Saskibaloia

Madde Urietak beste urtebete segituko du Araskin

Gasteizko taldeak bosgarren denboraldia egingo du Ohorezko Mailan, eta aurreko lauretan Amurrioko teknikaria aritu da aulkian.

ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 26a
15:39
Entzun

Aurreko astean IDK Euskotrenek Azu Muguruzurarekin egin bezala, RPK Araskik beste urtebete luzatu dio kontratua Madde Urietako entrenatzaileari. Urieta proiektuaren zutarrietako bat da aspalditik, are gehiago Gasteizko taldea Espainiako Ohorezko Mailara igo zenetik. Lau denboraldi igaro dira geroztik, eta guztietan hura izan da aulkian. Hurrengoa bosgarrena izango da.

Araskik sare sozialen bidez eman du berria, eta Iratxe Rodrigurez presidenteak azaldu du "oso pozik eta harro" daudela Urietak taldean segituko duelako. "Taldearen arima da. Inork baino hobeto ordezkatzen ditu Araskiren filosofia eta balioak, eta horiek zabaltzen jarraitzen eta sendotzen segituko dugu hari esker".

Liga eten zenean, Araski bosgarren zegoen sailkapenean. Hamabi partida irabaziak zituen, eta hamar galduak. Valentzia laugarrenetik bi garaipenera zegoen. Espainiako Kopan ere bikain aritu zen: final-laurdenetan, Lointek Gernika utzi zuen kanpoan; finalerdieta, gai izan zen Perfumerias Avenidaren aurka nor baino nor gehiago lehiatzeko. Nahiz eta azkenean galdu egin zuen.

Urietaren arabera, taldea "inoiz baino neurrikoagoa" izan da azken sasoian. Hala adierazi zion duela aste batzuk BERRIAri, elkarrizketa batean: "Ni adore eta pasio handiko entrenatzailea naiz, eta taldeak zerbait erakutsi badu kantxan, hori erakutsi du. Galdu edo irabazi, gure onena eman dugu beti. Perfumeriasen aurkako Kopako finalerdia amaitu zenean, esan nien oso harro nengoela beraien entrenatzailea izateaz"

Hurrengo denboraldia prestatzeko lanean ari da bete-betean. Honelako talde bat nahi du: "Nik argi dut zer jokalarik jarraitzea nahi dudan. Baina, egiten ari ginen denboraldiarekin, haietako batzuen balioa handitu egin da merkatuan, eta ziur beste talde batzuek interesa izango dutela haiek fitxatzeko. Guk ahal dugun guztia egingo dugu taldean jarrai dezaten, baina haien esku egongo da urratsa egitea. Guri beti gustatu zaigu taldearen bizkarrezurrari eustea sasoi batetik bestera. Aurreko denboraldian, bost jokalariri eutsi genien. Ea oraingoan ere posible den ahalik eta gehienek jarraitzea, eta ea lortzen dugun sasoi honetan falta izan zaizkigun zertzelada horiek emango dizkiguten pare bat jokalari horiek ekartzea".

Hobetzeko gauzen artean, hauek aipatu zituen: "Buruz buruko joko horretan ahalmena izango duen jokalari bat ekarri nahiko nuke".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.