ELAk agindu du «erantzun irmoa» emango duela zerbitzu publikoetan murrizketarik bada

Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri esan dio «argi eta garbi azal dezala, eta hauteskundeen aurretik», zer asmo dituen EAEko zerbitzu publikoetan lan egiten dutenei dagokienez.

Donostia Ospitaleko erizainak eta medikuak txaloak ematen, aurreko asteetan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
xabier martin
2020ko maiatzaren 26a
13:06
Entzun

ELA sindikatuaren ustez, Urkulluk «oso azkar ahaztu du zerbitzu publikoetan lan egiten duten eta bizitza arriskuan jarri duten milaka pertsonen konpromisoa». Asteburu honetan hark egindako adierazpen bat ekarri du gogora ELAk: «Aldi baterako erregulazioan dagoen 190.000 pertsonatik gorako kolektiboaren aurrean beste kolektibo bat dago, lan egonkortasuna eta lanpostuaren bermea dituena. Eta ez daukat zalantzarik funtzionarioek kontuan hartuko dutela sektore pribatuan egiten ari diren ahalegina». Joseba Egibar alderdikideak BERRIAn esandakoa ere ez du ahaztu sindikatuak: "Langile publikoek krisitik ateratzeko beren ekarpena egin beharko dute".

Bada, ELAren arabera, Urkulluren eta Egibarren helburua «ez da kolektiboen arteko elkartasuna, baizik eta zerbitzu publikoetako langileak jomugan jartzea, eta, bide batez, haien lan baldintzetan eta eskaintzen dituzten zerbitzuetan murrizketa gehiago ezartzea». Deigarria da, sindikatuarentzat, EAEko lehendakariak errenta altuei edo enpresa etekinei zergak gehitzeko aukerari buruz ezer ez esatea, aurreikusi den aurrekontu defizitari aurre egiteko.

«Lehendakariak gezurra dio bere lanpostuan lan egonkortasuna eta bermea dituen kolektibo bati buruz hitz egiten duenean. Aurrekontu publikoak murrizteko apustuak langile publikoen %35ek baino gehiagok aldi baterako kontratua izatea ekarri du. Osakidetzako 15.000 langile baino gehiago aldi baterakoak dira, 13.000 hezkuntzan, milaka Administrazio Orokorrean… 40.000 pertsona inguru dira aldi baterako kontratua duten langileak, Urkullu lehendakariak zuzentzen duen eremu publikoan», azaldu du ELAk ohar batean. COVID-19aren aurretik, esparru publikoan behin-behinekotasunaren portzentajea hamabi puntu handiagoa zen sektore pribatuan baino, sindikatuaren datuen arabera, eta langile publikoen erosteko ahalmenaren galera %13koa izan da azken hamarkadan.

Urkulluri «gardentasun ariketa bat» eskatu dio ELAk, «argi eta garbi azaltzeko», uztailaren 12ko hauteskundeen aurretik, zer erabaki hartuko dituen enpleguari eta langile publikoen lan baldintzei buruz; «langile horiek botoa eman baino lehen jakin behar dute beren lanpostuarekin eta lan baldintzekin zer gertatuko den». Eskaera hori hauteskundeetara aurkezten diren gainerako alderdi politikoei ere egin die sindikatuak.

«Erantzun irmoena»

ELAren ustez, ez da garaia zerbitzu publikoetako gastua nola murriztu eztabaidatzeko, «horiek nola indartu hitz egitekoa baizik». Krisi honek zaintzaren sektoreak pribatizatzeko apustuaren «porrota» ekarri duela gogorarazi du. «Zerbitzu publikoak indartzeko garaia da, langile gehiagorekin eta lan baldintza hobeekin».

Horregatik, ELAk «ahalegin guztiak» egingo ditu «langileak antolatzeko, mobilizazio sendo eta jarraituen bitartez, oraingoan ere langile publikoak ez daitezen izan krisi honen paganoak». Sindikatuak ohartarazi du «aliantzak» sortzen saiatuko dela beste erakunde sindikal eta sozial batzuekin, «ahalik eta erantzun irmoena emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.