Zinema

Donostiako Zinemaldiak 'Dantza' eramango du We Are One sareko jaialdira

Mugaritz BSO eta Los pasos dobles filmak ere aukeratu dituzte programaziorako. Denera, ehun film baino gehiago emango dituzte Youtuben, 35 herrialdetako 21 zinema jaialdik antolatuta.

'Dantza' filmeko irudi bat. BERRIA
Andoni Imaz.
2020ko maiatzaren 26a
18:46
Entzun

Tribeca Enterprisesek eta Youtubek We Are One: A Global Film Festival zinemaldiaren programazioa jakinarazi dute gaur. Bi enpresek sustatuta, munduko jaialdirik esanguratsuenek bat egin dute egitasmoarekin, eta, maiatzaren 29tik ekainaren 7ra artean, ehun film baino gehiago emango dituzte zinemaldiaren Youtube kontuan. 35 herrialdetako 21 zinema jaialdik osatu dute egitaraua. Donostiako Zinemaldiak hiru pelikula aukeratu ditu: Dantza (Telmo Esnal, 2018), Mugaritz BSO (Juantxo Sardon, Felipe Ugarte, 2011) eta Los pasos dobles (Isaki Lacuesta, 2011).

Zinemaldiak Cannesko, Berlingo, Veneziako eta Donostiako jaialdien programazioa izango du, besteak beste. «Zinema ez da lan kolektibo bat soilik: esperientzia partekatua ere bada. Urruntze sozialeko garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoak dira lankidetzarako espiritua eta komunitate sena», adierazi dute Carlo Chatrian-ek eta Mariette Rissenbee-ek, Berlinale jaialdiaren arduradunek. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendariak nabarmendu du elkarlana «aparteko esperientzia» dela.

Askotariko programazioa prestatu dute: film luzeak, laburrak, fikziozko lanak, dokumentalak eta solasaldiak, artxibokoak zein esklusiboak. Guztien artean, hauexek nabarmendu dituzte: Ricky Powell: The Individualist dokumentalaren aurkezpena, kaleko argazkilari hari buruzkoa; Indiako Eeb Allay Ooo! komediaren Interneteko estreinaldia, tximino-uxatzaileei buruzko satira bat; eta Iron Hammer, Jenny Lang Ping Txinako boleibolaren izar olinpikoari buruzko dokumentala. Motorcycle Drive By dokumental laburra ere estreinatuko dute.

Gainera, zinemaren munduko izen handien solasaldiak jaso dituzte:  Francis Ford Coppola eta Steven Soderbergh, Song Kang-ho eta Bong Joon-ho, eta John Waters eta Albert Serra, besteak beste.

Donostiako Zinemaldiak jaialdian izandako hiru film aukeratu ditu We Are Onen emateko: Lacuestaren Los pasos dobles lanak Urrezko Maskorra irabazi zuen 2011. urtean; Esnalen DantzaSail Ofizialean eman zuten, emanaldi berezi batean, 2018an; eta Sardon eta Ugarteren Mugaritz BSO, Culinary Zinema sailean, 2011n. Rebordinosen esanetan, film «garrantzitsuak» izan dira jaialdiaren azken urteetako ibilbidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.