertsona identifikatu ditu kalean astelehenean, alarma egoeran ezarritako neurriak betearazteko jardueren artean; haatik, ez du isun proposamenik egin.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:40

157 eri Bizkaiko adinekoen zentroetan

Adinekoen egoitzetan COVID-19ak jota daudenak 157 dira Bizkaian, diputazioak jakinarazi duenez; 48 ordu lehenago baino hogei eri gutxiago. Horietatik hemezortzi erietxean daude; aurreko zenbaketan baino hiru gutxiago.

1.451 herritarrek gainditu dute gaitza. 155 egoitza daude Bizkaian, eta 30etan dute COVID-19 kasuren bat baieztatuta. Zahar etxeetako langileei dagokienez, 90k birusa dutela baieztatu dute; aurreko zenbaketan baino 11 gutxiagok. Beste 120 langile bakartuta dituzte, baina birusa duten baieztatu gabe.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:34

Iruñeko Udaltzaingoak zazpi isun proposamen egin ditu azken 24 orduetan, alarma egoeran ezarritako baldintzak ez betetzea egotzita; bi isun, garraio publikoen barruko kontroletan jarri dituzte.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:29

Mike Ryan OMEko Larrialdietarako arduradunak egin du oharra: «bigarren olatua» etor daiteke COVID-19aren aurkako neurriak arinegi kenduz gero.

Atzo, Maria Neira Osasun Publikoko zuzendariak esan zuen OMEk gero eta urrunago ikusten duela izurria berritzeko arriskua, baina «fase oso kritikoa» datorrela.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:06

Pentsio gastua jaitsi da maiatzean, koronabirusak eraginda, Hegoaldean

Espainiako Gobernuak adierazi duenez, pentsioen gastua %0,27 jaitsi da maiatzean, eta 9.852,78 milioi euroan geratu da. Aurreko hilabetean baino 38.508 pentsio gutxiago zenbatu ditu Madrilek. Bi fenomenok azaltzen dute jaitsiera: alde batetik, koronabirusak batez ere adinekoak hil ditu, eta, gainera, bulegoak itxita egon direnez, pentsio adinean sartu diren askok atzeratu egin dituzte kobratzen hasteko izapideak.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:26

COVID-19 eta alzheimerraren arteko lotura bat topatu dute

Alzheimerren gaitzarekin lotuta dagoen gene bat bikoiztuta edukitzeak COVID-19 larria garatzeko aukera halako bi handitzen duela ondorioztatu dute ikertzaileek. Exeterko (Erresuma Batua) eta Connecticuteko (AEB) unibertsitateetako adituek egin dute ikerketa zabala. Ikusi dutenez, APOE genearen bi kopia akastunek eragiten die arrisku handiagoa Europako jatorriko pertsonei. Europan 36 pertsonatik batek du akats hori. Horrek 14 aldiz handitzen du Alzheimerra pairatzeko arriskua, eta, orain ikusi dutenez, bi aldiz handiagotzen du COVID-19 larria jasateko perila. Ikertzaileen arabera, baliteke horrek azaltzea birusak zergatik hiltzen dituen adineko gehiago.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

08:43

Txinako Osasun Ministerioak zazpi kasu berri atzeman ditu, denak atzerritik iritsiak. Beraz, 82.992 dira herrialde hartan baieztatutako positiboak —1.731 atzerritik inportatutakoak—. Horietako 78.277k senda agiria jaso dute, eta 81 tratamendua jarraitzen ari dira uneotan. Hildakoak 4.634 dira Txinan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

08:01

Eguraldiak eta legediak lagunduta, gutxi batzuk ausartu dira urteko lehen bainua hartzera. Izan ere, giro atsegina egin zuen atzo Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzan: 20 gradu inguru, haize leuna, eta marea behean.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

07:43

5.497.532. Hori da COVID-19ak munduan zehar kutsatu duen pertsona kopurua, Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera. AEBetan baieztatu dira horietatik 1,6 milioi baino gehiago. Kutsatu gehien dituzten hurrengo bi herrialdeak Brasil eta Errusia dira, 374.898 eta 353.427, hurrenez hurren. Hildakoak, aldiz, 379.157 dira denera. AEBetan heriotzak 100.000 lagunera heltzear daude; pandemia hasi zenetik 98.223 herritar hil dira han koronabirusaren eraginez.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

07:33

Italia da koronabirusaren pandemiak gogorren jo dituen herrialdeetako bat. Ia 33.000 hildako baieztatu dituzte gaur arte, eta kutsatuak 228.000 inguru dira. Herrialdean agerikoak diren eztabaida eta kritikez idatzi du Orsola Casagrande kazetariak.

07:30

Bigarren fasean sartu zen atzo Hego Euskal Herria, eta konfinamendua arintzearen eragina nabaritu zitekeen, eskoletan, ostatuetan, makrodendetan nahiz hondartzetan. Kalera ateratzeko aukera gehiago izan arren, neurri zorrotzak bete behar dira.

Irati Urdalleta Lete

Irati Urdalleta Lete


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna